Zoila Berastegi. Antzerkizale Egunaren antolatzailea

«Sare bat eraikitzen badugu, errazago izango da euskaraz sortzea»

Euskara eta antzerkigintza sustatzeko, Ehaze antzerkizale elkarteko hainbat kiderekin Antzerkizale Eguna antolatu du biharko, Berriozarren. Nafarroan izanen da lehenbizikoz.

Iker Tubia.
Iruñea
2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bihar, Antzerkizale Eguna ospatuko da Berriozarren (Nafarroa). Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak antolatu du, Jalgi hadi taulara lelopean. Lizarra, Arbizu eta Iruñeko bost lagun jo eta su dabiltza dena ongi ateratzeko lanetan. Haietako bat da Zoila Berastegi (Arbizu, 1984). Euskalduna eta aktorea. Euskarazko antzerkigintzaren egoera makurra iraultzeko gogoz dago, oztopo guztien gainetik. «Hotzari umorez eta gorputzak astinduz aurre egingo diogu».

Antzerkizale Eguna lehenbizikoz ospatuko duzue Nafarroan.

Hau laugarren urtea izango da. Orain arte, Bizkaian eta Gipuzkoan egin dute, eta, aurten, kointzidentzia eta harreman batzuengatik proposatu ziguten Nafarroan egiteko aukera. Oso ondo iruditu zitzaigun, guk ere euskal antzerkigintza sustatzeko beharra ikusten dugulako. Aurretik ere egin izan dute saioren bat Nafarroarekin elkarlanean aritzeko, baina ez zuen aurrera egin. Hau beste ahalegin bat da.

Zertan datza antzerkizaleen egun bat?

Euskal antzerkigintza jendarteratzea da helburua, antzerkia euskaraz sortzea oso garrantzitsua dela ikusten dugulako, baina baita zaleak sortzea ere, euskarazko antzerkiak publikoa izan dezan. Helburua da, alde batetik, euskarazko sorkuntza bultzatzea, eta, beste alde batetik, zaletasuna sortzea.

Antzerkia ezin falta.

Goizean, alde batetik, tailerrak egongo dira haurrentzat eta helduentzat, doan, eta, bestetik, irakurketa dramatizatuak. Irakurketak euskal eragileek egingo dituzte. Helburuetako bat euskalgintza antzerkigintzara gerturatzea izan da, eta hori lortzeko modu erraza irakurketa dinamikoak proposatzea izan da. Bazkaria ere egongo da; bazkalostean, bakarrizketak, umeentzako ipuin kontalaria eta mikro-antzerkiak Berriozarko tabernetan. Zazpietan, manifestu irakurketa egingo dugu; gero, sari banaketa eta bukaerako antzezlana: Itzalak ikuskizuna, Kabiak konpainiaren eskutik. Sarrerak salgai egongo dira Berriozarren Kaleberri tabernan eta Auzalor euskaltegian, eta Iruñean Karrikirin eta Meson de la Nabarreria tabernan.

Beraz, egun oso bat zaleei so.

Biei. Aurten, alde batetik, antzerki munduan gabiltzanok Nafarroako euskal antzerkigintzaren egoerari buruzko hausnarketa bat egitea nahi izan dugu, eta horretarako mahai ingurua antolatu dugu gaurko. Horretaz gain, euskara antzerkira eta antzerkia euskarara gerturatzen saiatu gara. Horregatik, egitaraua egiterakoan euskal eragileekin eta antzerkiaren munduan dabilen jendearekin lan egin dugu.

Hausnarketa eginen duzue, bainalehenagotik ere eginen zenuten diagnostiko bat.

Antzerkigintzaren egoera nahiko kaskarra da, eta euskal antzerkigintzarena are kaxkarragoa hemen, Nafarroan. Egia da gehienbat haurrentzat edo publiko gaztetxoarentzat sortzen direla euskarazko obrak eta ez dagoela hau indartuko duen sare edo zirkuitu bat. Aurrekontu aldetik ez dago gauza handirik, eta garrantzitsua iruditu zaigu [egun] hau aurrera ateratzea.

Beraz, aldarrikapen kutsua ere badu.

Aldarrikapena beti dago. Nafarroan, izan euskara izan antzerkia, aldarrikapen kutsu bat beti izango du, oraingoz behintzat. Baina, berez, Antzerkizale Eguna ospakizuna da, irekia, eta aurten, oso parte hartzailea. Eta, gehienbat, lehenengo pauso bat da. Orain arte, pausoak eman dira, eta jendea lanean badabil. Baina, aurten, mahai inguruari begira galderak egin nahi ditugu: errealitate hau dugu, eta orain zer egin behar dugu? Etorkizunera begira zer erronka ditugu, nola lan egingo dugu, nola saretuko gara? Nafarroa non kokatzen da Euskal Herriko antzerkigintzan?

Nafarroako Gobernuak aurten ere murrizketa handia egiteko asmoa du. Nola ikusten duzue etorkizuna?

Latza, gorria. Pentsa antzerki eskolaren egoera ere. Hor dabil urtetik urtera geroz eta okerrago. Uste dut murrizketak hemen egon, alor sozialean egon, azkenean gizarte honetan dugun balio faltaren erakusle direla: zerk duen lehentasuna eta zerk ez. Nik uste dut kultura sustatzen ez duen herri bat oso arriskutsua dela. Egoera oso larria da, baina, aldi berean, elkarlanean aritu behar dugu, eta, horretarako, oso garrantzitsua da sarea. Kulturako eragileekin, edo dena delakoarekin, baina elkarlanean aritu, sareak eraiki eta autonomia hori lantzen joan behar dugu. Instituzioetatik etortzen ez dena herritik lantzen da, eta horretaz Euskal Herrian asko dakigu.

Nafarroako Antzerki Eskola erreferente bat da?

Antzerki eskolak lan handia egiten du antzerkigintza bultzatzeko. Euskal antzerkigintzak ere badu bere tartea; horretan udalarekin elkarlanean aritzen dira Antzerkiaroa kanpainan, eta ikastetxeekin ere egiten dute. Baina haiek haien lantzeko modua dute. Hori ondo dago, baina beste gauza batzuk ere eraiki daitezke. Nafarroan badago amateur sare bat nahiko indartsua; euskaraz ere aritzen da, baina batik bat gazteleraz, eta NAFAE ere badago, profesionalen sarea. Hemen Euskararen Legearekin euskara hutsean lan egitea ez da erraza, eta talde askok egiten dutena da gazteleraz sortu eta gero euskaratu. Orduan, hau apustu kolektibo baterako pausoa ere izan daiteke, sareak ere norbera lasaitzen duelako. Hau sustatzeko eta bultzatzeko sare bat eraikitzen badugu, errazago izango da; gehiagok erabaki dezakegu euskaraz sortzea.

Ehazek urtero banatzen du saria. Aurten nor omenduko duzue?

Mugazgain proiektuari emango diogu saria. Urte asko daramatza ikasleen artean euskal antzerkigintza sustatzen, eta urtero topaketak egiten dituzte hainbat herrialdetako ikastetxeak batuz, eta euskaraz landutako antzezlanak plazaratzen dituzte. Egunaren bukaeran banatuko dugu Udane Juaristik egindako saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.