Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Ramon Jauregi. Espainiako Gobernuko Lehendakaritza ministroa eta PSE-EEko hautagaia

«Herria denekin eraikitzea da nire borondatea»

Atzera begira, ETA eta ezker abertzalearen ardura argi eta garbi gelditu behar dela dio Ramon Jauregik. Aurrera begira, berriz, etorkizuna elkarrekin egitearen alde agertu da.

Pello Urzelai.
Gasteiz
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Kanpainan buru-belarri ari da azkenaldian Ramon Jauregi (Donostia, 1948), Espainiako Lehendakaritza Ministerioko egitekoetatik askeago eta, aldi berean, Gasteiztik gertuago. Izan ere, Arabako PSE-EEren egoitzaren bulego batean erantzun ditu BERRIAren galderak.

Nola jaso zenuen ETAk jardun armatua amaitzeko erabakia jakinarazi zuen agiriaren albistea?

Eztabaida bat hastekotan geunden, Gasteizen, Emilio Olabarria eta Alfonso Alonsorekin. Eztabaida bertan behera gelditu zen, segituan, hitz egin ezinik gelditu ginelako. Gure nagusiekin hitz egin beharra geneukan, denok. Orduan erabaki genuen bertan behera uztea eztabaida. Ni harritu egin ninduen argitasunak eta sendotasunak. Aitortu behar dut espero nuela zerbait erretorikoagoa, baldintzatuagoa...

Egun batzuk lehenago, urriaren 10ean, esan zenuen ez zenuela espero talde armatuaren The End-a azaroaren 20a baino lehenago...

Horregatik, aitortu behar dut uste nuen baino sendoagoa iruditu zitzaidala. Uste nuen erabakiak hauteskunde aurreko liturgiaren itxura izango zuela eta erretorika epe luzekoa izango zela. Terminoen erabatekotasunak eta edukiaren sinpletasunak harritu egin ninduten, onerako.

Zer ekarri du zuretzat, ikuspuntu pertsonaletik?

Sentimendu gazi-gozoa daukat. Denok daukagu. Oraindik ez gara askatasunez, egoera berriaz blaitu. Denbora pixka bat beharko da. Badaude bi elementu ez dutenak uzten cava edo xanpainarekin topa egiten, modu grafiko batean esanda, albistea berez apartekoa delako. Batetik, sentipen bat etortzen zait, gainera: eta hil den jende hori guztia? Eta eragin den sufrimendu guztia? Zelako laztura! Bestetik, gainera etortzen zait ideia bat, sentipen hau sendotasun handiagoz finkatu behar dugula. Zeren eta hor jarraitzen du irudi horrek, zer gerta daitekeen, nola sendotzen den hau, nola egiten den atzera bueltarik gabekoa eta behin betikoa izan dadin, zatiketarik gabea...Nire sentipena da izan daitekeela behin betiko amaiera, baina oraindik falta zaigu sentipen horretaz gozatzea erabateko ziurtasunez. Hala izan dadin, nik uste, ETAk izateari uztea erabaki behar du, desegitea. Berdin da nola. Desagertuko dela egiaztatzea. Hori oraindik falta da.

Hemendik aurrera zein da lehentasunezko eginkizuna?

Hiru gauza oso garrantzitsu daude egiteko. Lehena kontakizuna deiturikoa da. Biktimak egiaren lekukotasuna izango dira, dagoen egia bakarrarena. Indarkeria ETAren erabakia izan zen, gehiengoak demokrazia eta autogobernua eraikitzea erabaki baitzuen. Haiek uste zuten demokrazia harri-kartoizkoa zela, gezurrezkoa, eta autogobernua euskal herriaren nahien kontrako erregionalismoa zela. Nire ustez, okertu egin ziren. Gero, gauza asko gertatu dira 30 urte hauetan, baina ETAren eta ezker abertzalearen munduari bakarrik dagokion erabaki batetik sortu zen izugarrikeria hori, oker hori. Bigarrenik, borrokatu behar da indarkeriaren azpikultura, eta horrek denbora beharko du. Hirugarrenik, etorkizunaren eginkizun handia da atzeraezin bihurtzea «jarduera armatuaren behin betiko amaiera». Horrek denon artean egin beharreko lan bat eskatzen du: taldearen desegitearen elementu teknikoak, tragedia honetatik eratorritako giza elementuak... Horri guztiari denon artean ekin behar diogu.

Indarkeriaren jatorriari buruzko kontakizunari dagokionez, edo indarkeria bat baino gehiagoren existentziari dagokionez, uste al duzu badagoela kontakizun bat euskal gizarteak bere egiten duena?

