Venezuela. Hauteskunde ostea. Gonzalo Gomez Freire. Patria Socialista plataformako kidea

«Herritarren gidaritza bereziki une latz honetan da garrantzitsua»

Mugimendu sozialek gobernuarekin batera lan egiteko egiturak sortzea proposatzen du 'aporrea.org'-en sortzaileak; aukera paregabea ikusten du prozesuaren arazoei aurre egiteko.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gonzalo Gomez Freire 2002ko estatu kolpearen harira sortu zen aporrea.org interneteko komunikabidearen sortzailea da, Marea Socialista korronte politikoko kidea, eta Patria Socialista plataformaren sortzaileetako bat. Nicolas Madurori babesa emateko eratu zuten, ikuspuntu kritiko bat lantzeko. Pentsalariek, langileek eta herritarren plataformako buruzagiek sortua da. Herenegun eta atzo eztabaidatu dituzte prozesu bolivartarraren baitan korapilatuta dauden arazoen balizko irtenbideak, eta prozesuaren beraren etorkizuna.

Estatu kolpe baten testuinguruan gaude berriz ere. Zer gertatuko da?

Ofentsiba kolpistari erantzun behar diogu, behar den mailan. Capriles, eta gobernua onartu nahi ez duten gainerakoak, neutralizatu behar ditugu. Indarkeriaz betetako aroan sartu gara, giza eskubideen urraketekin. Baina duela 11 urte ere hori egin zuten, eta pertsona berak zeuden, Capriles tartean. Esperientzia bat daukagu. Bota egin genituen mugimendu zibil eta militar batekin. Erantzun hori eman behar dugu. Irmoa, eta baketsua.

Gobernu berriak iraungo du?

Egoera zaila da, baina aukera historikoa daukagu prozesu bolivartarrak beste urrats bat egin dezan. Herritik bultzatu behar dira politikak, eta iraultza sendotu. Une latz honetan da bereziki garrantzitsua herritarren gidaritza. Proiektu bolivartarra sustraituta dago herrialdean, lortutakoa asko da, eta iragan bortitza gogoan daukagu. Herria prest dago etor daitekeenari aurre egiteko.

Zer etorriko da?

Espero dezagun iraultza sendotzeko garaia etorriko dela, arazoei errotik heltzeko ordua, prozesuaren beste aro bat.

Horretan aritu zarete egunotan, mugimendu sozialek arazoak konpontzeko gobernuari egin behar dioten presioaz eztabaidan, Chavezen ondarea deitzen diozuena oinarrian hartuta. Zein daChavezen ondarea?

Chavezek urriaren 7an irabazi eta gero, ministroen aurrean Golpe de timón idatzian gordeta dagoenaz hitz egin zuen. Kritika eta autokritikaren garrantziaz ari da, komunen eraikuntzaz, botere popularrarenaz, estatu kapitalista ordezkatuko duen estatu komunalaz. Baina oraingoz ez dago jabego eta bide produktiboen modu berri bat. Sare antzeko bat eratuz joan beharko genuke, paraleloki burgesiaren desjabetzearekin, eta eredu produktibo bat ezarri beharko litzateke prozesu iraultzailean, modu integralean. Horiek dira Chavezek egiten dituen azken gogoetetako batzuk. Eraginkortasunaren arazoa planteatzen du, ustelkeria, burokratitazioaren arazoa. Horrek eragiten du jendeak ez jasotzea espero duen erantzuna: instituzioen tratu txarrak ikusten ditu konkista guztien gainetik, egin diren aurrerapen guztien gainetik, belaunaldi berriek batez ere. Orain lehen aldiz bozkatzera doan jendeak hamalau urte egin ditu prozesu iraultzailearekin, ez dute konparazio punturik, eta hori eskuinak baliatu du.

Hauteskundeak erraz irabaziko zenituztela zirudien, baina ez da horrela izan. Zer gertatu da?

Chavez ez egotea oso garrantzitsua da, baina egitura faktoreekin zerikusia duten beste arazo batzuk daude, eta batzuk oso puntualak. Chavezek urriko hauteskundeak irabazi zituen konkista handiak genituenean. Etxebizitza misioa, lana antolatzeko lege berria, zaharrentzako estaldura, pentsio sistema... Chavez hil zenean, herria masan mobilizatu zen, konpromisoa hartu zuen, zin egin zuen, indar emozionala egon zen, ez soilik kontzientzia, pentsarazi ziguna emaitzek iraungo zutela, edota gainera gaindi zitezkeela.

Baina horren erdian, debaluazio bat gertatu zen, dolarrak ematen jarraitu zitzaien atzerriko enpresariei, espekulatu egiten dute prezioekin, eta arazo horiek badute estrategia konspiratzailearekin zerikusirik; baina zerikusia dute, halaber, ez dugulako aurrera egiten produkzio eredu berri batekin, herria hornitzeko nahikoa baliabide dituena, esplotazio kapitalista ez beste zerbait.

685.000 botoren galeraz hitz egin duzue?

Hor kapital bat genuen, eta gobernadoreen hauteskundeetan oposizioak zituen hainbat eremu irabazi genituen. Orain, eremu batzuk galdu ditugu, Chavezen lidergoa ez egoteaz gain, venezuelar askok prozesua geldirik ikusten dutelako, botoa ez baita Maduroren alde ematen soilik, iraultza bolivartarraren alde baizik.

Lanean nondik hasi beharko luke Madurok?

Mugimendu sozialak barneratu behar dituen dinamika sortu behar du, herritarren erakundeak, egin behar denaren gainean proposamenak egiteko. Demokrazia parte hartzailea bultzatzen ari bagara, ez da Madurok edo gobernuak egingo duena, erreferentzia esparru baten barruan eztabaidatzen eta proposatzen duguna baizik. Aberriaren programa, Chavezek planteatzen duen norabide aldaketa, eta gure lanketak.

Neurri jakinak, zeintzuk?

Egoera ekonomikoari lotutakoak. Gobernuak kontrolatu beharko luke atzerriko merkataritza, inportazioak berak gainbegiratu, burgesiari utzi gabe, zeinak ekartzen duena baino askoz gutxiago deklaratzen baitu, eta ustelkeriak jota dauden funtzionarioak kontrolatu behar ditu hori gerta ez dadin. Inpunitate horri erasotu behar diogu.

Herriko finantzak kontrolatu behar ditugu, gutxiengo soldatak ez ezik gainerakoek ere igo behar dute. Zergen sistema ere aldatu behar da, dirudunei ezarri behar zaizkie. Enpresetako kontrol popularra ere berreskuratu behar dugu estatuaren enpresetan. Sindikalista askok enpresetako kudeaketan parte hartzen dute, eta horrek langile klasearen jerarkizazioa dakar, eta langileekin harremana galtzen dute.

Nola aldatu horiek?

Uste dugu arloka osatu behar direla konstituziogileak, osasunarena, komunikabideena, langileena... Ekintza horien emaitzek ekarpena egitea nahi dugu, gobernuak kontuan har dezan, baina prozesu iraultzailearen aktore eta subjektu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.