Afrika

Gbagbok eta Ouattarak gerra krimenak egin zituztela salatu du Amnestyk

Boli Kostan sei hilabete iraun duen gerra zibilean, gizateriaren kontrako krimenak egin dituzte bi aldeek

Erredakzioa
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Laurent Gbagbok eta Laurent Ouattarak egin dituzte gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak Boli Kostan. Amnesty Internationalek txosten batean plazaratu ditu sei hilabete iraun duen gerra zibilean egindako ankerkeriak. Hilketa selektibo, bortxaketa, atxiloketa, tortura eta sarraskien berri eman du giza eskubideen erakundeak, txostenean lekukotasunak bilduz. Duekoue hirian joan den martxoaren 29an egindako sarraskitik bizirik ateratako ehun bat lagunen testigantzak jaso dituzte; Ouattararen Boli Kostako Fronte Errepublikanoak hiri hartan ehunka gizon exekutatu zituzten arrazoi politiko eta etnikoak tarteko. Euren nortasun agiria hilotzen ondoan agertu dela jakinarazi dute lekukoek.

Gaetan Mootoo Afrika Mendebalderako AIko ikerlariaren arabera, oraindik ere ari dira giza eskubideak urratzen: «Gbagboren jarraitzaileekiko erasoak egiten ari dira mendebaldean eta Abidjanen». Ouattarari eraso hauek geldiarazteko neurririk hartu ez izana leporatu dio ekintzaileak, zeren bere miliziei erasoak egiten jarraitzeko bermea ematen baitie horrela dioenez: «Ouattarak publikoki adierazi behar du zibilen kontrako indarkeria eten egin behar dela». Gbagborentzat ere hitz krudelak izan ditu; euren miliziek herritarrak bizirik erre zituztela salatu du.

Kritikak NBEren misioari

Nazio Batuen Erakundeko misioari ere kritika egin dio Mootook. Krimenak ikusi arren geldirik egotea egotzi dio, hala nola zibilen laguntza eskaerei entzungor egitea. Duekoue hirian, esaterako, nazioarteko 200 soldadu zeudela eta ez zituztela desplazatuak babestu salatu du erakundeak dokumentuan.

Gbagbo eta Ouattararen arteko borrokak azaroan hasi ziren; bigarrenak irabazi zituen bozak, baina ordura arteko presidenteak botereari eutsi zion, eta horrek eragin zuen gerra zibila. Sei hilabetean 3.000 lagun hil dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.