Ez da giro errugbian

Frantziako eta Ingalaterrako taldeak ez daude ados zelten ligakoekin Heineken Koparen osaketarekin. Urruti dirudi akordioak, eta frantziarrak eta ingelesak beste lehiaketa bat antolatu nahi dute datorren urterako.

Touloneko jokalari eta entrenatzaileak, aurreko sasoiko Heineken Kopa irabazi berritan. BERRIA.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Asteburu honetan hasiko da Heineken Kopa, Europako kluben arteko lehiaketa nagusia. Urtero bezala, lehia estua espero da. Lehiaketaren formatua erakargarria da, eta hainbat jokalarirentzat lehiaketa gorena da. Jonny Wilkinson, Ali Williams, Mat Giteau, Hosea Gear, Brian O'Driscoll... Europan ari diren errugbiko hainbat izarrek diote haien txapelketa kutunena dela.

Arrakastaren erdian, baina, jokoan dauka irauteak. Txapelketaren antolatzaileak, ERC enpresak, 2013-2014 sasoira arte izenpetuta dauka lehiaketa antolatzeko hitzarmena. Akordio berria izenpetu ezinik dabil, alta.

Frantziako eta Ingalaterrako taldeek lehiaketako talde kopurua 24tik hogeira murriztu nahi dute, lehiakortasuna «handiagoa» izan dadin. Gaur egun, Heineken Kopan aritzeko aukerak herrialdeka banatzen dira. Frantziako sei taldek dute aukera, eta Ingalaterrako ligetako beste seik. Italiako bi taldek eta Eskoziako beste bik. Azken sei lekuak irlandarren eta galestarrentzat dira, eta Heineken Kopako eta Europako Challengeko txapeldunek ere parte hartzeko aukera dute.

Banaketa sistema aldatu nahi dute ingelesek eta frantziarrek: jokatzeko aukera herrialdeka banatu ordez, liga profesionalen arabera banatzea nahi dute. Hiru errugbi liga profesional daude Europan: Ingalaterrakoa, Frantziakoa eta zeltak eta italiarrak batzen dituena. Formula berri horrek zeltak eta Italiako taldeak entitate bakar gisa hartuko lituzke. Sei talde zeltak izanen lukete jokatzeko aukera, oraingo hamarren ordez. Hala, talde apalenek, eskoziarrek eta italiarrek, ez lukete segurtatua izanen parte hartzea. «Frantziako eta Ingalaterrako klubak astero borrokatzen dira Heineken Kopan sartzeko. Zeltak, ordea, ziurtatua dute lekua. Hori aldatu beharra dago», dio Paul Gozek, Frantziako kluben ordezkariak.

Noski, ingeles eta frantziarren asmoek ez dute zelten adostasuna lortu, eta ondorioz, Heineken Kopa berritzeko akordioa egiteke dago. Egoera horretan, Heineken Kopako antolatzaileak, ERC enpresak, bitartekari bat izendatu du: Graeme Mew kanadarra, ados jarri nahian.

Lan zaila dauka, ordea, Mewek. Haren izendatzearen biharamunean, ingelesek eta frantziarrek haien lehiaketa propioa sortuko zutela iragarri baitzuten: Errugbiko Txapeldunen Kopa. Txapelketa hogei taldek osatuko lukete, klubek zuzenean kudeatu. «Ez dugu gehiago ERCren negoziazioetan segitu nahi. Gure bidetik segituko dugu», esan du Gozek.

Lehiaketa berri horren atzetik diru interesak daude. Klubek, lehiaketa kudeatuz, bertako diru irabaziak zuzenean kudeatu nahi dituzte, ERCren kalterako. «Onartezina da lehiaketa baten antolatzaileak klubak izatea. Errugbiaren UEFA bat behar dugu, antolatzaile independente bat», adierazi du Jean-Pierre Lux ERCko presidenteak.

Baina lehiaketa berriaren gibeletik telebisten gerra ere badago. Ingalaterrako klubek BT telebista sarearekin akordio bat egin dute lehiaketa berria telebistaz ikus dadin. ERCk, berriz, Skyrekin lotu du akordio bera Heineken Koparentzat. Ingalaterrako klubek BTri haiek kudeatutako lehiaketa bat saldu behar diote. Frantziarrak ere logika berean daude, Bein Sport katearekin harremanetan baitaude.

Zeltek jada iragarri dute ez dutela parte hartuko lehiaketa berrian eta Heineken Kopan ariko direla. Horiek hala, adostasun ezean, bi Europako kopa egonen dira hurrengo sasoian. Ez da giro Europako errugbian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.