Donostiako 60. Zinemaldia

Zazpi gomendio, zazpi iritzi

2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun

IÑAKI LAZKANO Zinema irakasle eta ikerlaria

Filma hautatzeko arrazoia.

Carlos Reygadas oso zinemagile interesgarria iruditzen zaidalako aukeratu nuen Horizontes Latinos saileko film hau. Batalla en el cielo uherrak (2005) ahoa bete hortz utzi ninduen. Luz silenciosa ederrak (2007), aldiz, hunkitu ninduen. Banekien mexikarraren film berriak oso harrera txarra izan zuela Cannesen. Ez nuen maisulan bat ikustea espero. Proposamen ezberdin bat baizik. Ez besterik.

Aurreikuspenak bete ditu?

Erabat. Oso film erakargarria da, egiazki. Narratiboki, formalki eta kontzeptualki. Ohiko zinemaren linealtasunarekin apurtzen du; ametsak, desirak, oroitzapenak eta errealitatea bera ere nahasiz. Istorioak bainoago, sentsazioak dira nagusi. Pelikula impresionista da. Interpretazio askekoa. Nolanahi ere, maiteago dut Luz silenciosa zirraragarriaren (2007) argia Post Tenebras Lux (2012) gordinaren iluna baino.

Nabarmentzeko zerbait.

Reygadasen ausardia, zalantzarik gabe. Arrakastaren morrontzatik aske, bide berriak urratzeko agertzen duen borondatea.

Akatsik topatzekotan...

Ikusleari ahalegin handiegia eskatzen zaiola, apika. Bidegurutzez ehundutako bidaia horretan galtzen baikara usu. Eta, zenbaitetan, bidegurutzea gurutze-bide bihurtzen da. Protagonistekiko enpatiarik ere ez dago, eta horrek zaildu egiten du guztia.

Gogoan gordetako sekuentzia.

Protagonistaren hiltzaileak bere burua errotik erauzten dueneko sekuentzia da txundigarriena. Zinema aretoan, oihuak eta barre gaixoberak entzun ziren orduan. Ni, ordea, aipatu pertsonaiaren eta haren emaztearen arteko besarkadak kantitu ninduen. Mutilak erredentzioa du xede. Emaztearen begietan, baina, sufrimendua besterik ez da.

Nori gomendatuko zenioke.

Ez da pelikula erraza. Jende askok abandonatu zuen aretoa. Zinema ulertzeko modu ezberdinak daudela sinesten duten zinemazale kuriosoei gomendatuko nieke filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.