Brendan Guillouzic-Gouret. Breizhistance mugimenduko kidea

«Bateratzearen alde azken 40 urteotan egin den mobilizaziorik handiena da»

Iragan larunbatean, milaka jende bildu ziren Naoned hirian, Loire Atlantique lurralde historikoa Bretainiari berriz lotzea aldarrikatzeko. 44=Breizh kolektiboa deitzaileen artean zen.

«Bateratzearen alde azken 40 urteotan egin den mobilizaziorik handiena da».
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Emgann mugimenduaren segida hartu zuen Breizhistance mugimenduak 2008-2009an, jasan errepresio eta auzien ondotik. Egun lan politiko bat darama tokian toki. 44=Breizh kolektiboko partaidea da.

Zer lan ildo jorratzen du Breizhistance-k?

Tokian berean Notre-Dame-des-Landes-eko aireportu proiektuaren aurka nagusiki, Bretainiako lurraldeen bateratzeari buruz, autodeterminazio eskubideari buruz, bretoieraren aldeko borrokak...

Bretainia guztian zabalduak zarete?

Gehienbat hirietan antolatuak gara, Naoned eta Roazhonen. Bretainia beherean, Finisteren bezala, zailago da mugiaraztea.

Elkarlanak ere badituzue NPA bezalako ezkerreko frantses alderdiekin.

Sant-Ervlan herrian demagun, zerrenda bat aurkeztu zen herri hauteskundeetan, Breizhistance, NPA eta Ezkerreko Frontearen sostenguarekin. Tokian toki ez da arazorik. Ez da Parisko Ezkerreko Frontearen ikuspegi jakobinorik agertzen hor. Europako hauteskundeentzat adibidez, zerrenda komun bat aurkeztuko dute NPAk eta Breizhistancek.

Independentziaren eta Bretainiaren ezagupenaren ideiak zer leku du egungo gizartean?

Beldur gutiago sortzen du duela hamar edo hogei urte baino. Ikusten dugu emeki-emeki guk aitzinatu ideia batzuek bide egiten dutela. Orain ari zaizkigu Bretainiako Biltzar baten aipatzen, bost departamenduak eta Bretainiako eskualdea bilduko lituzkeenak, parlamentu baten gisako zerbait. Urteetan, ezker independentistak eramaten duen ideia da.

Hizkuntzari buruzko jarrerak zertan dira?

Segur dena da, bretoieraren aldeko mugimendua dela lasterren aurrera egiten duena. Hor da jende gehiena biltzen. Kultura eta politika mugimenduaren batasun bat bada. Ez da aski azkar joaten, gure ustez, baina aurrerapen baikorrak badira.

Zer iritzi duzue Buruko-Gorrien mugimenduaz?

Dei egin genuen manifestaldi ezberdinetan parte hartzera, Kemper edo Karaez-Plougêr herrietan, baina kasu eginez, enpresaburu ttipi edo handien mugimendu batean ez sartzeari. Ez zen bakarrik ekozergaren aurkako borroka bat. Guretzat lanpostuen aldeko borroka zen, eta langileekin batean ibili gara. Hasieran atera dira Melenchon bezalakoak erranez eskuineko mugimendua zela, esklaboak mobilizatzen zirela beren maisuekin batera. Gaitzesgarria zaigu hori. Segur da mugimendu barreiatua dela, baina hain zuzen inportantea zen erakustea ez zela eskuinekoa, erreakzionarioa. NPAk ere parte hartu du. Hor izan behar genuen erakusteko egiazko arazo sozial bat badela Bretainian.

Iragan larunbateko manifestaldiaren deitzaileetan zen 44=Breizh kolektiboa. Barne zaudete zuek. Zer da kolektibo hori?

2008an sortu genuen, gazteen artean hasieran, Bretainia osoaren bateratzearen alde borrokatzeko. Loire Atlantique departamendua berriz Bretainia eskualdera itzul dadin. Ez gara ezker independentistak bakarrik bertan. Gehiago, ekintza zuzenean jardun nahi dugu. Buru egiteko Pays de la Loire eskualdeak daraman propagandari. Hasieran pintaketa asko egin dira propaganda horren euskarrien aurka. Auziak izan dira. Geroxeago hasi gara Bretainia Batuarekin elkarlanean, eta azkena joan den larunbateko manifestaldia izan da.

Lurralde historikoen berriz bateratzearen gaiak sostengu azkarra du gaur egun...

Bai, badu. Gero mugitzen hasten den puntutik, ikusten dira Pays de la Loire eskualdeko hautetsiak mugitzen, bateratzearen aurka baitira. Legez traba handiak badira ere Loire-Atlantique departamendua Bretainiako eskualdean berriz sar dadin. Gizartean, jendea alde da, aburu ikerketetan %60 alde agertzen dira, baina asko iritzirik gabe dira, eta horiek konbentzitu behar genituzke, demagun, erreferendum bat balitz.

Manuel Vallsek, eskualde handiago batzuen egiteari buruz erran dituenen ondotik, bide bat zabaltzen ote du ala arrisku bat bada?

Kasu egin behar da, zeren erran duena baita ez zela galdeketarik izanen eskualdeen birmoldaketaz, eskualdeak ez balira ados ematen, gobernuak lukeela erabakiko nor norekin jarri. Guretzat arrisku bat da, Pays de la Loire eskualdeko hautetsiek dena egin baitezakete Loire Atlantique ez dadin Bretainiari berriz lotua izan, eta gobernuak erabil dezake hori Mendebaldeko eskualde handi baten egiteko. Horrek erran nahiko luke Bretainiaren desagerpena.

Larunbateko manifestaldian 10.000 jenderen parte hartzea aipatzen duzue, zer interpretazio egiten duzue?

Balorazio baikorra, pozten gara. Nahiago genuke beti gehiago izan dadin, baina azken berrogei urte hauetan egin den mobilizaziorik handiena da lurralde bateratzearen alde. Erakusten du aldarrikapena joanagoa eta indartsuagoa dela. Maiatzaren 13an beste ekintza bat eginen dugu Naoneden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.