Protestak herrialde arabiarretan. Libia. Aiman Agami Abdelgauad. Tripoliko Abu Selim espetxeko preso ohia

«Egiptoarrak izate hutsagatik atxilotu eta torturatu gaituzte»

Bost hilabete egin ditu Abdelgauad egiptoarrak Gaddafiren erregimeneko kartzelatan, eta tortura eta tratu txarrak bizi eta ikusi ditu; abuztuaren 22an askatu zuten, Tripolin.

Aiman Agami Abdelgauad, irudiaren erdian elastiko marradunarekin, Abu Salim kartzelatik ateratako preso ohiekin, atzo, Zintan hirian. KARLOS ZURUTUZA.
Zintan
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aiman Agami Abdelgauad egiptoarra Gaddafiren soldaduen esku egon da iragan martxotik abuztuaren 22ra arte. Libiako gerrako su gurutzatuak harrapatu dituen egiptoarretako bat da Abdelgauad. Bost hilabeteko presoaldian, Bregako, Sirteko eta Tripoliko espetxeak ezagutu ditu, eta bere azalean bizi izan ditu tortura eta tratu txarrak. Abdelgauaden testigantza gogorra jaso du BERRIAk:

«Martxoaren 16an atxilotu ninduten, Brega ingurutik —Libia ekialdea— gidatzen ari nintzela. Telefono seinale sendo baten bila nindoan Egiptoko nire familiari deitu ahal izateko. Etxerako bidean, Gaddafiren auto bati erreparatu nion atzerako ispilutik. Gelditzeko agindu zidaten. Nire paperak hartu eta egiptoarra nintzela jabetu zirenean, lurrean etzateko esan zidaten. Gero, ostikoka hasi ziren. Eskuineko belarriko entzumena galdu dut harrezkero».

»Nire kotxean neukan dirua eta bestelako gauzak lapurtu ondoren, Bregako inteligentzia eraikinera eraman ninduten. Armak non ote zeuden galdetzen zidaten, nortzuk ote ziren laguntzaileak… Ingeniari zibila naizela esan nien, eta ez nekiela deus ez armei ezta gerlariei buruz ere.

»Hiru egun eman nituen Bregan, torturapean. Ondoren, Sirtera eraman gintuzten preso geunden 120 lagun. Gogoan dut kamioi txiki baten barruan joan ginela, argirik gabe. Zulotxo batetik sartzen zen airea besterik ez genuen haizea hartzeko. Hiru eguneko bidaia izan zen.

»Egiptoarrak izate hutsagatik atxilotu eta torturatu gaituzte. Horixe izan da gure delitu bakarra, ez baikenuen inolako loturarik libiar matxinoekin. Traidoreak ginela oihukatzen ziguten etengabe. Susmoa daukat Egiptoko Gobernuak aire eremuaren debekuaren ebazpenari emandako atxikipenak zerikusia zuela euren haserrearekin.

»Sirteko atxilotze baldintzak jasanezinak ziren. 36 lagun geunden zelda barruan; eserita baino ezin genuen lo egin gauetan. Janaria oso urria zen: gosaritan arrautza bat sei lagunentzako, eta, bazkaria zerbitzatzekotan, pasta platerkada bat, sei lagunentzako hori ere. Afaria gutxitan zerbitzatzen ziguten, baina okerrena urik eza zen. Eguneko litro erdi bat besterik ez ziguten ematen, beti ere sei lagunen artean banatzeko. Kupel bat ur gazi zegoen ziegan, eta hortik edan behar izaten genuen bizirik irauteko.

»Espetxe hartan eman nituen lehendabiziko 25 egunetan ezin izan nuen kakarik egin, hain zen urria ematen ziguten janaria. Pixa egiteko, plastikozko pitxar bat pasatzen genion elkarri. Kaka egin behar zuenak, berriz, komunera joateko baimena eskatu behar zuen. Komun bakarra zegoen presondegi osoan, eta ez zeukan urik. Ate alboan zegoen soldaduak batetik hamarrera zenbatzen zuen; hark amaitu baino lehen bukatzen ez bagenuen, ostikoka ateratzen gintuen soldaduak.

Aitorpenak

»Sirten eman nuen denboran ia egunero torturatzen zuten gutako norbait. Nire alboko gizon honek —Tamir Aid Mustafa— hamasei ordu eman zituen behin torturapean. Horren ostean, hogei egun behar izan zituen berriro ere zutik jarri ahal izateko. Beste preso bati hanka moztu behar izan zioten. Oso zauri txarra zuen iritsi zenean, eta garrasi egiten zuen minaren minaz. Halakoetan, soldadu bat zeldan sartu eta jipoitu egiten zuen. Sirten jende askok galdu zituen hortzak. Pistola baten kanoiari hozka egiteko esaten zieten. Soldaduak atzeraka egiten zuen, eta, bat-batean, presoaren ahotik ateratzen zuen pistola, tenkada batez.

»Presondegi hartan eman nituen egunetan jende asko torturatu zuten beraiek emandako diskurtso bat aitor zezaten. Gehienetan mertzenario gisa borrokatu zutela esan behar izaten zuten kamara baten aurrean, telebistarako. Askori azazkalak atera zizkieten aliketa batekin. Elektrodoak ere ohikoak ziren.

»Oso kasu bitxi eta gogor batekin egin nuen topo han. Nire zeldan egondako batek Gaddafiren soldadu bati bihotza eskuarekin atera ziola aitortzea nahi zuten. Ez zuen onartu horrelako basakeria aitortzerik, eta, hogei egunen buruan, akabatu egin zuten. Faraj Auidet zuen izena, ez zait inoiz ahaztuko.

Askatasunera bidean

»Abu Salim presondegira eraman orduko, NATO Baba Azizija —Gaddafiren bunkerra— bonbardatzen ari zen. Eskuak lotuta genituen denok, eta begiak estalita.

»Abuztuaren 20an, NATOk gure eraikina bonbardatu zuen, eta ihes egiten saiatu ziren hainbat preso tiroka hil zituzten soldaduek. Batzuk diote ia berrehun hil zirela egun hartan. Abuztuaren 22an askatu gintuzten. Tripolin senideak zituzten libiarrek haiengana jo zuten. Egiptoar gehienok, ordea, ez genuen nora jo, eta meskita batean hartu gintuzten Zintanera iritsi arte. Martxoan desagertu nintzen, eta duela egun batzuk arte familiari ezin izan diot bizirik nagoela esan.

»Gure arazo nagusia orain zera da: Egiptora nola bueltatu. Ez dugu pasaporterik, eta, bestalde, gerra ez da oraindik amaitu. Diotenez, hemendik Bengazira eramango gaituzte hegazkinez, edo, agian, Tripolira, eta handik itsasontziz atera.

»Nola ikusten ote dudan Libiako etorkizuna? Nire ustez bat ez datozen tribuek osatzen dute egun libiar gizartea. Azken lau hamarkadotan apenas egon den tribuen arteko liskarrik, Gaddafiren errepresioa itzela izan baita. Nolanahi ere, orain botere hutsune bat sortuko delakoan nago. Libiarrek ez daukate diziplinarik, orain arte diziplina kanpotik, gainetik inposatu baitiete. Erraz-erraz eztanda egin dezakeen lapiko gisa ikusten dut Libia etorkizun hurbilean. Pentsa, ia libiar orok du orain arma bat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.