Giltzapean 1.460 egun

Gaur, lau urte bete dira Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta atxilotu zituztenetik.

Manifestazio jendetsua egin zuten atzo, Elgoibarren, zigortutako bostak libre uzteko eskatuz. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2013ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen estrategia errotik aldatu nahi izateagatik sartu zituzten preso, gaur lau urte, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta. Giltzapean daude oraindik. 1.460 egun kartzelan. Logroñoko espetxean dituzte preso Otegi eta Rodriguez, Estremeran dute Jacinto, Dueson Diez eta Valladoliden Zabaleta. Ezker abertzalea bide politiko eta baketsu soiletara lerratzea eragin zuen eztabaida sustatzeagatik atxilotu, epaitu eta zigortu zituzten bost lagunak. Eztabaida hori ETAk aginduta bideratu zutela ebatzi zuen Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta beraz bost lagunak ETAkoak zirela esan zuen.

Lau urte igaro dira Espainiako Poliziak ezker abertzaleko bederatzi kide atxilotu zituela. Preso jarraitzen duten bost lagun horiek ez ezik, Rufi Etxeberria, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra ere atzeman zituzten sarekadan. Garzonek Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzi zien, eta Bateragune izena jarri zion eratu nahi zuten egitura berriari.

Otegik eta gainerako auzipetuek bultzatu zuten norabide aldaketa ezker abertzalean. Ziaboga politikoa sustatu zuten, estrategia politiko-militarra guztiz alde batera uztea beharrezkotzat joz. Hain justu, barne eztabaida horrek emaitza historikoak eman zituen ezker abertzalean, bide politiko soilen aldeko apustua egin baitzuen. Barne eztabaida horrek aro berria ekarri zuen ezker abertzalearen estrategian, baita euskal politikagintzan ere: Zutik Euskal Herria agiria kaleratu zuen ezker abertzaleak 2010ean, Altsasuko Adierazpenaren ildoak barneratu eta indar bilketa independentistaren aldeko deia eginez, eta 2011n su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria aldarrikatu zuen ETAk, besteak beste.

Urte bereko ekainean hasi zen Auzitegi Nazionalean Bateragune auziko epaiketa. Uztailaren 7an amaitu zen, eta irailaren 16an jakinarazi zuen epaia. Hamarna urteko espetxe zigorra eta hamarna urteko inhabilitazioa ezarri zien Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi, «erakunde terroristako buruzagi» izatea egotzita. Zortzina urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta. Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal absolbitu egin zituen epaimahaiak. Hiru magistratuek aho batez hartu zuten erabakia. Handik urte erdira Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia, zigorrak pixka bat jaitsi arren. Sei urte eta erdira murriztu zien kartzela zigorra Otegi eta Diezi: ETAko kidetzat jo zituen, ez zuzendaritzakide. Sei urtera jaitsi zien espetxe zigorra Jacinto, Rodriguez eta Zabaletari, eta ETAko kidetzat jo zituen. Goreneko epaimahaiko bost magistratuetatik hiruk sinatu zuten epaia. Absoluzioaren alde agertu zen magistratu bat, eta epaiketa berriro egitearen alde azaldu zen beste epaile bat.

Hori dela eta, iazko ekainean Bateragune auziko bost presoen defentsek babes helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Konstituzionalean, Auzitegi Nazionalak ezarri eta Gorenak berretsitako zigorra baliogabetzeko. Otegi, Diez, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguezen abokatuek lau motibo nagusi argudiatu zituzten babes helegitea jartzean: errugabetasun printzipioa urratzea, inpartzialtasunaren printzipioa urratzea, akusazio printzipioa urratzea eta justizia eraginkorrerako eskubidea urratzea.

Aurtengo ekainean, Konstituzionalak jakinarazi zuen ez zituela bost auzipetuak behin-behinean aske utziko, Bateragune auziko babes helegiteari buruz behin betiko erabakia hartu bitartean. Modu horretan, Espainiako Gobernuak fiskaltzaren bitartez egindako eskaera bete zuen Konstituzionalak.

Zigorraren ia bi herenak beteak dituzte bost auzipetuetatik lauk, eta Konstituzionalaren ohiko epeei begiratuta, behin betiko epaia ateratzerako zigor osoa edo ia osoa beteta edukiko dute bostek. Hala ere, auzitegiko magistratuek ez dute presa handirik erakutsi auziaren muinari heltzeko.

Edonola ere, azpimarratzekoa da uztail hasieran Konstituzionala erabat berritu izanak zuzenean eragin dezakeela Bateragune auziak har dezakeen norabidean. Izan ere, auzitegia berritu arte barruko indar korrelazioa progresista deitzen diotenen aldekoa zen: zazpi epaile progresista eta bost kontserbadore zituen. Osaera berritzean, ordea, aldatu egin da indar korrelazioa: kontserbadoretzat jotzen diren zazpi eta progresistatzat jotzen diren bost gelditu dira. Gainera, Francisco Perez de los Cobos PPko kidea izendatu zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente. Horien esku dago orain bost presoek jarritako babes helegiteei erantzuna ematea. Bitartean, kartzelan segitzen dute bost lagunek. Bide baketsuen alde egiteagatik, 1.460 egun daramatzate giltzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.