Donostiako 60. Zinemaldia

«Ez dugu berria den ezer egin»

'Blancanieves' Pablo Bergerren film mutu eta zuri-beltzekoak atentzioa eman du, eta harrera ona egin zaio Sail Ofizialean

Pablo Berger eta Maribel Verdu, Blancanieves-eko gainontzeko aktoreekin, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Blancanieves-en emanaldia bukatu zen Kursaaleko auditoriumean, atzo, eta ikusleek gogoz txalo egin zioten Grimm anaien ipuinaren bertsio mutu eta zuri-beltzekoari. Proposamen berritzailetzat har daiteke gaur egungo zineman, baina zehaztapen horrekin ados ez dagoela adierazi zuen Pablo Berger zuzendariak pelikularen ondorengo prentsaurrekoan. «Ez dugu berria den ezer egin. Zinema guztia 20ko hamarraldian asmatu zuten [Friedrich] Murnauk, [Carl] Dreyerrek eta [Abel] Ganzek. Moderno edo garaikide itxura eduki dezakeen edozer, ez da hala». Ipuinaren egokitzapenari originaltasuna aitortzea, ordea, ez da gehiegi esatea. Joan den mendeko 20ko hamarkadaren Espainia hegoaldera eraman du istorioa zinemagile bilbotarrak, eta ipotx-torero-titiriteroz inguratutako torero bihurtu du Edurnezuri. Bergerrek ez zuen fantasiarik nahi, «emozioa eta egiazkotasuna» baizik, filmari «errealismoa» emateko. «Bizitza bera tragikomedia bat delako».

Bata bestearen atzetik pilatuko zaizkio ezbeharrak Edurnezuriri (Sofia Oria eta Macarena Garcia). Antonio Villalta aita toreroa (David Gimenez Cacho) eta Carmen de Triana flamenko kantaria (Inma Cuesta) hilko zaizkio, eta baita amona ere (Angela Molina). Zori hutsez cortijo bateko jaun eta jabe bilakatutako erizaina (Maribel Verdu) izango da haren amaordea. Haren itzalean, Pepe oilarraren konpainiarekin, lanik deserosoenak eginez emango du Edurnezurik haurtzarotik nerabezarorako pausoa, harik eta kasualitatez, beste ezbehar baten ondorioz, titiriteroekin topo egingo duen arte.

Donostian, atzo, filmari errenditutako zale eta kazetariekin topo egin zuten denek. Hamabost bat minutuko atzerapenarekin, baina umore onean agertu ziren prentsa aretora. Berger eta Verduk hitz egin zuten, batez ere. Zinemagileari egindako lehen galderan The Artist (2011) film arrakastatsu mutu eta zuri-beltzekoaren aipamena egin zion kazetari batek. Bergerrek argi utzi nahi izan zuen ez dela hura kopiatzen ahalegindu. Inondik ere. «Torremolinos 73 (2003) bukatu ondoren munduan barrena ibili nintzen bidaiatzen, eta gero ekin nion film honen gidoia idazteari». 2005ean aurkeztu zien bere ekoiztetxeko kideei, eta gidoiaren lehen orrialdean zera idatzi zuen: «Mutua eta zuri-beltzekoa izan dadila».

Konparaketa 'The Artist'-ekin

Ordutik aurrerakoa «lasterketa hesidun bat, maratoi bat» izan zen Bergerrentzat. «Ateak ixten zizkiguten, eta erotzat hartzen gintuzten». Pentsatzen du antzeko zerbait gertatu zitzaiola Michel Hazanavicius The Artist-en zuzendari eta ekoizleari. Aurtengo Oscar sarietako garailearekin egindako konparaketak onartu zituen, «formalki» antza dutelako. Umorez aitortu zuen The Artist estreinatzekotan zirenean «kaka zaharra!» ozen oihu egin zuela. «Bai gureak eta bai The Artist-ek ere zinema mutua omendu dute. Gureak Europan egiten zena, transgresoreagoa, eta besteak, berriz AEBetakoa».

Halere, ez du uste ez bera eta ez Hazanavicius bereziki berritzaileak izan direnik zinema mutua erreskatatzerakoan. Hala, Guy Maddin zinemagile kanadiarra gogoratu zuen. Baina Bergerri, azken finean, iruditzen zaio, mutua edo zuri-beltzean izatetik haratago, «istorioa eta aktoreen lana» dela inportanteena. Hori bai, zera erantsi zuen: «Halako film bat ongi ateratzeak pelikula konbentzional bat ondo egiteak baino plazer gehiago ematen du».

Hainbat ipuinen «puskekin» egindako ipuina da. «Erpurutxo, Mari Errauskin, Oliver Twist, Txanogorritxu...». Horiei helduta, emozioak transmititzen ahalegindu da. Horretarako, genero askotarikoak baliatu ditu. Jarraian, gainera, ondoko esaldi erretorikoa ahoratu zuen: «Filmak aspergarriak izango ziratekeen genero bakarra edukiko balute, ezta?».

Verdu ez zen aspertu prentsaurrekoan. Amaorde ezin zitalagoaren eta aberatsaren paperean oso gustura sentitu da. «Bizitza osoa daramat junkien, errekutsorik gabekoen edo pobreen papelak egiten...». Bere pertsonaia «patetikoa» iruditu zaio. «Ez du mendekua hartzen bestea bera baino ederragoa delako, ospetsuagoa delako baizik». Egun telebistan ikusten diren egoerak gogorarazi dizkio amaorde horrek. Txantxa bat ere egin zuen, aurten Hollywoodek Edurnezuri ipuinean oinarrituta aurrekontu handiko bi film ekoitzi dituelako: «Bilboko batek etorri behar izan du onena egitera». Espainiako zinema akademiak aukeratutako filmetako bat da, atzerriko film onenaren Oscar sarirako hautagaia izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.