'American Hustle' nagusitu da Urrezko Globoen banaketan, hiru sari jasota

'12 Years a Slave'-k sari bakarra baino ez du jaso, baina irabaz zezakeen garrantzitsuena: film dramatiko onenarena

Agentziak
Los Angeles
2014ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Hiru sari jasota, American Hustle izan zen Urrezko Globoen banaketa emanaldiko irabazle nagusia, herenegun, Los Angelesen. Komedia edo musikal onenaren Urrezko Globoa ez ezik, komedia edo musikal bateko emakumezko aktore onenarena eta komedia edo musikal bateko emakumezko bigarren mailako aktore onenarena ere bereganatu ditu David O. Russellek zuzendutako filmak; Amy Adamsek egindako lanarengatik lehena, eta Jennifer Lawrencek egindako lanarengatik bigarrena.

Urrezko Globo bakarra lortu du Steve McQueenen 12 Years a Slave filmak, baina lortu duen hori lor zezakeen garrantzitsuena da: film dramatiko onenaren Urrezko Globoa. Horri esker, sarien banaketa ekitaldiko porrotik handiena izan zitekeena eragotzi du, aurretik zazpi izendapen izanik —American Hustle-k adina— batere saririk gabe geratzea ez baitzen izango aise irensteko moduko ezustekoa.

Amy Adamsek aurreneko aldiz lortu du emakumezko aktore onenaren Urrezko Globoa, baina aurten bosgarren aldiz egon da saria irabazteko hautagai izateko izendatuta. Aurretik, The Master (Paul Thomas Anderson, 2012), The Fighter (David O. Russell, 2010), Doubt (John Patrick Shanley, 2008) eta Enchanted (Kevin Lima, 2007) filmetan egindako lanengatik izendatu dute hautagai. David O. Russellek «emakumeentzako rol bikainak» idazten dituela esan zuen Adamsek sariak banatzeko ekitaldian.

Jennifer Lawrencek, berriz, bigarren Urrezko Globoa du aurten jasotakoa. Aurrenekoa Silver Linings Playbook filmean egindako lanarengatik jaso zuen (David O. Russell , 2012).

Brad Pitti, eskerrak

Steve McQueenek eskerrak eman zizkion Brad Pitt aktoreari, 12 Years a Slave-k irabazitako film dramatiko onenaren saria jasotzera oholtzara igo zenean. Filmeko aktorea izan ezik, filmaren ekoizlea ere izan da Pitt, eta McQueenek adierazi zuen filma zuzentzerik ez zuela izango hark egindako ahaleginarengatik izan ez balitz.

David O. Russellen American Hustle 70eko hamarkadan girotutako thriller politikoa da. Steve McQueenen 12 Years a Slave Solomon Northupen bizitzan dago oinarrituta: New Yorken bizi zen gizon librea zen Northup, 1850 inguruan, harik eta bahitu eta AEBetako hegoaldera eraman zuten arte, esklabo gisa saltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.