Albistea entzun

Sorturen legeztatzea

Hamar urte itzalpera zigortu ostean, ezker abertzalea legezkoa da berriz

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legeztatu egin du Sortu, ozta-ozta: sei magistratu legeztatzearen alde, bost kontra

Gorenaren epaiak baldintza batzuk zehaztuko ditu, legezko izaerari eusteko
Sortu legeztatzearen alde iazko apirilean Bilbon eginiko manifestazio jendetsua; Gernikako Akordioko eragileek deitu zuten.
Sortu legeztatzearen alde iazko apirilean Bilbon eginiko manifestazio jendetsua; Gernikako Akordioko eragileek deitu zuten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Oihana Elduaien -

2012ko ekainak 21

Sortu legezkoa da, eta, beraz, ezker abertzalea legezkoa da. Hamar urte legezko alderdirik gabe eta jarduera politikoa normal egiteko oztopo handiak izan ostean, gainerako alderdiek bezala aritzeko eskubidea edukiko du aurrerantzean. Eta erabakia irmoa da. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eman du, Espainiako Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren eskaeren kontra eta Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitako legez kanporatzea atzera botata. Sorturen estatutuek Espainiako Konstituzioa betetzen dutela erabaki du tribunalak, eta alderdien erregistroan onartu beharko du Espainiako Barne Ministerioak.

Nolanahi ere, erabakia ez da aho batekoa izan. Aurretik ere ikusten zen arrakala nabarmen agertu da atzoko erabakiarekin. Konstituzionaleko sei magistratuk egin dute Sortu legeztatzearen alde, eta bostek kontra. Progresistatzat jotzen diren seik egin dute alde: Elisa Perez Verak —horrek idatzi du epaia—, Pablo Perez Trempsek, Luis Ortegak, Adela Asuak, Pascual Salak eta Eugeni Gayk —azken bi horiek tribunaleko lehendakaria eta lehendakariordea dira, hurrenez hurren—. Kontserbadoretzat jotzen diren lau magistratuk kontrako botoa eman dute: Luis Perez Cobosek, Francisco Hernandok —erietxean egon arren botoa eman zuen—, Javier Delgadok eta Ramon Rodriguez Arribasek, eta gauza bera egin du progresistatzat jotzen den Manuel Aragonek ere. Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, azken hiru magistratuek bereziki jarrera gogorra erakutsi dute Sortu legeztatzearen kontra, eta boto partikularra idaztekotan dira. Horregatik ez zuten epaia jakinarazi atzo, haiek beren txostena idazten dutenean dena batera jakinaraziko dute, «datozen egunetan».

Epaiaren testurik ezean, bi puntu laburreko ohar bat baino ez zuen kaleratu Auzitegi Konstituzionalak. Batetik, helegitea jarri zuten Sortuko kideei arrazoia eman die, alderdi politikoak sortzeko eskubidea urratu egin zaiela onartuta. Bestetik, Espainiako Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak Sortu legez kanpo uzteko hartutako erabakia atzera bota du, eta, beraz, Sorturi erregistratzeko aukera onartu behar zaiola dio.

Ofizialki esan ez bazuten ere, berri agentziek atzo bertan aurreratu zuten Konstituzionalaren epaiak baldintza zehatzak jarriko dituela Sorturekin. Zehaztu egingo dio legez kanporatu ez dezaten zein baldintza bete beharko dituen. «Zehatzak eta zalantzarako tarterik gabeak» izango direla diote iturri horiek. Horretan, bat etorri dira erabakia hartu zuten magistratu guztiak.

Bi astez eztabaidatu ondoren hartu dute erabakia magistratuek. Atzoko bilerara hasierako txosten berritua eraman zuen Perez Verak, aurreko deliberazioetako zuzenketak sartuta. Testu hori onartzea erabaki zuten.

Kasu gehiago

Ez da aurreneko aldia Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren ilegalizazio erabaki bat atzera botatzen duena. Bildu koalizioarekin horixe gertatu zen duela urtebete, udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina hasi baino momentu batzuk lehenago. Oraingoan gertatu den bezala, sei eta bostekoarekin hartu zuten erabakia orduan ere, oraingo epaile berberek norabide berean emandako botoekin. Konstituzionalak orduan argudiatu zuen Bilduri «badaezpadako neurri gisa» bozetara aurkeztea galarazteak «Zuzenbide estatua bera jartzen zuela arriskuan».

Konstituzionalak 2009an bota zuen atzera Gorenaren beste ebazpen bat. Iniziatiba Internazionalista-La Solidaridad Entre Los Pueblos (II-SP) hautagaitzaren kasua izan zen hura. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen plataforma hori, eta Alfonso Sastre zen hautagaietako bat. Hautagaitza hori ETAk «infiltratuta» zegoela esan zuen Gorenak, baina, Konstituzionalaren arabera, ETAk «zuzenduta» zegoela esateko froga bakar bat ere ez zegoen.

Hain irmo izan gabe ere, 2003ko udal eta foru hauteskundeetan ere Gorenaren erabakia aldatu zuen Konstituzionalak. Orduan, Gorenak atzera bota zituen 241 hautesle plataforma. Haietako hamasei legezkoak zirela esan zuen gero Konstituzionalak.

Gainerako kasuetan, Konstituzionalak Gorenaren erabakiak bere egin izan ditu, eta horrek ezker abertzalea hamar urtez legez kanporatuta egotea ekarri du, eta 600dik gora hautagaitza zerrenda baliogabetzea.

2002ko abuztuaren 26an hasi zen guztia. Orduan, Batasunaren jarduerak hiru urterako eten eta haren egoitzak ixteko agindu zuen Baltasar Garzon epaileak, alderdia Herriko tabernen auziarekin lotuz. Horrek alderdiaren jarduera de facto etetea ekarri zuen arren, 2003ko martxoan utzi zuen legez kanpo Goreneko 61. areto bereziak, Alderdien Legea eskuan zuela. Handik aurrera, hamaika saio egin dituzte ezkerreko jende abertzaleek bozetara aurkezteko, baina gehienean alferrik. Autodeterminazioaren aldeko Bilgunea (AuB) eta hainbat herri plataforma izan ziren 2003an, Herritarren Zerrenda (HZ) 2004an, Aukera Guztiak eta Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistak (EHAK) 2005ean, Abertzale Sozialisten Batasuna eta EAE-ANV 2007an, eta Askatasuna eta Demokrazia 3.000.000 (D3M) 2009an.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.