Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Argitaratzaile bakartien kluba

Handienei bezala egiten die lekua Durangoko Azokak txikienei, eta badira pertsona bakarraren ardurapeko argitaletxe eta diskoetxeak ere. Horietako batzuek urte asko daramate urtero etortzen. Landakoguneko paisaiako ezinbesteko elementu bilakatu dira.

Fernando Morillo, atzo, Gaumin argitaletxearen erakusmahaian. J.L.Z.
Juan Luis Zabala
Durango
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ilusiorik eta adorerik gabe ezinezkoa zatekeen zeregina da argitaletxe bat edo diskoetxe bat bakarka sortu eta bakarka kudeatzea. Batzuek urteak daramatzate hala ere horretan, eta katea ez da eten, sortu dira berriak ere. Durangoko Azokak elkartzen ditu denak.

Juan Karlos Irizar pianista eta musikagileak ez du hutsik egiten. 28 urte darama dagoeneko Durangoko Azokara etortzen, aldiro disko berri bat, gutxienez, aldean. Orozko-Gorbeia ekarri du aurten, Orozko herriaren eta Gorbeia mendiaren arteko parajeetan in situ sortutako melodiekin osatua.

Berak sortu eta grabatutako musika inoren eskuetan uztea baino nahiago izan du beti Irizarrek berak egin lan guztia, berak nahi duen moduan, eta zuzenean saldu interesa duenari. «Azokara jaisten diren baserritarren moduan eskaintzen dizkiot nire produktuak erosi nahi dituenari, zuzenean».

Azoken artean garrantzitsuena Durangokoa da, dudarik gabe, Irizarrentzat.Baita luze eta nekagarriena ere. Familiako kideen eta adiskideen laguntza eskertzen du horregatik.

Juan Rekartek ere, ausArt diskoetxearen sortzaile eta kudeatzaile bakarrak, familiaren laguntza izaten du Durangoko egunei aurre egiteko. Hala ere, oso gogorrak egiten zaizkio. «Goizeko zazpietan altxatzen naiz, txakurra ateratzeko eta etxeko beste zeregin batzuetarako. Gero, egun osoa hemen eman, eta gauean jota iristen naiz etxera, zuzenean ohera joateko gogoz».

Hamazazpigarren ekitaldia du dagoeneko Rekartek Durango Azokan. Aurten ez dago horren bakarrik, klasikArt zigiluan elkartuta baitaude, iaztik, ausArt diskoetxea eta Duo Seraphin pentagrama-argitaldaria. Ez da diskoak saltzeko aukera Durangoko Azoka interesgarri egiten duen abantaila bakarra, Rekarteren ustez. «Internetez ere saltzen ditugu diskoak, baina hemen erosle batzuekin aurrez aurre egoteko eta hitz egiteko aukera daukagu. Atzo andre bat etorri zen Bilbotik hona, espresuki ausArtek zer atera duen ikusteko».

Danborjole txikia disko kolektiboa da aurten ausArten eskaintza nagusietako bat, baina Jesus Guridiren omenezko disko berri bat ere ekarri du, beste eskaintza batzuen artean, Rekartek Durangora.

Lan egiteko «beste era bat»

Irizar eta Rekarte baino berriagoa den arren Landakogunean, Ramon Etxebeste da Durangoko Azokako beste bakarlari ezagun bat, Meettok argitaletxearen sortzaile eta arduraduna. Duela bost urte sortu zuen argitaletxea eta hona datorren laugarren aldia da. «Beste lan batzuetan ibili ostean, nire ibilbide profesionalaren amaiera gisa planteatu nuen argitaletxe hau sortzea», dio Etxebestek, «beste modu batean lan egiteko, neure erara». Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan nobelaren gaztelaniazko itzulpena ekarri du, besteak beste, Durangora, egileak berak egina: Cavando el agua.

Fernando Morilloren kasuan, aurtengo ekitaldia izan da bere bakarlari esperientziaren aurrenekoa, aurten sortu baitu Gaumin argitaletxea, aspaldidanik buruan bueltaka zeukan egitasmoa gauzatuz, «hainbat laguntzaileren babesarekin», baina ekimen guztiz pertsonal batean.

Oso gustura dago Morillo Durangon izandako harrerarekin, gisa horretako abentura baterako horren beharrezkoa den adorea pilatzen laguntzeko balio izan baitio esperientziak. «Jende asko izan dugu, eta interes handia erakutsi dute batzuek». Bereziki pozgarria izan da Morillorentzat entzuteko liburuak erosi dituzten batzuek agertu dioten esker ona. «Itsuentzako horrelako oso lan gutxi daudela esan didate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.