Ez. Nire beldurra da ezker abertzaleak teoria honi eusten diola: indarkeriarako arrazoi bat zegoela eta gero indarkeriaren garapenean asko egon direla. Hori faltsukeriaz beteta dago. Berriro diot: nire lagunak ETAkoak ziren 20 urte neuzkanean, eta nik ez nuen ospatu Meliton Manzanasen hilketa; hura ongi ez zegoelako sentipena izan nuen, eta ez nintzen poztu Carreroren hilketarekin ere. Ez nator bat frankismoaren kontrako ETA askatasunaren aldeko ETA bat zela dioen ideiarekin. Inoiz ez zen izan, eta esperientziak frogatu du. Hortik dator dena. Eta, gero, hutsegite asko eta asko har ditzakegu gure gain. Eta autokritika asko. Terrorismoaren kontrako borrokan ikuspuntu polizialetik Odon Elorzak egiten zituen autokritikak entzun nituenean, denak nire gain hartzen ditut. Baita biktimak lurperatzen genituen moduagatik jasotakoak ere. Autokritikak denok egin ditzakegu, eta asko. Atzera begiratzen dut, eta asko egiten ditut. Baina ezin dut kontakizuna nahasi, dena da: hiltzea erabaki zuten, eta historia tragiko bat eraiki zuten, eta beste batzuek, hil gabe, herria eraiki dugu. Autogobernua, hizkuntza nortasuna, sendotze ekonomikoa...

Egunotan asko esaten da ETAk aitortu behar duela egindako kaltea, edo barkamena. Beharrezkoa da?

Barkamena sineste moral sendo bat da. Exijentzia demokratiko bat da egindako kaltea aitortzea.

Ez al da egia beste biktima batzuk onartuak izango zain daudela?

Denak. Biktimen aitortzan ez dut egiten bereizketarik. Badakit zein den gure herriaren historia, onartzen dut. Legez kanpoko Polizia jarduerarik egon ote zen? Hori guztia onartu beharra daukagu, baina nahastu gabe beste momentu batean eragindako indarkeria baten ondorioak direla.Ez dut inoiz justifikatuko. Erabat arbuiatzen dut. Atzera begirako begirada horretan nahi adinako autokritikak onartzen ditut, eta denontzat kalte-ordainak eskatzen ditut. Baina argi uzten dut ETAk hasi zuela indarkeria, 1977an, denon artean demokrazia eraiki ondoren.

Baduzu Joxean Lasa zenaren arreba Axunek igandean argitaratu zuen gutunaren eta lekukotasunaren berri?

Ez, ez dut irakurri.

Izandako sufrimendua kontatzen du artikulu batean; biktima gisa aitortza eskatzen du, eta lehen aldiz modu publikoan kontatzen du torturatu egin zutela.

Euskal historia horrelako kasuz beteta dago, eta aitortzen dut gure memoria kolektiboaren parte dela. Onartu beharra daukat urte hauek guztiek holako gertaerak izan dituztela eta gure memoriaren parte direla. Autokritika eta, batez ere, indarkeria jasan duten guztientzako konpentsazioa nire azterketara ekarri beharra daukat. Baina ez dut onartzen joko erraz hori: «ETAko ez dakit zenbat hildako egon dira, ez dakit zenbat erbesteratu, ez dakit zenbat torturatu, eta beste aldean 829, gatazka batean...». Ez, barkatu, hori ez dut onartzen. Gezur izugarria iruditzen zait. Badakit egon dela sufrimendua, baina ETAren erabaki bat egon da, hiltzeko, 1977an, amnistia, eta gero, demokrazia eta autogobernua eraiki genuenean. Hiltzea erabaki zuen jende bat egon zen. Gu hiltzea. Momentu batzuetan arerioaren likidazio fisikoa egon da. 2000tik aurrera, PSOE eta PPko burukideak hiltzen hasi zirenetik aurrera, ETAren estrategia bestela pentsatzen dugunon likidazio fisikoa da. Ezin dut hori guztia ahantzi. Eta prest nago etorkizuna elkarrekin eraikitzeko. Argi gera dadila. Nire borondatea da herria denekin eraikitzea, ezin da besterik izan, eta demokraziaren jokoan onartzea inoiz hartan sinetsi ez duten eta hainbeste denboraz borrokatu diren pertsona horien presentzia. Nire desioa etorkizuna elkarrekin egitea da. Ez daukat dudarik horri buruz.

Armak uzteak atzera bueltarik gabekoa izan behar duela adierazi duzu lehen. Horretaz hitz egiteko, beharrezkoa da ETArekin elkarrizketa bat hastea?

Dena azkarregi izan daiteke. Gobernu honek ezin du iragarpenik egin horren inguruan, erabaki duelako estrategiaren statu quo-ari eustea eta ez aldatzea, uste duelako hauteskundeetarako hogei egun falta direnean bakarrik gobernu berri batek, Parlamentu berriak ematen dion zilegitasun berriarekin, erabakitzeko gaitasuna duela. Ez dagokigu guri.

Zapateroren gobernuak ezin du ezertxo ere egin?

