Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak

EH Baik Ipar Euskal Herriko hirugarren indar gisa egonkortzea landuko du

Oinarri sozialetik hasita, etorkizunera begirako akordio estrategiko bat prestatzen ari dira koalizioko kideak

Peio Etxeberri-Aintzart eta Xabi Larralde, atzo, EH Bairen kanpainaren bilduma egiten. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren itzuliaren ondotik, emaitzen interpretazio baikorra egin du EH Baik, eta iragarri du etorkizunera begira asmoa duela Ipar Euskal Herriko hirugarren indar gisa sendotzeko. Peio Etxeberri-Aintzartek eta Xabi Larraldek nabarmendu dute lehen itzulian zein bigarrenean gertatutakoa «aurrekari garrantzitsua» dela. Izan ere, lehen itzuliko emaitzen argira, EH Bai Ipar Euskal Herriko hirugarren indar politikoa da, eta, bigarren itzulian, abertzaleen bozak gako izan dira UMPko Jean Grenet eta Michele Alliot Marie diputatuak kanporatzeko tenorean, baita PSko Frantxua Maitiari konfiantza ez ematekoere.

Ezkerreko abertzaleen bozak erabakigarriak izan direla azpimarratu dute, gogorarazita erabakia militanteek hartu zutela eta ondoren koalizioak jakinarazi. EH Baik galdetegi zehatz bat igorri zien bigarren itzuliko hautagaiei, eta alderdi gisa erantzuteko eskatu zieten. PSko Sylviane Alaux eta Colette Capdeviellek hautagai gisa erantzun zieten, ez alderdiaren izenean. Frantxua Maitiak ez zien erantzun. Azaldu dute PSk alderdi gisa ez erantzuteak konfiantzarik eza eragin ziela,borondaterik ez zutela alderdi gisa engaiamendu jakin batzuk hartzeko. «Militante abertzaleek izan dute erabakia, eta argi dago bosgarren eta seigarren hauteskunde barrutietan Grenet eta Alliot-Marieren aurka bozkatu dutela eta barnealdean ez diotela konfiantzarik eman Maitiari».

Hautagaiek berek onartu dute beren hautaketa edo porrota abertzaleen bozen ondorioa dela. Frantxua Maitiak abertzaleei leporatu die laugarren hauteskunde barrutian «eskuinarekin bat egitea, FNk bezala». Porrotaren saminak eragindako hitzak izan zirela dio EH Baik, eta hori barkagarria dela, baina nabarmendu dute «jauntxo jarrera» onartezina dela. Izan ere, Laborari aldizkariari igorritako gutun batean, PSko hautagaiak bere porrotaren eragile izatea leporatu dio ELBri, eta jakinarazi die kontuan hartuko dutela hori bere alderdiak gehiengoa duen erakundeetan. Diru laguntzak kentzeko mehatxu gisa hartu ditu ELBk Maitiaren hitzak. «Urteetan gaitzetsi dituen jaunttoen jarrera bera hartu du Maitiak».

«Bezerokeriaren garaia» gainditua dagoela erantzun dio EH Baik. Eskatu dio gogoratzeko 1994an Maitiak bere hautagaitza atxiki zuela, abertzaleen zerrenda eta eskuinekoa lehian zeudelarik. Geroztik, hirugarren tokian egon direlarik, abertzaleek ziurtatu dute haien zerrenda kendu izan dutela. «Sozialistek jakin behar dute abertzaleok ez diogula deus zor, eta ez garela inoren boz erreserba». Gisa berean, diputatu postua lortu duten hautetsiei jakinarazi diete hurbiletik segituko dituztela kanpainan hartu engaiamenduak, eta 2017an ere abertzaleak gakoa izanen direla.

Akordio estrategikoa

EH Baiko eledunek erran dute akordio estrategiko bat lantzen ari direla EH Bai osatzen duten alderdiak eta ezkerreko abertzaleak. Adierazi dute urrats bat izanen dela 2014-2015ean egin beharko diren hauteskundeetan hirugarren postua berrestea eta abertzaleen eragina indartzea. Prozedurari dagokionez, lana «behetik gora» eginen dela azaldu dute. Bi ardatz nagusi ukanen ditu EH Baik: batetik, Ipar Euskal Herriaren onarpen politiko instituzionalean eragitea, eta, bestetik, oraingo sistemaren alternatiba diren gizarte politiketan eragitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.