Donostiako 59. Zinemaldia

Gauza txikien erresuman

Bi anaiaren istorio xumea samurtasunez eta umorez kontatu du Hirokazu Kore-edak 'Kiseki' pelikulan

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Senideen arteko harremanak eta horien inguruan gertatzen diren gauza arruntak haurren begietatik erakutsi zizkion Donostiako Zinemaldiko publikoari Hirokazu Kore-edak atzo, Kiseki / I wish filmarekin. Bi anaia gaztetxoren istorioa eraman du pantaila handira zinemagile japoniarrak, bizitzako gauza txikien inguruan hitz egiteko. Bi haurren psikologiatik abiatuta, baina argumentu korapilatsuegirik gabe, istorio xume bezain samurra eraiki du. «Nire ustez, film honek ez du bi umeren abentura deskribatzen; garrantzi handia ematen diot eguneroko bizitzako gauza arruntak, gauza txikiak deskribatzeari».

Bi anaia dira Kore-edaren laneko protagonista nagusiak. Gurasoak banandu egin zaizkie, eta elkarrengandik urrun bizi behar dute. Amarekin eta aitona-amonekin bizi da anaia zaharra; egoeraz jabetzen da, eta sortutako kalteak konpontzen saiatuko da. Aitarekin bizi da anaia gaztea; errazago onartu du egoera berria, eta ahal duen gehiena gozatzen ahaleginduko da. Elkarrekin egoteko, mirari bat —hortik izenburua— lortzeko abentura bateanmurgilduko dira biak.

Gidoia idatzita zeukala, aktoreak hautatzeko casting bat egin zuen zuzendariak iazko apirilean; han ezagutu zituen filmeko protagonistak izango zirenak, Koki eta Oshiro Maeda, benetako bizitzan anaiak direnak. Haiekin topo egitearen ondorioz, hainbat aldaketa egin zizkion gidoiari. «Grabazioan askotan aldatu zen gidoia. Esaterako, bi anaiei galdetu nien ea noiz, zergatik borrokatu ohi ziren elkarren artean, eta patata poltsetako apurrengatik egin ohi zutela erantzun zidaten. Ez nuen halakorik espero, eta eszena bihurtzea erabaki nuen. Gidoiarekin batera, alde horretatik inprobisazioa ere egon da; euren errealitateen gidoia egin zen».

Kore-edarekin lan egitea oso atsegina egin zaie bi anaiei, esan zutenez, harekin «asko hitz egiteko aukera» izaten zutelako. «Nire gurasoak ez ziren banandu, baina oso gaizki moldatzen ziren. Banatuta dauden edo gaizki moldatzen diren gurasoak dituzten haurren sentimenduak ulertzen ditut, eta aktoreei haiek azaltzen saiatu nintzen», azaldu zuen Kore-edak. Gurasoak banatzea haurrentzat egoera zaila izaten den arren, samurtasuna ez ezik umorea ere baliatu du kontakizuna osatzeko.

Filma helduentzat egin badu ere, 2008an zuzendu zuen Aruitemo, aruitemo (Still Walking) pelikularen aldean Kiseki-k «tonu leunagoa» duela uste du, eta badu arrazoi bat horretarako: «Filmak beti pertsona jakin batengan pentsatzen egiten ditut. Aurrekoa lehenago hil zen nire amari eskaini nion, omenaldi gisa. Hau, berriz, 4 urteko alabaren omenez egin dut, eta horregatik da leunagoa».

Desio duguna betetzea edo ez azkenean ez dela garrantzitsuena uste du zuzendariak. «Batzuetan helduok haurrei esaten diegu zerbait desio badute beteko dela, baina mezua apur bat faltsua da. Batzuetan betetzen da, beste batzuetan ez, baina betetzen ez bada ere, ez da ezer txarra. Adibidez, anaia zaharraren desioa ez da beteko, baina ez da zorigaiztokoa sentituko, eguneroko gauzak ez dituelako galdu». Filmaren bukaeran filmeko haurrak helduago egin direla uste du, hori ulertu duelako.

Pelikulako eszena nagusietako baten harira, zein desio eskatuko luketen galdetu zieten zuzendariari eta bi aktoreei. Haurren xalotasunarekin erantzun zuten aktoreek: «Jende askok filma ikustea», esan zuen Koki Maedak, eta «osasuntsu bizitzea, erori gabe eta katarrorik harrapatu gabe», Oshiro Maeda gazteenak. Filmaren asmo nagusiarekin lotu zuen gogoeta zuzendariak: «Filmatzen ari nintzela, gure eguneroko bizitzako ohiko gauzak zein garrantzitsuak diren pentsatu ohi nuen, eta martxoan Japonian izan ziren lurrikararen eta tsunamiaren harira, jende askok galdu zituen gauza arrunt horietako asko. Galdu genituen gauza horiek berreskuratzea desioko nuke».

Laugarren aldiz sariaren bila

Kore-eda laugarren aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko. Azken aurrekoan, 2008an, Aruitemo, aruitemo (Still Walking) lanarekin etorri zen Donostiara, eta kritika onak jaso arren, esku hutsik itzuli zen etxera. Jaialdietara pozik joaten dela esan zuen, publikoak eta kritikak bere filmari buruz zer sentitzen duten jakiteko aukera ematen diotelako.

Kiseki-rekin sariren bat eramateko kinieletan kokatu dute askok. Edozein emaitza pozik hartuko duela esan zuen, barre artean aurreko aldietako bizipenak kontatzearekin batera. «Aruitemo, aruitemo-rekin kazetari guztiek esan zidaten sariren bat irabaziko nuela. Itzultzeko eguna aldatu, eta Donostian azken egunera arte geratu nintzen, baina aireportura saririk gabe bueltatu nintzen. Beraz, oraingoan, etorri aurretik erabaki nuen azken egunera arte geratuko naizela hemen, eta pozik onartuko dut emaitza, edozein delarik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.