Santizpiritu zubia zeharkatzean izen batek neurtu dit urratsa asteon: Lastur. Miliaren herria bisitatu nuelakoa sinets ezina iruditzen zait oraindik ere. Mendekoste astelehenez izan zen, zerua gris eta bazterrak berde samur zirela. Ez nekien orduan zer pasatu zitzaidan burutik Itziarren autopistara jo ordez Lasturrera zuzentzea erabaki nuelarik. Kanta zaharraren oiharra bide zen: «ara behar dozu Milia...».
Mendi mazela gorakoian pausatua imajinatzen nuen Lastur. Harritu nintzen aska zola hertsian etzan eta Uztapide bertsolariak abestu zinezko «Lasturko zuloa» zela ohartzean. Eliza, eskola, zezen plaza, aterpetxea, ezker paretaren aldameneko birla-tokia eta taberna. Bixente ostalariak arto irina ehotzeko aitzinako eihera edo errota erakutsi zidan adiskideki, bai eta lekua zehatz aipatu: burdinolak, harrobien bihotzak, belhagileak, Sakabi trikitilaria, Soarte harri altxatzaile ospetsua eta bistan dena Leizaolako alaba zen Milia Lastur.
Munduaren baitako mundua baita Lastur. Santagrazi eta Uxue bezala. Nire KM Zero partikularra aurkitu nuenLasturretik ateratzean eta geroztik «lausi da zerurean harria» xuxurlatzendut, sagar errearen eta ardao gorriarenbehialako epikotasunez gose.
Bira
Miliarenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu