Larrosa salbaiak Madibarentzat

Nelson Mandelaren figura gogoan hartuz abiatu dira 2013ko Errobiko Festibalaren lehen ekitaldi eta kontzertuak

Papanosh jazz talde frantsesa, ikus-entzuleak dantzan, eta Beñat Axiari Errobiko jaialdiaren sustatzailea, ostegun gauez. IBON RODRIGUEZ.
Juan Gorostidi Berrondo.
Itsasu
2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gerezien uzta jasoa du Itsasuko herriak (Lapurdi), lore eta fruitu haien usainean, uztailaren amaiera aldera, musikaz eta artez lau egunetan beztitzen denerako. Nazio Batuen Erakundeak izendaturik, uztailaren 18a 2009tik aurrera eta mundu osoan Nelson Mandela eguna ospatzen delarik («Bakea, Demokrazia, Askatasuna»), antolatzaileek Mandelaren zenbait alderdi jorratzeko baliatu zuten aurtengo Errobiko estibalaren irekiera, hitzez, poesiaz, musikaz eta dantzaz, bi ordu luzez iraun zuen ekitaldian.

Amzat Boukari-Yabara historialari afrikarrak eman zion hasiera arratsaldeari, eta Afrikarentzat Mandelaren figurak izan duen garrantzia laburbildu zuen. Ondorengo hizlariek —Peio Dospital, rugby jokalari ohiak hasi eta Amnesty Internationaleko ordezkariak amaituz— Hegoafrikan izandako bizipenak eta Nelson Mandelaren borrokaren gaurkotasuna azpimarratu zuten. Hegoafrikako irudiekin jantzi zen ekitaldia, baita hainbat musikarien ekarpenekin ere: Ttikia eta Txomin txalapartariek Axiariren inprobisazio bat egin zuten Mandela hitzaren inguruan; Oihane Igerabide arpa jotzailea izan zen, Juan Kruz Igerabideren poemen lagungarri («Ez, Beltz, Babel, Badela, Mandela…» hitz progresioekin jolastuz, poema silabiko ederra erdietsiz); eta Jean-Christian Irigoyen soinujolea, David Holmes perkusiolaria eta Louis Sclavis klarinetistak ere izan ziren, Hamid Ben Mahi hip-hop dantzariaren eta Pantxoa Etxogoinen bertsoen osagarri.

Atharriko ezker pareta pilotalekua agertoki epela bihurtu zen. Azken emanaldietan ohi duen bezala, baina kasu honetan Afrikaren presentzia guregan mantentzeko ahaleginean ere, Mazisi Okeita Denbelek Atxagaren poemarekin abiatu zuen berea Beñat Axiarik. Ohikoak dituen Michel Queuille (pianoa) eta Julen Axiariz gain (perkusioak, ahotsa), lehen mailako bi musikari zituen oraingoan ondoan lehen unetik: Louis Sclavis klarinetista handia eta Christine Martineau, biola maisua eta kantaria. Hamid Ben Mahi hip-hop dantzariaren parte hartzea seigarren musikari-arena bezala hartu behar da instrumentista eta kantarien «apaingarri» baino gehiago, bere parte hartze puntualak egungo kale dantzak haien emanen interpretazio musikal pizgarri izan baitziren.

Laburra egin zen seikotearen emanaldia, haren zortzi interpretazioek guztiz bete baitzuten denbora eta espazioa, Afrikan hasten zen bidaia Euskal Herrira ekartzeko intentzio osoz jositakoa. Aipaturiko Mazisi-ren ondoren, De Lancre euskal inkisidoreari eskainitako pieza klasiko bezain bortitza etorri zen (Jauna Miserere), berak suntsitutako hainbat emakume herrikideen oihu eta garrasiak egundaino ez isilarazteko asmoz eraikitako pieza bakana. Bertan nabarmendu zen —hasiera besterik ez zen— Martineauren ahots-biolaren arteko fusio miresgarria, amildegiren baten ertzean ipintzeko gai dena.

Heldu ziren ondoren Larrosa salbaiak, aurreko orro desesperatuen ostean muturreko lirikotasunera salto bakar batez eramateko gai. Ezin saihestu genuen lore sorta hori egungo Mandela/Madiba guztiei eskainia izaten ari zela. Eta berriro Martineauren biola, bere ahotsarekin uztartuz hiru edo lau ahots eta harmoniko batera sortzeko gai.

Banda osoa nabarmendu zen ondoren, Beñat Axiarik aukeraturiko Serge Pey Poubelle poeta garaikidearen poema bisualaren zati baten Rouge! leitmotiv oihua abiapuntu hartu eta inprobisazioaren eremu luze zabalera eraman zituenean. Etorriko ziren gero Chico Buarque brasildarraren Cio da Terra [Lurraren epela] Brasilgo garia eta azukre kanabera uztaren goratzarrea: «Afagar a terra / conhecer os desejos da terra / cio da terra, a propícia estação / e fecundar o chão» [«Lurra laztandu bere nahia ezagutu, lurraren epela dagokion urtaroan bere erraiak ernaltzeko»]. Axiari aita semeak a capella kantatzen dute hau, maitekiro, ondoren hitzik gabeko beste klasiko baten abiapuntu: Chant d'exil / Deserriko kantu betea.

Axiariren beste erreferenteetako bat etorri zen gero, Billie Holiday, bere Strange fruit, fruitu-kantu harrigarriarekin. Ez omen zekien kantari beltzak zertaz ari zen kantu honekin hasi zenean, «fruitu harrigarri» horiek Ipar Ameriketako hegoaldean zuhaitzetan urkaturiko bere anaiak zirela jabetu eta kolpatuta utzi arte. Une horietan adierazten du Beñat Axiariren ahotsak bere erregistrorik sakonenetako bat, eta ostegunekoan, Sclavisen klarinetearekin bat eginda, une bakanak bizi arazteko gai izan zena.

Amaiera dantzagarriak

Fandango basa eta arin-arin dantzagarriekin bukatu zuen emanaldia seikoteak. Seitik hirura etorrita, biluziago beraz, Donostiako jazzaldian lehen aldiz Beñat Axiari eta bere Larrosa salbaiak —Agorrila etxeak argitaratu eta bederatzi urtez onduz joan den proiektua— bizitzeko parada izango dugu datorren ostiralean, Queuille piano jotzaile beti fidagarriarekin eta Julen Axiari perkusionista eta kantari gazte apartaren laguntza soilaz.

Gaueko saioko bigarren partean heldu ziren Papanosh boskote frantziar arrakastatsukoak —Parisko Jazz de la Défense entzutetsuan sarituak, besteak beste—. Aurrekoen heldutasuna eta osotasunaren ostean, freskotasuna zerien gaztoi, baina baita beteraniak baino ematen ez duen sakontasun gabezia ere. «Ikasle iaioak» dira, dudarik ez, pentsatu nuen ene golkorako behin baino gehiagotan… Lerro melodiko sendoa osatzen dute taldean Quentin Ghomarik (tronboia, tronpeta) eta Raphaël Quenehenek (saxoak), piano jotzailearen lekua —Sebastien Palis, sortzaileena, ezusteak sorrarazteko gai den bakarra, agian— itzalean utzi gabe. Nire ustez, jazzaren lerro ohikoenetik urrundu zirenean izan ziren onen, Gibril Circus, azkenerako utzi zuten Ghomariren konposizioan. Zirkoaren izpiritua atzemanda eta errekurtso soilez, benetan pieza ederra eskaini zigutenean. Dantzan jarri zituzten bertakoan ondoren, eta gaztea zen gaua ostiralaren lehen orduetan Itsasuko Atharrin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.