Ahuleziak, indarrez

«Oreka» lortu du Kudai taldeak 'Harezko dorreak' diskoan, eta 'Ezin ahaztu'-ren bideoklipa ere atera du

Metalaren oinarritik aldendu gabe, bere estiloa zabaldu du Kudaik disko berrian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Disko kontzeptuala». Horrela definitu dute Kudai taldeko kideek Harezko dorreak lan berria, ibilbideko laugarrena: «Islatu nahi genuen inguratzen gaituzten gauza guztien ahultasuna», Borja Fernandez gitarristak dioenez. 11 kanturekin osatu dute lan berria. «Kanta hauetan saiatu gara hauskortasun horren ikuspegi ezberdinak islatzen», gaineratu du Urtzi Olaziregi baxu jotzaileak.

Lehendabiziko kanta, Bizitzera kondenatuta, jarri du horren adibide modura Olaziregik: «Kontatzen dugu pertsona baten historia, bizitza osorako planak eginda dituena, eta istripu bat dela-eta plan guztiak bertan behera gelditzen zaizkiona; zeinen erraza den momentu batean sendoa ematen duena lurrera erortzea». Denbora kantan ere «bizitza bera zein ahula den, zein motza egiten zaigun» azaltzen dute.

Hitza kantan, ostera, hitzek pertsona bakoitzarentzat definizio ezberdina daukatela adierazi nahi izan dute: «Saiatzen gara azaltzen hizkuntza bera ere zein ahula den. Hitz egiterakoan, hitzak erabiltzen ditugu, eta hitzak definitzeko, bestelako hitzak erabili behar dira... Azkenean, hitzak norberak definitzen ditu, denok ez ditugulako gauza berberak ulertzen bakoitzarekin», azaldu du gitarristak. Diskoari izena ematen dion kantan «hari guztiak lotzen» saiatu direla nabarmendu du Fernandezek, «diskoari zentzua emateko, esplikatzeko beste kantetan adierazitakoa».

Heldutasunaren «oreka»

Aurreko diskoetan lortu ez duten oreka dauka disko berriaren estiloak, euren ustetan: «Gu heltzen ari garen heinean, helduagoa dela uste dugu. Disko honetan balada bat sartu dugu, eta kanta instrumental bat ere bai. Horrela ez da bakarrik metala, musika indartsua. Orekatuta dagoela uste dugu». Horrez gain, moldaketa sinpleagoak egin dituzte, zuzenean jotzerakoan errazago «defendatzeko». «Errazago egiten zaigu, eta sekula baino gusturago ari gara jotzen».

2002. urtean hasi zen talde modura Kudai. Oiartzun, Lasarte eta Donostiako Egia eta Loiola auzoetakoak dira egun osatzen duten kideak: «N-1 errepidekoak, alegia». 2004an Hutsa lehendabiziko lana grabatu zuten, eta bi urte geroago Arima eroslea, bigarrena.«2009an grabatu genuen Shah Mat, eta Urtzi sartu zen Ekaitzen ordez. Disko honetarako Titok taldea utzi behar izan zuen, lesio bat zela-eta, eta Urko sartu zen bateria jotzaile moduan», azaldu du Fernandezek.

Harezko dorreak abestiaren bideoklipa egin dute diskoarekin batera. Urtarrileko asteburu batean grabatu zuten Madrilen. Grabaketa «oso gogorra» egin zitzaiela aitortu dute, baina merezi izan zuela ere nabarmendu dute. Bi militarren istorioa kontatzen dute hor: «Soldadu baten ikuspuntutik kontatzen da nola hasieran guda batera doan ideia batekin, etsaiak zeintzuk diren jakinda, haren ustez». Etsaia ez dela hain gaiztoa eta haren aldekoak hain onak ere ez direla kontatzen du bideoklipak, ordea: «Sineste horiek eror daitezke, hareazko dorren antzera».

David Heras abeslariak egin du lanaren zati handi bat bideokliperako. Zinemaren eta telebistaren arloetan egiten du lan Herasek, eta haren lan batek Espainiako Goya sarietarako izendapena jaso zuen iaz. Beste hainbat profesionalen laguntza ere izan dute, eta Fran Araujok gidoilari eta zuzendari lanak egin ditu.

Kontzertuak ematea da orain Kudairen asmoa. Oiartzungo festetan izango dira abuztuaren 2an. Gitarristak kontzertu gehiago lotu nahi dituztela esan du: «Krisia dela eta, ez da hain erraza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.