Iban Arregi.
Analisia

Guk ere, 'berria.eus'

2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Euskararentzat berri ona da .eus domeinua lortu izana, berri ona Euskal Herriarentzat; PuntuEus fundazioak urteetan egindako lanaren emaitza, dudarik gabe. Beraz, eta hasteko eta behin, BERRIAk zorionak eman nahi dizkio fundazioari, orain arte egindako lanagatik.

Garrantzitsua da, Interneteko mundu globalizatu honetan, euskarak bere domeinu propioa izatea; garrantzitsua, munduaren aurrean gure sinadura propioarekin agertzeko eta euskarak zein euskal kulturak merezi duten agerpena eta ikusgarritasuna izateko. Orain arte, globalak diren edo beste herri batzuenak diren domeinuak erabili behar izan ditugu gure izenaren atzean; orain, lorpenarekin, geurea propioa izateko aukera izango dugu, izenetik bertatik abiatuta geure izana eta euskaltasuna agertzeko aukera, denon artean euskal kulturaren aberastasuna erakusteko aukera. Azken batean, Joan Mari Torrealdaik zioen moduan,euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko aukera emango digu .eus domeinuak.

Egunotan esan den bezala, hemen ez da ezer bukatu, hau abiapuntua besterik ez da; orain arte lan handia eta garrantzitsua egin da, lorpena handia da, baina orain abiatuko da euskarak eta Euskal Herriak lorpen hau merezi dutela erakusteko unea. Apustu handia daukagu esku artean, lan handia; .eus ikusgarri egin behar dugu, erakutsi egin behar dugu euskararen aberastasuna. Horretarako, euskal proiektuek Interneten ibiltzeko erabiliko duten izenean domeinu hori erabiltzea ezinbestekoa izango da; domeinu hori izan dadila gure aurkezpen agiri nagusia. .cat lortu zutenetik inbidiaz begiratu izan diegu, beste behin, katalanei, euren izaera azaltzeko aukera bazutelako. Orain euskaldunok ere izango dugu geurea, baina domeinua erabiltzea dagokigu orain, egindako lana ezerezean geratzea nahi ez badugu behintzat. BERRIA Taldean irrikaz gaude gure proiektu guztiak domeinu horrekin jartzeko; desiratzen, sarean ibiltzeko www.berria.eus klikatzeko.

Zorionak, eta eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.