Egipto, kanpaina betean

Erreferendumean konstituzioak %70eko babesa izango duela uste dute estatu kolpea babestu zuten indarrek

Konstituzioari buruzko erreferendumerako kanpaina aurkezpena, polemika eragin duen kartelarekin. ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Kairo
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bi urtean bi konstituzio izan dituzte egiptoarrek. Aski polemikoak biak ala biak. «Islamistatzat» jo zuten Mohamed Mursiren agintaldian onartutako araudia, eta ez zuen liberalen onarpena lortu. Urtebete pasatuta, eta estatu kolpe bat dela medio, aurtengo konstituzioak Egiptoren izaera zibila aldarrikatzen du, eta, hala, ez du islamista gehienen bermea eskuratuko: Anaia Musulmanek boikota egingo diote konstituzio berriaren erreferendumari. Ezkerrak, berriz, ezezko botoa eskatuko du.

Urtarrilaren 14an eta 15ean, Egiptoko gizartea banatu egingo du berriz ere erreferendum batek. Estatu kolpeaz geroztik, apurtu egin da militarren aldeko frontea osatzen dutenen eta Anaia Musulmanen orbitan daudenen arteko lokarria.

Konstituzioaren gaineko herri galdeketa iragan uztaileko estatu kolpetik hasitako bide orriaren lehen etapa da. Militarrek argi adierazi duten legez, 2014a amaitu baino lehenago, araudi, parlamentu eta gobernu berria izan beharko ditu Egiptok. Horregatik, biziki da garrantzitsua konstituzioak zer-nolako babesa izango duen aztertzea. Urtebeteko trantsizio demokratiko gisa aurkeztu zen programa politikoak bere lehen azterketa pasatuko du. Hala, Abdel Fatta al-Sisi jeneralak zuzendutako armadarentzat manifestazioetatik kanpo daukan benetako babesa ikusteko unea iritsi da.

Argi-ilunak

«Konstituzioak 2011ko iraultzaren espiritua islatzen du. Ogia, askatasuna eta justizia soziala oinarrizko eskubideak dira egiptoar guztientzat», nabarmendu zuen iragan astean Amr Musa batzar konstituziogileko presidenteak, nazioarteko berriemaileentzat emandako prentsaurreko batean.

Iritzi berekoa da Adli-Mansur Egiptoko presidentea: «Ez dago apurketarik. 2011n hasitako prozesuaren jarraipen bat da. Aurtengoa ez da konstituzio berri bat, iazkoaren berridazketa bat baizik», adierazi berri du. Alabaina, aurreko araudia ia erabat aldatu dute batzar konstituziogileko 50 kideek. 190 artikulu moldatu eta 45 berri gehitu dituzte.

Zirriborroak babes zabala jaso badu ere, argi-ilunak eta kontraesanak sumatzen zaizkio aditu askoren iritziz. Araudiak Egiptoren izaera zibila aldarrikatzen du, baina 1971ko konstituziotik indarrean dagoen 2. artikuluari eusten dio, eta xaria edo lege islamikoaren printzipioak onartu ditu legeriaren iturri nagusi modura. «Estatua eta erlijioa banandu egin behar direla ikasi dugu Europako herrialdeen aldetik», adierazi zuen Musak. Hala, 74. artikuluak oinarri erlijiosoa duten alderdi politikoak debekatzen ditu, baina botere judizialaren esku uzten du debeku hori nola ezarri esatea.

Hiru dira konstituzioaren alderdirik ilunenak. Batetik, armadaren pribilegioak sendotu ditu, eta militarrek Defentsa ministroa zortzi urterako aukeratzeko eskubidea izango dute. Zibilen kontrako epaiketa militarrak ere onartu dira, bi kasutan bada ere: armadari eraso edo «Egiptoren segurtasun nazionala» arriskuan jartzen bada. Hala, gazte iraultzaileen aldarrikapenik handiena bertan behera geratu da.

Bestalde, batzar konstituziogileak eskumen osoa eman dio Mansur presidenteari bozen egutegia aldatzeko, eta presidentetzarako hauteskundeak parlamenturakoak baino lehenago egiteko. Musaren arabera, «nahiago dugu parlamenturako hauteskundeak lehenago egitea, baina batzar konstituziogilea ez da ados jarri. Garrantzitsuena bidai orria errespetatzea da. Erreferendumaren ostean bozak egingo ditugu, eta gero amaitutzat emango dugu trantsizioa. Erakundeak suspertzeko bigarren fasea hasiko dugu orduan», adierazi zuen.

Aldekoak eta kontrakoak

Konstituzioa esku artean izan gabe ere, egiptoar gehienek argi dute haien botoa. Hala, inork gutxik jartzen du zalantzan baiezkoa aise gailenduko dena. Musak argi dauka: «Parte hartze handia izango da eta botoen %70 baino gehiago lortuko dugu». Iazkoak %63,8 eskuratu zuen.

Izan ere, araudi berria babesten duten mugimendu politikoak ondo antolatuta daude. Estatu kolpea bultzatu zuen Tamarrud (Errebolta) taldeak eta Al-Nurs alderdi salafista nagusiak konstituzioaren idazketan parte hartu dute, eta hala, baiezkoaren aldeko deialdira batu dira. Egiptoko hedabide nagusiek ere «konstituzio berriaren onurak» nabarmentzeko programa eta atal bereziak abiarazi dituzte.

Bestalde, behin-behineko gobernua buru belarri ari da parte hartzea sustatzeko estatu mailako kanpaina bat antolatzen, eta bide batez, Esan baietz sinatzen duten liburuxkak garraio publikoetan banatzen. Konstituzioaren kopiak ere doan banatu dira unibertsitateetan, meskitetan eta eraikin publikoetan.

Beste muturrean, aitzitik, bi errealitate guztiz kontrajarri daude. Ezkerreko mugimendu iraultzaileak eta Anaia Musulmanak konstituzioaren aurka agertu baitira. Ezkertiarrek eta islamistek ez dute bide-orria babestu, baina ez daukate erreferendumaren aurka oposizio bateratu bat egiteko intentziorik.

Ezkerreko talde gehienek ezezkoa bozkatuko dute. Kofradia islamistak, berriz, boikota egingo dio, iazko konstituzioaren zilegitasuna aldarrikatzen jarraitzen duelako. Estatu Kolpearen Aurkako Aliantza osatzen duten hamaika talde islamistek ohartarazi dute protestak gogortu egingo dituztela erreferendumaren atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.