«Irabazi egingo dugu, eta baliteke gobernatzea ere»

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Agirrezabalak uste du aro berriari eta krisialdiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritza «indartsu» bat behar dela eta, horretarako, hauteskundeetara lehenbailehen deitu behar dela.

PSE-EEren eta PPren arteko ituna hautsi egin da. Orain, zer?

Argi dago irteera bakarra dela Legebiltzarra desegitea eta hauteskundeetara lehenbailehen deitzea. Bakeari, krisi ekonomikoari eta era horretako erronkei ezin die erantzun gobernu ahul batek; gobernu indartsua behar da. Une honetan, 75 legebiltzarkideetatik 25 baino ez ditu PSE-EEk. Bakarrik dago. Sekula ez da egon herri honetan hain gobernu ahulik. Lopezek ez du bozetara deitu nahi, baina hauteskunde propaganda egiten dabil, eta oso larria da.

Auzitegi Konstituzionala Sorturi buruzko erabakia atzeratzen ari da. Zer itxura hartzen diozu?

Oso kezkagarria da legez kanporatzeko erabakia hain azkar hartu izana, eta urtebete baino gehiago erabakiaren zain egotea. Argi dago legez kanporatzearen atzean erabaki politiko bat egon zela eta ez zegoela oinarririk. Politika aukera berdintasunean eta inongo mehatxurik gabe egiteko eskubidea bermatu beharra dago.

Indar abertzale eta subiranistak elkarrekin aurkeztuko zarete bozetara. Zein da zuen erronka?

Hauteskunde hauek garrantzi handikoak dira abertzale eta independentistontzat. Gure helburua hauteskundeak irabaztea izango da, eta irabaztera goaz bozetara, inoren aurka joan gabe. Bildurekin eta Amaiurrekin sortu den ilusio berari eusten jarraitzen du euskal gizarteak, eta horrek eraman gaitzake pentsatzera ez ditugula emaitza txarrak izango. Jendearen konfiantza lortzen badugu, irabazi egingo dugu, eta Euskal Herri independente bat lortzeko mekanismo guztiak jarriko ditugu martxan.

Oso baikorra zara...

Itxaropena ez da zerutik datorren zerbait. Udal eta foru hauteskundeen eta Espainiako Kongresurako hauteskundeen emaitzek nik diodana berresten dute. Jendeak konfiantza ematen badigu, argi daukat gobernatu ere egin dezakegula. Uholde bat etorriko zela ikusten genuen; etorri egin zen, eta uholde horrek jarraitu egingo duela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.