Hilberria. Ieng Sary

Khmer Gorrien diplomazialaria

mikel rodriguez
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Kanbodiako historian mugarri bat ezarri zuen Khmer Gorrien mugimenduak. Horren hazia Parisen erein zuen ikasle talde batek, 1950eko hamarkadan, eta horien artean zegoen Ieng Sary (Nhan Hoa, Vietnam, 1925-Phnom Penh, Kanbodia, 2013). 1963an, Kanbodiatik erbestera jo behar izan zuen alderdi komunistako bertze kide nagusiekin. Han hasi zen garatzen Khmer Gorriek boterea eskuratzean bere eginkizun nagusia bihurtuko zena: diplomazia. 1975-1979 artean Atzerri ministro izan zen, Khmer Gorrien errepresioak eta politikak Kanbodiako biztanleriaren laurden inguru hil zuten aldian. Hiriburuko ospitale batean hil da Ieng Sary, preso, epaia jaso gabe.

Vietnamgo gutxiengo khmerraren komunitate batean jaio zen Ieng Sary. Ama txinatarra zuen. Kim Trang izen vietnamdarra zuen jaiotzez, baina Khmer Gorriekin bat egitean, aldatu egin zuen. Saloth Sar Pol Pot mugimenduko buruzagiarekin lotura estua izan zuen gaztetatik. Lizeo berean ikasi zuten, Phnom Penhen, Kanbodia Frantziaren kolonia zenean, eta Parisen ere elkarrekin egon ziren. Adiskidetasuna familia arteko harremana ere bihurtu zen, Pol Poten lehen emaztea, Khieu Ponnary, Ieng Saryren emaztearen ahizpa baitzen, Khieu Thiritena. Thiritek, senarraren izena hartu zuen: Ieng Thirit. Kausa berean prozesatu zuen Kanbodiarako auzitegi bereziak, baina haren osasun egoera dela eta, ez dute epaituko.

Ieng Sary prozesuaren erdian hil da. Atzerri Ministeriotik erbestean zeuden diplomazialari eta intelektualen itzulera erraztea leporatu zioten, ondoren kontzentrazio eremuetan sartu, torturatu eta hiltzeko. Khmer Gorriek boterea galdu ondoren, gerrilla bat eratu zuten. 1996an desertatu zuen Ieng Saryk, eta amnistia jaso. 2007an atxilotu zuten. Epaiketa «bidegabea» zela erran zuen, amnistia jasoa zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.