Etxeko egongelako giroan

Harkaitz Cano bere bizitzako kantuez ariko da Txokolatea eta Bizkotxoak forumeko lehen saioan, gaur

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Etxeko egongelan baleude bezala kokatu nahi dituzte sortzaileak Txokolatea eta Bizkotxoak ekitaldiaren antolatzaileek, hots, Goizalde Landabasok, Ane Zabalak eta Fernando Perezek. Giro horretan aurkeztu gura dituzte, eta egoera baliatu, jende gehienarentzat agian horren ezaguna ez den egilearen alderdiren batean sakontzeko. «Hurbiletik erakutsi gura ditugu. Izen-abizenen atzean pertsona bat dago, eta sortzailearen alde hori agertu nahi dugu». Euskal Herria txikia denez gero, mitoak sortzea «zaila» dela uste du Landabasok, «baina beste neurri batean bada ere, sortu egiten ditugu, eta gure asmoa ere bada hori apurtzea, eta sortzaileak pertsona bezala deskubritzea, giro atsegin batean, txokolatea eta bixkotxoak janez», azaldu du Landabasok.

Asteartez egingo dituzte saioak, Bilboko Zazpikaleetako Modesto tabernan, 19:30ean. Aurrena, Harkaitz Cano idazlea (Lasarte, Gipuzkoa, 1975) izango da, hilaren 15ean. Bere bizitza markatu duten abestiez mintzatuko da, Memoriaren musika goiburupean. «Oso musikazalea da, eta eskatu diogu haren bizitzan esanguratsuak izan diren abestiez hitz egiteko, zer-nolako eragina izan duten harengan eta haren obran...».

Otsailaren 3an, berriz, Hedoi Etxartek (Iruñea, 1986) oraintsu plazaraturiko Sinplistak (Susa) poemarioa izango dute ardatz. Musikaria ere bada Etxarte: biolinista. Eta Sinplistak eta kantu bi izenburua izango du haren hizketaldiak.

Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendaria (Ondarroa, Bizkaia, 1981) izango da bizkotxoak txokolatean bustitzen hurrena. Martxoaren 5ean pasatuko da Modestotik, eta Kulturaren aldamioak izenburu izango duen solasaldia eskainiko du. Landabasok ohartarazi du Goenagak ez duela bere lanaz hitz egingo. Sortzaile gisa eginiko lanei erreparatuko die. Hiru dimentsioko euskarazko aurreneko film luzea, Morritson eta Gartzia ondu du Goenagak, Jon Urrazarekin batera. Eta, besteak beste, lan hura egitera bultzatu duten motibazioez berba egingo du. Hurrengo sortzaileak emakumeak izango direla ziurtatu du Landabasok. Hilero saio bat egiteko asmoa dute.

Jakina da Gernikako Kafea eta Galletak ekitaldian oin hartu dutela Txokolatea eta Bizkotxoak sortzeko. Baina, agerikoa denez, ez diote eredu berberari segituko, ez baitira soilik musikaz ariko: beste diziplina batzuei ere tokia egingo diete, eskaintza areago zabaltze eta sortzaileen ertz guztiak hobeki arakatze aldera. Hartara, musikaz gain, literaturaz, antzerkiaz, dantzaz, zinemaz eta arteaz ere jardungo dute Modesto tabernatik igaroko diren sortzaileek eta, ondorioz, hartzaileek.

Txokolatea eta Bizkotxoak ekinaldiaren sustatzaileek uste dute Bilboko kultur programazioa «lar ofiziala eta ofiziatua» dela. «Hortik kanpo, ez dago ezer, ez dago ekitaldi diferenterik». Landabasoren esanetan, «Bilbok askorako ematen du; sortzaile asko daude, eta haiekin zerbait egiteko gogo handia ere bai. Gainera, horretarako ez da azpiegitura eta aurrekontu handirik behar». Areago, Txokolatea eta Bizkotxoak asmo handi horietatik aparteko ekitaldia izatea nahi dute. «Neurri txikikoa». Landabasok argi du: «Kultura edozein tokitan sortu eta goza daiteke». Bidenabar, erakutsi nahi dute kultura benetan dela eskuragarria, nahiz eta askotan horrela aurkezten ez duten. «Egokia ikusten genuen kulturarentzat espazioak sortzea jendea ibiltzen den tokietan. Taberna batean sartzeko eragozpenik inork ez duelako. Hortik pasatzen zara, eta sartu egiten zara. Ez duzu pasatu behar kontrolik».

Aurrekonturik batere ez dute, ordea. «Txarteldegiaren arabera kobratuko dute sortzaileek». Hau da, sarrera borondatezkoa izango da. Bi euro izango da ordaindu beharreko gutxienekoa. «Eta, hortik aurrera, bakoitzak ikusiko du zer eman nahi duen, edo zer eman ahal duen». Bildutako dirua sortzailearentzat izango da. «Eta nahikorik ez balego, gure poltsikotik jarriko genuke», azaldu du Landabasok.

Bloga ere badute, eta, deialdiak zabaltzeaz batera, bideoak igoko dituzte. Sortzaile bakoitzarekin bideo bi egingo dituzte. -1 eta +1 izena izango dute bideo horiek. Saioa hasi aurretik eta ondoren grabatuko dituzte, hurrenez hurren. Zer espero duten galdetuko diete lehenean, eta ondorioak, ondorengoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.