Bira

Bozaren poza

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Politika bat da. Bozen osterako jendeen poza beste bat. Iragan asteburuan Baionatik Bilboraino ezagutzen ditudanen zorionaren partekatzeko aukera nuen. Zilarrezko itsasoak, zetazko solasak, irri biribilak eta mamur mamiak dastatzekoak ziren Getaria gainetan, Eako karriketan —Elantxoben bozka eta Ien ospa bazebilan auzapez loriosa— Gaztelugatzeko harmailetan edo Ogellako iragar ezinezko marearik gorenean.

Panoramikoa zen. Lehenak zioen txakolia burrustan —bio, alaina— Gipuzkoako herri guztiak Bildu dira, salbu bi, 1202ko konkista salbaiaren zauriak gantzatzeko bezala, besteak hitza mozten ziola tonikaz hordi: eta Bizkaiako kosta osoa zarean sartu da, barnealdea halaber. Azkenak Nafarroa aipatu zuen kafea ketan zetorrelakoaz balia. Zoko batean ameslari nengoen: bazen aspaldi ez nituela hegoaldeko haurrideak hain arin, hain alegera, hain libreikusi. Batzuek negarra begian zuten, herstura latzetarik landa bozkariotsu hondarrean oraino bizitzeko atseginaz eta kemenaz murgiltzeko gai izateaz.

Hitza askatzen zihoan, eztabaidatzeko mendeetako jaidura, ez bailitzan baina burnizko ahurraz gobernatzen duen lendacariaren ekin-ezak mutuarazi bazterretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.