Gorroñoren inputazioa «lotsagarria» dela dio EAk

Gernikako alkatearen aurkako salaketa «bakea oztopatzeko estrategian» kokatu du Gorroñoren alderdiak

Jose Maria Gorroño. L. JAUREGIALTZO / ARG.
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Gernikako alkate Jose Maria Gorroño inputatuta Espainiako Gobernua «berriro ere lotsagarri» geratuko dela jakinarazi zuen atzo EAren politika instituzionaleko idazkari Unai Ziarretak, Bilbon emandako prentsaurrekoan. «Lotsagarrikeria latza egingo du Espainiak Europa osoan, giza eskubideen erakundeek salaketaren berri izaten dutenean», ohartarazi zuen Ziarretak, Gorroñori babesa erakusteko antolatutako prentsaurrekoan.

«Absurdotzat» jo zituen Ziarretak Gernikako alkatearen aurkako salaketak. Izan ere, haren aburuz, «ezaguna da Gorroñok giza eskubideen arloan egin duen lana», eta «nazioarte osoan badaukate horren berri giza eskubideen alde egiten duten talde askok».

Aurreko astean jakin zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak Gorroño inputatzea erabaki duela. «Terrorismoa goraipatzea eta zuritzea» egotzi dio epaileak alkateari, 2013ko Bakearen Gernika Saria Arnaldo Otegiri emateagatik—Jesus Egigureni eta biei eman zieten—. Dignidad y Justiciak jarri zuen salaketa, eta epaileak hori aintzat hartuta erabaki zuen Gorroño inputatzea. Datorren irailaren 13an deklaratuko du Gorroñok Auzitegi Nazionalean.

«Euskal Herriko bakea, normalizazioa eta elkarbizitza oztopatzeko estrategia» baten barruan kokatu du Gorroñoren inputazioa EAk. Salaketa horretan Dignidad y Justiciak izan duen egitekoa ez du ahaztu, baina, eta elkarteak Gernikako alkatearekin «obsesioa» duela salatu du. Izan ere, bigarren aldia da Dignidad y Justiciak Gorroño Auzitegi Nazionalaren aurrean salatzen duela.

Euskal Herrian bakearen alde egindako lanagatik jaso zuten Bakearen Gernika Saria Otegik eta Egigurenek. Lan hori «euskal gizartearen gehiengo zabalak babesten duen lana» dela gogorarazi zuen atzo Ziarretak. Horrela, Auzitegi Nazionalaren erabakiaren ondoren, Espainiak «euskal gizartearen gehiengoaren nahia kriminalizatu» egiten duela azpimarratu zuen. «Gertatutakoaren kontakizuna», ordea, «Euskal Herrian» «inposaketarik gabe» egingo dela zehaztu zuen azkenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.