Ezker abertzalearen alderdi berria. Estatutuen aurkezpena

Indarkeria irmo errefusatuta, legezko izateko eskatu du ezker abertzaleak

Alderdi berriak edozein eratako indarkeria, ETArena ere bai, eta bortxa erabiltzen duten taldeekiko «elkarkeria» errefusatuko duETAren indarkeria «behin betiko desagertzea» lortzeko asmoa agertuko du

Alderdi berriaren estatutuen alde juridikoa azaldu zuen Iñigo Iruin abokatuak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Bilbo
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Alderdi politiko berria printzipio berrietan oinarritzea erabaki duezker abertzaleak. Rufi Etxeberriaren hitzetan, «neurri historikoa duen hausnarketa baten» ondorioz, ezker abertzalearen norabidean «aurreko eta ondorengo denbora» finkatuko dituen gogoeta baten ondorioz. Printzipio berri horiek alderdi berriaren estatutuetan jaso dira, argi eta garbi, Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek atzo Bilbon egindako ekitaldian azaldu zutenez. Mugarri bat izango dira, «indarkeriazko gertakarien inguruko kontestualizazio politikoak» alde batera utziko dituelako eta bide soilik politiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa «irmoa eta zalantzarik gabea» izatea erabaki duelako.

Rufi Etxeberriak aurreratu zuen zein norabide hartuko duten alderdi berriaren estatutuek: «Aurkeztuko diren estatutuetan, ezker abertzalea helburu politikoak eskuratzeko indarkeriaren edota mehatxuaren erabileraren aurka azalduko da, eta erabilera hori errefusatuko du. Hor barnean dago ETAren indarkeria ere, zeinahi delarik hartuko lukeen forma».

Halaber, proiektu berriak ez du ez justifikatzen ezta babesten ere indarkeriaren erabilera, «zeinahi delarik haren iturria edota ezaugarria». Horri, Rufi Etxeberriak azaldu zuenez, beste kontzeptu bat erantsi dio: helburu politikoak eskuratzeko bortxakeria erabiltzen duten erakundeekiko «elkarkeria politikoa» ere errefusatuko du proiektu berriak. «Indarkeriaren ukapen agerikoa eta berekiko elkarkeria mota guztien bazterketa bide soilik politiko eta demokratikoen alde egiten dugun apustuaren ondorio zuzenak dira, eta horrelaxe jasoko dira indar politiko berriaren estatutuetan», laburbildu zuen Etxeberriak.

Legeztapena eta baldintzak

Ezker abertzalearen proiektu politiko berriak legezko izan nahi du, ezarri zaizkion lege betebeharrak betetzen dituela uste baitu, eta, horregatik, alderdi berria legeztatzeko eskatu zuen atzoko ekitaldian.

Iñigo Iruin abokatuak nabarmendu zuen ezker abertzalearen proiektu berriak Espainiako auzitegiek eskatutako baldintza guztiak beteko dituela eta legezkoa izatea dagokiola. Hori frogatzeko, alderdi berriaren estatutuetako artikulu batzuk azaldu zituen eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarekin erkatu zituen.

Adibidez, Iñigo Iruinen arabera, bereziki, estatutuetako hirugarren artikulua da esanguratsua: «Ekintza politikorako tresna edo helburu politikoak lortzeko bitarteko gisa indarkeria erabiltzearen arbuiotik garatuko du alderdi berriak bere jarduera, edozein dela bere jatorria edo izaera; ETArena barne, pertsonen oinarrizko askatasun eta eskubideak urratzen dituen subjektu aktiboa den heinean».

Estatutuetan dudarik uzten ez duten beste hainbat baieztapen jasotzen dira bide berean. Adibidez, atarikoan, alderdiak «indarkeria oro, eta bereziki ETArena, behin betiko eta erabat desagertzeko borondatea» adierazikodu.

Iñigo Iruin abokatuaren arabera, Auzitegi Gorenak oso baldintza zehatzak jarrita dauzka ezker abertzalea legezko izan dadin. Jurisprudentzia horren arabera, ezker abertzaleko kideek alderdi berri bat osatu ahal dute, baina beraiei dagokie frogatzea ez dagoela jarraipenik «gaitzespen edo arbuio jarrera baten bidez». Halaber, arbuio horrek ETAren biolentzia espresuki bildu behar du. Kontrazantzu hori nahikotzat jo zuen Auzitegi Gorenak ASBren kasuko autoan. Horregatik, Iruinen ustez, estatutuetan jasotzen den errefusatzearen tamaina (indarkeria ororena eta ETArena ere bai) «nahiko kontrapisua da» eta nahiko izan behar du ETAren indarkeriarekiko edozein elkarkeria deuseztatzeko.

Legeak agintzen dituenak betetzen badira, Iruinen ustez, «estatutuak konstituzionaltasun usteak babestuta daude». Inskripzioa onartu beharko litzateke, «erabakia Auzitegi Goreneko sala berezira eraman gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.