Paueko Kontseilu Nagusiak AHT xedea ordaintzeko funtsa atxikiko du

Heldu den ostegun eta ostiralean eztabaidatuko dituzte aurtengo aurrekontuak, bozketa egin gabe

2014ko aurrekontuen aurkezpena, Baionako Kontseilu Nagusian. A.R.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Nahiz eta AHTaren ordainketa «geldituta» daukan Kontseilu Nagusiak, George Labazee presidenteak onartu du ordainketa egiteko funtsa atxikitzen ari direla. «Bermatzen badigute Euskal Herrira eta Pauera helduko dela, AHT xedea horren ordainketan parte hartuko dugu, eta atxiki ditugun funtsak baliatu».

Atlantikoko AHT xedearen ordainketa aztertzeko asmoz, finantzaketa aztertzeko bertze mahai inguru bat antolatu behar dela adierazi du Labazeek. Paris-Bordele atala eginen dela bermaturik, Bordele eta Akize artekoa egitea «elementu baikorra» litzatekeela iruditzen zaio. Hortik Baionara eta Tarbera (Frantzia) luzatzea espero du. Tokiko erakundeei dagokien ordainketa finkatzeko bermeak eta solasa eskatu ditu. Dagoeneko Kontseilu Nagusiak 13 milioi euroko funtsa atxiki duela erran du.

151 milioi inbertsioetarako

Aurrekontuaren eztabaida egin arren, ez da bozketarik izanen, bederen udal hauteskundeak pasatu arte —martxoaren 23an eta 30ean—. Aurtengo aurrekontuetan Kontseilu Nagusiak emendatuko du zorpetzea, arlo sozialean egindako xahutzeak emendatuko direlako. Alta, zergak ez direla emendatuko baieztatu du Labazeek. Estatuak onartu du jabetzen salmentatik jasotzen dituen zergen %0,35 Kontseilu Nagusiaren esku uztea. 13,5 eta 14 milioi euroko funtsa lortuko luke horrela. Hala ere, Kontseilu Nagusiak ez du lortuko sartzeen eta xahutzeen arteko desoreka murriztea baizik. Orotara, arlo sozialean 21 milioi euroko desoreka dagoela nabarmendu du Kontseilu Nagusiko presidenteak. Jabetzen zergak murriztuko luke aldea.

Zergak emendatu ezean eta gizarte arloko xahutzeak gehituz, murrizketak inbertsio alorrean eginen direla jakinarazi du. 151 milioi euro baliatuko ditu Kontseilu Nagusiak. 2011n, 159 milioi euro baliatu zituen inbertsioetarako; eta iaz, 189 milioi euro. Uraren kalitatea eta saneamendu sareak arraberritzeko lanek azaltzen dute iazko «ezohiko» kopurua. «Herriko etxeek hamar urte luzeko plangintzak ezartzen zituzten abian, baina muga jarri genion ohitura horri eta epea jarri inbertsioei», dio Labazeek. 2001ean abiaturiko programa batzuk bukatzear zeuden joan den urtean. 30 milioi euro baliatu zituzten saneamendua eta uren kalitatea bermatzeko.

Zorpetzea

Finantzabideak emendatu ezean, Kontseilu Nagusiak zorpetzera jo beharko du finantzabideak bermatzeko. «Enpresen zerga kendu ziguten, eta oraindik ez dugu hori digeritu», azaldu du Labazeek. Aurrezpena giza baliabideetan eginen dela dio. Departamentuak langile bat du 5.000 biztanleko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.