Espetxe zigorra eteteko eskatu du Fernandez Iradik, eri handi delako

Osasun arloko 75 eragilek zigorra eteteko eskatu dute, esklerosi anizkoitza ezin delako artatu presondegian

Baionan egin zuten agerraldia abokatu eta sendagileek, atzo. A.RENTERIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ibon Fernandez Iradi Susper euskal preso politikoaren aurkako espetxe zigorra eteteko eskatu dute Baionan. Fernandez Iradik 43 urte ditu, preso da 2003tik, eta esklerosi anizkoitza dauka. 2010ean agertu zitzaizkion eritasunaren lehen aztarnak, eta geroztik okerrera egin du haren egoerak. Gero eta osasun arazo larriagoak ditu. Frantziako legeak finkatzen duen lege prozedurari jarraikiz, Maritxu Paulus-Basurko abokatuaren bidez egin du Fernandez Iradik espetxe zigorra eteteko eskaria, espetxeak eritasunaren arta ez duela bermatzen argudiatuz.

Iazko martxoan osasun azterketa egiteko eta zigorra eteteko eskatu zion abokatuak epaileari. Horrek otsailean igorri ditu zinpeko bi sendagile Fernandez Iradiren osasuna aztertzera, etahelarazi diote txostena. Zigorrak betearaztearen ardura duen epaileak apirilean aztertuko du Iradiren eskaria.

Fernandez Iradiren aldeko ebazpena hartuko balu ere, ez liokete espetxe zigorra kenduko. «Hainbat baldintza onarturik zigorra eten eta karrikan ezarriko lukete, adibidez, jarraipen elektronikoa egiteko eskumuturrekoa ezarriz», jakinarazi du abokatuak. Kasu horretan, Iradiren kasua sei hilabetetik behin aztertuko luke epaileak. Frantzian 30 urteko espetxe zigorra du, eta ezarri zioten segurtasun zigorra 20 urtekoa da. Etenak ez luke aldatuko ezarritako espetxe zigorra.

Osasun eragileak, alde

Osasun arloko 75 eragilek Iradiren zigorra eteteko agiria izenpetu dute, haren osasunean oinarrituz. «Osasun arloko profesionalak gara, baina herritarrak ere bai. Euskal Herria gatazkaren konponbidean sartu da, eta agintari politiko eta administratiboengandik keinu batzuk espero ditu arma uzteak, bake prozesuaren engaiamendurako aldebakartasunak eta hortik sortu den herri mobilizazio handiak piztu duten esperantzari segida emateko», dio Koxe Larre sendagileak irakurritako agiriak. Fernandez Iradi libre uztea Frantziako Parlamentuak 2002ko martxoan bozkatutako legea betetzea litzatekeela azaldu du Larrek. Osasun arloko eragileek berretsi dute larria dela egoera eta ez dela bateragarria presondegian atxikitzearekin. Oinarrizko eskubideak errespetatu eta artak eman ahal izateko, zigorra eteteko eskatu dute.

Emilie Martin Ipar Euskal Herriko Herrira-ko kideak gatazkaren konponbidearen aldeko urratsak egiteko eskatu dio Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroari. Taubira Baionan izanen da otsailaren 15ean, unibertsitatean mintzaldi bat egiteko. Horren karietara, hainbat gizarte eragilek elkarretaratzea eginen dute. Gisa berean, manifestaziora deitu dute 15:30ean, Euskaldunen plazatik abiaturik. Konponbidearen aldeko urratsak egiteko eskatuko diote Frantziari. Egun berean, Manuel Valls Frantziako Barne ministroa Pauen izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.