Berriro ere itxialdi bat eginen du Abel Azkona artista iruindarrak. Oraingoan edukiontzi batean sartu da. Atzo hasita, bederatzi eguneko itxialdia eginen du Lyongo Des Pentes galerian, Frantzian, hiri hartako arte biurtekoaren barruan. Ikusleentzat irekita egonen den areto batean izanen dute edukiontzia.
Askatasuna ukatuz bere burua aurkitzeko proiektua izanen dela azaldu du Azkonak. Esan duenez, fetu egoerara itzuliko da, eta bertan igaroko dituen bederatzi egunek haurdunaldiak irauten duen bederatzi hilabeteak irudikatuko dute. Bere mugak aztertu nahi dituela esan du, klaustrofobia barne.
Bere asmoa «berriz sortzea» dela aitortu du. «Ia 60 eguneko itxialdia egin berri dut, eta nire niaren zati bat ezabatu dut. Orain elikatu eta osatu eginen naiz edukiontziaren barnean, berriz jaiotzeko», azaldu du. Uztailaren 5ean sei metro koadroko gela batean sartu zen, Madrilen, bertan bi hilabete eman nahian. 42. egunean ospitalera eraman behar izan zuten, kordea galduta.
Bi performance horiek Confinement in Search of Identity (Itxialdia, identitatearen bila) proiektuaren segida dira. Horretan, lehenik, hainbat artistarekin lau egunez itxi zen, Kolonbian, logela batean. Gero, ezagutzen ez zuen artista batekin egon zen astebetez apartamentu batean itxita.
Bederatzi egunez edukiontzi baten barnean egonen da Azkona
Performancea Lyongo Biurtekoan ari da egiten artista iruindarra, Des Pentes galerian; nahi duenak ikus dezake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu