Bangladeshen 152 heriotza zigor, eta hil arteko kartzela beste 161 lagunentzako

2009ko matxinadan 74 pertsona hil izana leporatzen diete Mugaldeko Guardia Bereziko ehunka kideri

Ion Orzaiz.
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hildako lagun bakoitzeko bina heriotza zigor. 2009ko otsailaren 25ean eta 26an, matxinada egin zuten Bangladesheko BDR Mugaldeko Guardia Bereziko ehunka soldaduk. 74 pertsona hil ziren istilu horietan. Herrialde horretako justiziak esku hartu ostean, ordea, beste 152 hilko dituzte, heriotza zigorrera kondenatu baititu Dhakako auzitegiak. Horrez gainera, bizi guztiko kartzela ezarri die beste 161 akusaturi Mohammed Akhtaruzzaman epaileak, eta lau hilabete eta hamar urte arteko espetxe zigorrak 250 kideri baino gehiagori. Antza denez, begia begi truk eta hortza hortz truk ordainarazteari ere gutxiegi deritzo magistratuak.

Guztira, 846 pertsona auzipetu dituzte duela lau urteko matxinadan parte hartzeagatik. BDR talde paramilitarreko kideak dira gehienak, eta, soldaten gaineko eztabaida bat dela tarteko, buruzagien kontra matxinatu ziren duela lau urte, taldeak Dhakan eta beste hiri batzuetan dituen kuartier nagusietan. Dozenaka hildako eragin zituzten istiluek; tartean, ofizial asko. BNP Bangladesheko Alderdi Nazionaleko diputatu ohi Nasiruddin Ahmed Pintu eta Awani Ligako kide Torab Ali daude bizi arteko kartzelara zigortu dituzten auzipetuen artean.

Akhtaruzzaman epailearen esanetan, mutinak iraun zuen 36 orduetan gertatutakoa «deskribagaitza» izan zen: «Basakeriak eta torturak horren krudelak izan ziren, ezen hildakoen gorpuen eskubideak ere ez ziren errespetatu», esan zuen atzo, ezarritako heriotza zigorrak justifikatzeko.

Gisa horretako auzi handienetako bat da atzo Dhakan amaitu zena: 823 paramilitar eta 23 zibil akusatuen aulkian, 654 lekuko, eta 56 hilabeteko prozesu bat, 2011ko urtarriletik atzo arte. Horrez gainera, 5.926 soldadu espetxeratu dituzte beste hamaika epaiketa militar paralelotan.

Hain zuzen, giza eskubideen aldeko erakunde zenbaitek prozesuaren zilegitasuna zalantzan jarri dute, akusatuen eskubideak errespetatu ez direla iritzita. Besteak beste, HRW Human Rights Watch erakundeak behin baino gehiagotan salatu du atxilotuek torturak eta tratu txarrak jasan dituztela behin-behineko kartzelaldian, eta horietatik 47 espetxean hil direla prozesua amaitu aurretik ere. Iragan den astean, epaiketa berriro egiteko eta «susmagarrien eskubideak bermatuko dituen ikerketa serioago bat» egiteko galdegin zioten HRWko ordezkariek epaileari.

Armadaren itzal luzea

Prozesuan, Bangladesheko armadako buruen mendeku nahiak rol garrantzitsua bete duela salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek. Izan ere, militarrek pisu handia dute herrialdearen politikan eta aginte guneetan. Orain arte, estatu kolpea emateko 21 saialdi egin ditu armadak, eta, horregatik, mesfidantzaz begiratzen diote elkarri botere politikoak eta militarrak.

BDR taldeko paramilitarren mutinak eztanda egin zuenean, Sheikh Hasina lehen ministroak bi hilabete besterik ez zeramatzan karguan, eta matxinoak lasaitzen saiatu zen. Errendituz gero, amnistia emanen ziela hitzeman zien erreboltariei, baina horrek armadako buruak haserrarazi zituen. BDRko matxinoek indarrez hartutako kuartier nagusien kontra su egin nahi zuten buruzagi militarrek, baina plan hori debekatu zuen gobernuak. Armadaburuen presioen ondorioz, alta, Hasinak atzera egin, eta «sarraskiaren erantzuleak zigortzeko konpromisoa» hartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.