Independentziari buruzko galdeketa aurkeztu, eta kanpaina hasi dute Etxarrin

Apirilaren 13an eginen dute herri kontsulta, eta galdera urtarrilaren 4an erabakiko dute, herri batzarrean

Iker Tubia.
Etxarri Aranatz
2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Dena prest du Etxarri 2012 herri ekinbideak apirilaren 13an Euskal Herriaren independentziari buruzko galdeketa egiteko. Atzo bertan abiatu zuten informazio eta gizarteratze kanpaina. Dena den, galdera zein izanen den erabaki beharko dute urtarrilaren 4an, herri batzordean, eta, ondoren, hiru hilabete izanen dituzte herritarrak galdeketan parte hartzera animatzeko. Orain arte egindako lana gogora ekarri, eta galdeketak «herritarren harremana sendotzeko helburua» duela esan du Manu Gomez herri ekinbideko kideak.

Etxarri Aranazko liburutegian egin zuten prentsa aurreko agerraldia, eta, bertan, Adur Goikoetxea Etxarri 2012 ekinbideko kideak galdeketaren nondik norakoak azaldu zizkien herritarrei. Azaldu zuen erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko egin dutela deialdia: «Herri galdeketarekin, benetako demokrazia batek bere egiten dituen balioetan sakondu nahi dugu, hala nola herritarren elkarbizitza, parte hartzea eta herritarren iritzia aintzat hartzea».

Bozeramaileak esandakoaren arabera, eskubide demokratikoak bermatzea eta parte hartzea bultzatzea dute helburu, «norberak bere iritzia eman dezan askatasun osoz». Horregatik, atzoko aurkezpenean bildu zirenek ez dute inolako jarrerarik azalduko galderari dagokionez. Era berean, herritarren inplikazioaren beharra nabarmendu dute, Etxarri Aranazen etorkizuna haien eskuetan dagoela iritzita.

Herri ekinbideko kideek uste dute galdeketarekin bizilagunen arteko harremanak hobetu eginen direla. Herritarren artean iritzi ezberdinak dira nagusi, galdeketaren bultzatzaileen idurikoz; beraz, etorkizuna aburu guztien errespetuan oinarritu nahi dutela azaldu zuten. Gainera, sinetsita daude etxarriarrek «heldutasun demokratiko nahikorik» badutela. «Modu natural eta normalizatu batean herritarron iritzia jakin nahi dugu», esan zuen Goikoetxeak.

Oztopoak bidean

Herrian egindako sinadura bilketaren ondorioz, irailean Etxarri Aranazko Udalak independentziari buruzko galdeketa egitea erabaki zuen gehiengo zabalez. Nafarroako Gobernuak, baina, auzitara jo zuen, eta Iruñeko administrazio auzitegiak baliogabetu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.