Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa

Gatako lurmuturretik, sariduna

Lourdes Unzuetak irabazi du BERRIAk antolatutako lehiaketa; datorren astean lau lan argitaratuko dira

Almeriako alkazabatik hartutako irudia; aurrean, etxeen teilatuak, eta atzean, itsasoa. LOURDES UNZUETA.
Erredakzioa
2012ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Txikitan eskolan abesten zuten gaztelaniazko kanta batean izan zuen lehen aldiz Gatako lurmuturraren berri Lourdes Unzueta bilbotarrak. Buruz ikasi zituen orduan lurmuturren izen guztiak, tartean, Almeriako Gatarena (Andaluzia, Espainia). Orduan entzundako lurmutur hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du urte batzuk geroago.

Bidaia hori BERRIAko irakurleekin partekatu nahi izan du, eta han bizitakoa kontatzeko idazlan bat prestatu zuen Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketara bidaltzeko. Lan horri esker, Tirolgo Otztal Alpeetan zortzi eguneko trekking zeharkaldia egiteko aukera izango du, Mendiak eta Herriak gidari elkartearen eskutik. Izan ere, lan horrek irabazi du BERRIAk antolatutako lehiaketa.

Gatako Natur parkearen barruan dagoen San Jose herrian igaro zituen egun batzuk Unzuetak. Eta handik Almeriako zenbait bazterretara txangoak egin zituen, baita Almeria hiriburura ere.

Kronika irabazlea aukeratzea ez da lan erraza izan. Guztira,20 lan inguru jaso ditu BERRIAk, denak bizipen eta bidaia interesgarriz beteak. Gehienek urruneko bidaiak kontatu dituzte, hala nola Indiakoak, Perukoak... Baina batzuek inguruko ibilaldiak kontatu dituzte, Hiru Erregeen Mahaira egindako irteera, adibidez. Lehiaketan parte hartu duten guztiek jasoko dute sari bat: BERRIAren elastiko bana.

Bestalde, parte hartzaile guztien artean, Aralar Kirolak dendan gastatzeko hiru bonu zozkatu, eta hauexek izan dira irabazleak: Eneko Jaka, Garazi Munduate (Anoeta, Gipuzkoa) eta Unai Arriola (Forua, Bizkaia).

Lan guztien artean galbahea egin eta gero, datorren astean lanik onenak argitaratuko dira. Asteazkenean irakurri ahal izango da lehen lana: Mongolia, harrotasunaren aberastasuna. Josune Otxotorenak hiru astez Errusia eta Txina artean dagoen herrialdean bizitakoa kontatu du. Mongoliatik, Perura ondoren, ostegunean argitaratuko den Marta Abiegaren Peru: bihotz taupaden dantza zoroa lanari esker. Siberuten bizitako abenturak kontatuko ditu ostiralean Juan Luis Mugertzak, Lorez-lore gizonak lanean.

Larunbatean, lan irabazlea argitaratuko da, Lourdes Unzuetaren Almeria, Gatako Lurmuturretik, agata harribitxitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.