Alde bakarreko erabaki bat barik, gehiengo bat nahi du Masek burujabetzaren alde

Herri galdeketa 2014an egin edo ez, Kataluniako presidenteak esan du legegintzaldia 2016an bukatu nahi duela

Xabin Makazaga.
2013ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Kataluniaren independentzia prozesua ez da gobernuaren edo parlamentuaren alde bakarreko adierazpen batekin erabakiko. Artur Mas presidenteak 2013-2016 aldirako gobernu planaren aurkezpena baliatu du nabarmentzeko lehentasuna burujabetzari buruzko gehiengo zabal bat eratzea dela. «Kataluniari belaunaldi askotan eragingo dion erabaki oro Kataluniako herriari galdetuta hartu behar da. Jende askok fedea baldin badu eramaten dira aurrera halako prozesuak. Ez du balio %50 soil batek %49 bati irabaztea. Gehiengo zabal bat behar da».

Herri galdeketa batek utziko lukeen agertokia azaltzen saiatu da CiUko buruzagia, eta, ERCrekin 2014an egitea hitzartua duten arren, data hori ere zalantzan jarri du Masek. Izan ere, legegintzaldiak 2016 arte irautea aurreikusten duela adierazi du, «galdeketa 2014an egin edo ez». Herri galdeketa batek, «erreferenduma izango balitz ere», ez luke ondorio juridikorik izango, Masen arabera: «Termometro bat» izango litzateke, eta, Kataluniako herritarrek etorkizun politikoari buruzko iritzia agertu ondoren, «aterabidea demokraten artean negoziatu beharko litzateke».

Masek nabarmendu du herri galdeketa batera deitzeko «legezko markoak» egon badaudela. Arazoa «borondate politikoa» da, eta, Espainiako Gobernuak ukazioari eutsiz gero, Generalitateko presidenteak ez du baztertu hauteskunde plebiszitario batzuk egiteko aukera: «Ez da nahasi behar helburu batzuk ezartzea eta hauteskunde batzuk legezkoak ote diren. Hauteskunde batzuk beti dira legezkoak demokrazia batean».

Herri galdeketa eta independentzia prozesua azkartzea nahi duten sektore suberanistei galga jartzeaz gain, ERCri eta PSCri gobernuan sartzeko gonbita berritu die Masek: «Orain egokia litzateke gobernuak espektro zabal bat ordezkatzea». Baina Masek nabarmendu du alderdi politikoen arteko harremanez gain Generalitateak ekonomia eta gizarte eragileekin akordioak lortzen saiatuko dela.

Independentziari buruzko galdeketa egiteko «kontsentsu zabala» sustatu eta Madrilekin elkarrizketa bilatu arren, Kataluniak «estatu egiturak sortzen» jarraituko du. Ogasuna, gizarte segurantza eta justizia kudeatzeko administrazio «propioak» eta banku publiko bat aipatu zituen Masek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.