Nafarroako Gobernuaren haustura

Urtebete ezinezkoari eutsi nahian

«Gobernu sendo eta egonkorra», «egin litezkeenetatik onena» eta antzekoak esan dituzte UPN-PSN bikoteak osatutakoaz. Sortu orduko etengabeko krisian egon da, ordea.

Koldo Aldabe.
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Tximeleta baten hegalen astinduak munduaren beste muturrean urakana eragin badezake, katilu bateko ekaitz batek zergatik ez gobernu bat ito? Izan ere, horixe gertatu zen Nafarroako Gobernuan 132 milioi euroko murrizketa iragarpenarekin, Yolanda Barcinaren irudiko. Duela astebete egin zuen alderaketa Nafarroako lehendakariak: «Katilu bateko ekaitza izan da gobernu krisia». Astebeteren buruan, burua moztu dio Roberto Jimenez lehendakariordeari, eta domino efektuz, gobernuko beste kide sozialistek utzi egin dute Barcinaren ontzia.

Elkarren beharrez

Iazko maiatzeko bozen emaitzek ahul utzi zuten PSN. Boto-emaileek zigortu egin zuten Miguel Sanzen gobernua babestu izana. UPNk ere ez zituen emaitza onak lortu. Bidean PPren botorik gabe geratuta, aurreko legealdian baino indar gutxiagorekin irabazi zituen bozak.

Roberto Jimenezek uko egin zion NaBaik eta Ezkerrak (Bilduren balizko babesarekin) egindako eskaintzari. Era berean, ezin zuen aurreko urteetan bezala gobernua kanpotik sostengatu. Barcinak PSNren babesa behar zuen, arerio gisa edukiko zuelako bestela. Gobernu akordioa elkarren beharrez egin zuten.

Laster hasi ziren, ordea, erregionalisten eta sozialisten arteko desberdintasunak loratzen. Udazkenarekin batera, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, UPNk ituna egin zuen PPrekin. Barcinak azaldu zuen horrek ez zuela gobernu ituna auzitan jartzen, itunetik kanpoko kontuak zirela. PSNn, ordea, haserrea eragin zuen.

Marra gorriak

Giroa are gehiago okertu zen Espainiako Gobernuak lan erreforma ezarri eta Hezkuntzan eta Osasunean murrizketak egingo zituela iragarri zuenean. UPNk esan zuen murrizketak ezinbestean egin beharko zirela; PSNk, aldiz, informe juridikoak eskatu zituen Espainiako Gobernuak Nafarroaren eskumenak urratzen zituen jakiteko, eta «igaro ezineko marra gorriak» ezarri zituen.

Marra gorri horiek, ordea, mugitu egin behar izan zituen Jimenezek. Maiatzean, aurrekontuetatik 54 milioi euro murriztu behar zirela-eta «doikuntzak» hitzartu zituzten UPNk eta PSNk. Baina hori gutxi ez, eta egun gutxira beste 134 milioi euroko zuloa estali behar zela esan zuen Ogasun kontseilariak, eta Jimenez aho bete hortz geratu zen. PSNk gobernu ituna haustea leporatu zion UPNri. Jimenez Ferrazera joan zen Alfredo Perez Rubalcabaren babes bila. Han, Nafarroako diru kontuak argitzeko eskatu zion Barcinari, gobernua hauts ez zedin. Urtebete elkarrekin, eta diru kontuak nola ziren jakin gabe zeuden sozialistak. Barcinak kontuak erakutsi, eta Jimenez ohartu zen gazta puskatik geratzen zena zuloak zirela soilik, edo hala esan zuen, eta PSNk Barcina egin zuen horren erantzule, herenegun. Katiluko ekaitzak gainezka egin zuen; ordu gutxira, Barcinak, haserre, kargutik kendu zuen Jimenez. Sozialistak gobernua uzteko mehatxu egiten ibili eta gero, erregionalistek egotzi dituzte haiek. Ala horren bila zebilen PSN?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.