Ez dugu ezertxo ere egingo. Argi eta garbi. Hogei egun falta dira hauteskundeetarako. Mundua ez da atzo amaitu, eta ez da bihar hasiko. Argi utzita dagoeneko espetxe erakundeak ari direla lantzen preso gaixoekiko espetxe politika, ospitaleko edo etxeko tratamenduaren bidez. Beste erabakirik ez dugu hartu behar. Ez da azkarregi joan behar.

Espainiako gobernuburu Zapateroren jokabidea ez da izaten ari gris samarra gai honetan?

Ez dut uste izan denik. Bereziki zuhurra izaten ari da, izaeraz apala delako. Zapatero oso harro sentitu ahal da hain albiste ikaragarri ona bere agintaldiaren amaieran gertatu izanaz. Buruargitasun handiz lan egin izanaren ondorio da; gai honen kudeaketa bikaina egin du. Gertatu dena, neurri handi batean, ekintza plano ezberdin batzuen ondorio da, amaieran ETAk hartutako erabaki batean gauzatu direnak. Horretara ez da ailegatu zerutik erortzen delako. Nire ustez, hori Politika da, hizki handiz, politika handia.

Zer iruditzen zaizu PPk hauteskunde programan sartu izana ETArekin ez negoziatzeko konpromiso bat, «ez indarkeriaren presioaz ez hura utzi izanaren iragarpenagatik»?

Ez dut irakurri PPren hauteskunde programa, baina pentsatu nahi dut PPk hauteskundeak irabazten baditu gai honen kudeaketa inteligente eta bateratzailea egingo duela. Kudeaketa egin beharra dago. Etorkizuneko elementu tekniko askori ekin behar zaie. PPk ez dakit nola egingo duen. Nik bakarrik diot datorren fase honetarako askoz gehiago fidatzen naizela Rubalcabarekin Raxoirekin baino.

Azaroaren 20ko hauteskundeei dagokienez, azkenean, krisi ekonomikoak eta langabeziak ezinbestez oposiziora eramango dute PSOE?

Espainiarren kezka nagusia une honetan langabezia da, eta horri lotuta krisi ekonomikoa. Pesimismoa ere errotu da. Funtsezko faktorea izan daiteke. Europa osoan izaten ari da.

Espainiako Gobernuak beharrezko neurriak hartu ditu, eta garaiz?

Espainiak egin beharrekoa egin du. Gaitz handiagoak eragotzi ditugu. Aurtengo abuztuko krisia oso gertutik bizi izan dudala, esan dezaket Espainiaren erreskatea saihestu izana meritu bat dela, baina baliteke jendeak ez estimatzea behar bezala. PP iritsi eta dena konponduko duela uste dutenak guztiz oker daude.

Bakerako garai garrantzitsu honetan, nola egiten dio aurre erronkari PSE-EEk?

Lopez lehendakariak funtsezkoa izan behar du kontu honetan, EAJk egunero trabak jarri arren. Nire ustez, Jaurlaritza honek 2013ko martxora arte iraungo du. Urte erdi honetan oso momentu garrantzitsuak gelditzen dira. Baita ere kontuan hartuta Espainiako Gobernuan aldaketa egon daitekeela eta horrek Euskadirekin berezko dialektika sor dezakeela. Oro har, legegintzaldia bakearena da, eta horrek lehendakaria ere markatuko du. Alderdien arteko adostasuna, elkarbizitza egiteko modua, indarkeriaren azpikulturaren kontrako borroka ideologikoa, kontakizunaren eraikuntza, biktima eta presoen arteko oreka... oso eginkizun garrantzitsua dauka. Eusko Jaurlaritza on bat daukagula uste dut.

Uste duzu alderdi sozialista hauteskunde hauetan izan daitekeela laugarren indarra Euskal Autonomia Erkidegoan eta hirugarrena Nafarroan? Ez al dauka arrisku hori?

Datorrenari buruz espekulatzea gutxienekoa da. Uste dut Euskal Autonomia Erkidegoan jendeak uste duen baino emaitza askoz hobea izango dugula. Ziur nago, adibidez, EAJk baino diputatu gehiago izango ditugula. Inkesta bat ikusi dut, eta uste dut lehen indarra garela. Ez dut inondik inora uste Euskadin laugarren indarra izango garenik. Denak oso berdintsu ibiliko gara, baina ez dut uste alderdi sozialistak bost diputatu baino gutxiago izango dituenik, eta ez dut inor ikusten bost baino gehiago izango dituenik.

Pentsatzekoa da independentismoak aurrera egingo duela?

Suflea amaitu da dagoeneko. Maiatzaren 22an amaitu zen. Ez dut uste euskal hautesleen konfigurazio soziopolitiko berri bat egongo denik. Oso ongi iruditzen zait ezker abertzalea deiturikoa, edo Bildukoak, orain Amaiur, Espainiako Parlamentura joatea eta han egotea. Normaltasun demokratikoa berreskuratzea iruditzen zait. Baina lau egunez independentzia eskatu ondoren, aspertu egingo dira. Han gero legeak egin behar dira, krisiaren kontra borroka egin, politika fiskala erabaki...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.