Katalunia. Burujabetzaren bidean (eta VI)

Ultraeskuinaren erasoa Madrilen Generalitateak duen bulegoan

Dozena bat faxista «Katalunia Espainia da» oihukatuz sartu dira Diada ospatzeko prestatutako ekitaldian

Generalitateak Madrilen Diadaren karietara antolatutako ekitaldian gertatutako erasoaren irudiak, bideo grabazio batetik atereak.
Ainhitze Ruiz.
2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Madrilgo Blanquerna Kultura Zentroan Kataluniako Diada ospatzen ari ziren bitartean, ultraeskuindar talde bat sartu zen atzo arratsaldean bertara «Katalunia Espainia da» oihukatuz. Bertan, Generalitatearen Madrilgo egoitzan, 40 pertsona inguru zeuden eta hauetako hainbat erasotu eta beste batzuk lurrera botazituzten.

Jokin Bidarratz EAJko senatariak jakinarazi zuenez, «dozena bat faxista» sartu ziren «Katalunia Espainia da» oihukatuz; guztiak aurpegia bistan zeramaten, bidea ireki zuenak izan ezik. Ultraeskuindarrak minutu gutxi egon ziren Generalitatearen Madrilgo egoitzan, eta bertako kristalak hautsi eta apalak lurrera bota zituzten. Horrez gain, negarra eragiteko gasa ere bota zuten, Bidarratzek BERRIAri esan zionez.

Ultraeskuindarrak zentroko ate nagusitik sartu ziren eta zuzenean eraikineko behealdean dagoen bilera aretora joan ziren, «ez gaitzatela engainatu, Katalunia Espainia da» oihukatuz. Behin barruan zeudela, han zeuden hainbat pertsona bultza eta lurrera bota zituzten aurrean zegoen oholtza gainera iritsi arte; horien artean Josep Sanchez Libre CiU-ko diputatua bultzatu zuten, Jokin Bidarratzek jakinarazi duenez. Oholtzara iritsitakoan, bertan zegoen bandera kataluniarra kendu eta Espainiako bandera arranodunak erakutsi zituzten, baita eskuin muturrekoak ere.

Blanquerna zentroko langileek bertan zeudenak atera behar izan zituzten negarra eragiteko gasaren ondorioz. Horien artean Iñaki Anasagasti, EAJko senataria.

Zentroko zuzendariak Poliziari deitu zion, baina agenteak iristerako ultraeskuindarrek alde egin zuten. Madrilgo polizia buruzagitzak esan duenez, gertatutako aztertuko dute erantzukizunak ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.