Salmond: «Independentzia lortuta, gora eginen du Eskoziako ekonomiak»

Eskoziako Gobernuak atzo aurkeztutako txosten baten arabera, garapen ekonomikoa oztopatu du Londresek

Ion Orzaiz.
2013ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batuaren barruan egoteak Eskoziaren hazkunde ekonomikoa oztopatzen du. Horixe da Eskoziako Gobernuak atzo aurkeztutako txostenaren ondorio nagusia. Hala, 2014ko irailaren 18an egitekoa den erreferendumean independentziaren aldeko aukerak irabazten badu, «bere ahalmen ekonomikoa garatu eta enplegua sustatu ahal izanen du herrialdeak», Alex Salmond Eskoziako lehen ministroaren esanetan.

Helburu hori lortzeko Edinburgok har ditzakeen neurri batzuk aletu zituen Salmondek txostenaren aurkezpenean; besteak beste, «zerga sistemaren erregulazioa, hazkundea sustatzeko, esportazioak ugaritzeko eta inbertsioak erakartzeko». Zerga sistema propioa edukitzeak 27.000 lanpostu sor ditzakeela azpimarratu zuen lehen ministroak. Bestalde, industria indartzeko politikak areagotzea, kontratazioa sustatzeko pizgarriak ezartzea eta hezkuntza nahiz gizarte laguntzetarako aurrekontuak handitzea proposatzen du gobernuak argitaratutako agiriak.

Eskoziak dituen «natura baliabide handiak» nabarmendu zituen SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruak: «Herrialde independentea izateko baldintzak aise betetzen ditugu, baina gure garapena oztopatzen du Londresen politika ekonomikoak».

Herenegun, independentziak eskoziarrei eraginen lizkiekeen «kalteen» gainean ohartarazi zuen Londresko IFS Ikerketa Fiskaletarako Institutuak. Erakunde horren arabera, petroliotik eratorritako irabazien gainbeherak eta gizartearen zahartzeak %1,9ko defizita eraginen lioke Eskoziako ekonomiari. «Zergen igoeran, gastuen murrizketan edo bietan oinarritutako politika batek soilik bermatuko luke ekonomia egonkorra datozen 50 urteetan», zioen IFSk argitaratutako oharrak.

Analisi horren aurka egin zuen atzo Eskoziako lehen ministroak: «Londresko gobernu ezberdinek aplikatu duten denentzatberdin politika ekonomikoak kalte egin digu eskoziarroi, eta kalte egiten digu gaur egun ere. Oraingoz, gure ekonomia ez da hondoratu, baina egoera askoz hobea izan liteke. Eskoziaren neurri bertsua eta baliabide gutxiago dituzten Europako herrialdeei begiratzea besterik ez dugu egin behar, azken hamarkadetan lor genezakeen mailatik oso urrun gaudela ikusteko».

Gizarte berdintasuna

Salmonden arabera, Erresuma Batuko gizartea «munduko desberdintasunik handienak dituenetako bat» da, eta hori «Londresen politika ekonomiko desegokien» ondorio dela azaldu zuen atzo: «Westminsterren agintearen pean jarraituz gero, gizarte desberdintasunak areagotu eginen dira. Burujabetzak aukera emanen digu Eskoziaren ezaugarriak eta abantailak aintzat hartuko dituen politika propioa eratzeko, ekonomia orekatzeko eta desberdintasun sozialak desagerrarazteko».

Hala ere, neurri horiek guztiak ezartzeko denbora beharko dutela ohartarazi du SNPko buruzagiak: «Ez dago egun batetik besterako irtenbiderik, eta edozein neurri aplikatzeko denbora beharko dugu, baina garbi izan behar dugu independentziaren eskutik bakarrik etorriko direla konponbideak».

Hamar hilabete falta dira Eskoziako independentziari buruzko erreferendumerako, eta atzo aurkeztutako txostenak bi egoera aztertzen ditu, plebiszituaren emaitzaren arabera: «Statu quo-a mantentzearen aldeko botoa gailentzen bada, garapen ekonomikoa lortzeko aukera galduko du Eskoziak, ezingo baititu baliatu propio diseinatutako zerbitzu publiko eraginkorren onurak. Aitzitik, independentziaren aldeko botoak aukera itzelak eskainiko lituzke, enplegu eta aberastasun aurreikuspenak hobetzeaz gainera, ekonomia orekatzeko eta, oro har, eraldatzeko balio duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.