Kirola, bere horretan

Hondarribiak bere lana ondo egiteari etekina atera zion Orion, baita Kaikuk lehen ziabogan izan zuen ezbeharrari ereOriok hartu du San Miguel ligako burua, nahiz eta etxean uste baino apalago ibili

Hondarribia, herenegun, Orioko uretan, ahalegin betean; hasi eta bukatu, estropada bikaina egin zuten gipuzkoarrek. GORKA RUBIO /ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Kirolak bere ezaugarriak dauzka, normala den bezala. Lehia du horietako bat, eta arraunean San Miguel liga du lehiaketa nagusia. Irabazleak eta irabazten ez dutenak dauzka kirolak, eta igandean, Orion, ligako bederatzigarren estropadan, Hondarribia izan zen irabazlea. Galtzailea Kaiku izan zen, eta Orio erdibidean geratu zen: batetik, garaile izan zen, ligako lider berria delako, baina ez irabazle ere izan zen, uste baino estropada apalagoa egin zuelako. Kirolaren hainbat alderdi azaldu ziren Orioko estropadan.

Arraunlarien jarduna azaltzen hasteko ezbehar bat, Kaikuri gertatua lehen ziabogan. Kateatuta geratu zen aurrekalariaren arrauna balizan, estuegi sartu zelako ontzia. Gertatzen dira halakoak kirolean, zorte txarrak ere lekua eskatzen baitu batzuetan, inoren lagun ez bada ere. Inoiz ez da jakingo zer gertatuko zen istripu hori izan ez bazen, baina ematen zuen Kaikuk sekulakoak eta bi egin behar zituela. Estropadaren burua hartu zuen lanak hasi orduko, eta hiru bat segundoko tarteak zabaldu zituen besteekiko: Hondarribia, Orio eta Urdaibai.

Baina kirolaren alderdi ilunetako bat jarri zitzaion parean, zorigaiztoa azaldu zitzaion unerik onenean, eta ordura arteko gozamena zena etsipen eta amorrazio bilakatu zen. Balizara kateatuta zegoen arrauna askatzerako hogei bat segundo joan ziren, eta, jakina, beste hiru ontziek ospa egin zioten Kaikuri.

Orduan hartu zuen estropadaren burua Hondarribiak. Bi segundo aurretik sartu zen bigarren ziabogan. Gertu zituen Orio eta Urdaibai, eta aldeak txikiak izan arren, bera zen buruan. Eta hori garrantzitsua da arraunlarientzat, burua onerako hasten zaielako lanean: konfiantza, motibazioa eta abar. Orio atzean utzi zuen hirugarren luzean, eta Urdaibaik bakarrik ken ziezaiokeen bandera. Artean ere bi segundoren aldea zeukaten biek. Azkeneko luzea geratzen zen, eta Hondarribia ez zegoen banderari ihes egiten uzteko; bigarrena nahi zuen segidan ligan. Arraunean ondo eginez, eta estutu behar zenean estutuz, aldeak pixka bat handitu zituen azken luzean Urdaibairekiko. Azkenean, hiru segundo kendu zizkion. Eta irteera ustela egiteagatik hiru segundoko zigorra zuenez, Bermeoko ontziak, zazpi izan ziren. Horra kirolaren beste ezaugarri bat: epaileen lana. Eztabaidagarria zenbait kasutan; herenegun, esaterako.

Orio asmatu ezinda ibili zen, baina eutsi egin zion hirugarren lekuari, Kaiku urruti ez izan arren. Bost segundo baino ez ziren egon bien artean. Bi konturen berri ematen du horrek: batetik, Oriok ez zuela asmatu estropada biribila egiten zaleen aurrean. Ohi baino biziago egin zuen arraun, eta ontzia ez zen besteetan bezala joan. Kaikuren lan ona ere nabarmentzen du, eta zorte txarrak bakarrik galarazi zion handiren bat egitea. Igandeko emaitzak pozen bat ere utzi zuen Orion, ordea: ligako lider berria izatearena.

Beste gainontzean, Tiranen eta San Juanen lan ona aipatu behar da. Bigarren txandan lehen bi postuetan izan ziren. Beheko lehiari dagokionez, Zumaiak bigarren egin zuen txandan, eta aurrea hartu zien PedreƱari eta CastreƱari; tartea ireki dio azkenari.

Zumaia, Euskotren ligan

Orioko estropada festari hasiera ematen emakumezkoak aritu ziren. Euskotren ligako beste estropada bat zeukaten, joan zen asteko sailkatze estropaden hurrengoa. Ez zen ezusterik izan. Ez, behintzat, lehen postuari dagokionez. Zumaiak irabazi zuen, orain arteko estropada guztietan egin duen bezala. Ezustea bigarren lekuan egon zen, Hibaikak aurrea hartu ziolako San Juani. Horrekin lotuta, ezustetzat ere har daiteke zumaiarrek atera zioten alde txikia: zazpi segundo.

Eguneko beste estropadan, KAE 2ko hirugarren jardunaldian, Hondarribia B-k irabazi zuen, San Pedro B eta Arkoteren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.