Pastor
Darwin eta gu

Ahaztuen komandantea

2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Populista, pailazoa, diktadorea... Munduko eskuinak ezin izan du Hugo Chavezen kontrako gorrotoa ezkutatu, ezta hura hil eta gero ere. Munduko progresiak ere bere egin ditu, askotan, hitz horiek. Hedabide independente gehienak saiatu egin dira Venezuelako presidentearen lan sozialaren emaitzak ezkutatzen eta alde ilunak agerrarazten. Alta, haien irainek ezin engainatuko dituzte bertako herritar pobreenak: kritikak kritika eta hutsak huts, Chavezen agintaldiak argia eman dio euren bizimodu ilunari. Nazio Batuen Erakundearen datuei begiratzea besterik ez dago.

Politika soziala bozetan lortutako garaipenari esker garatu zuen Chavezek, Carter Center erakundeak laudatu dituen hauteskunde gardenetan. Presidenteak behartsuenen aldeko lana egin zuen, baina hori ez digute sarri azaldu hemen. Albistegietan Venezuelako presidentearen irudiak ikusi ditugu. Rancherak kantatzen ari da, con dinero o sin dinero, hago siempre lo que quiero, y mi palabra es la ley. Ez digute kantaldiaren ondoko benetako ekitaldiaren berririk eman: txiroentzat eraikitako eskolak irekitzea, osasun zentroak, etxebizitzak... Eta geure mendebaldeko paternalismo laidogarriaz begiratu diogu indio populistari. Zer bitxia den morroia, papagai bat dirudi txandal koloretsu horrekin.

Ez zaizkit rancherak gustatzen; ez dut gustukoa bularrean gurutzea zintzilikatu eta hari musu ematea agerraldi publikoetan, baina horrek ez dit Venezuelako presidentea izandakoaren lana ahantzaraziko. Presidenteak herri xumearekin konektatzen jakin zuen. Populista? Eta zer? Nor gara gu hori epaitzeko geure talaiatik? Ez zaigu gustatzen nola egiten zuen politika. Gure modu hotz aseptikoan egin behar zuen politika Chavezek, venezuelar batek, venezuelarrei bere mezua helarazteko? Venezuelar askok ez dute ulertuko zergatik doazen hemengo politikariak bizikletan hauteskunde kanpainan, ez baitute jakin behar Euskal Herrian txirrindularitzak zer-nolako zaletasuna duen; ez dute ulertuko zergatik gure politikari zintzoak dabiltzan hain jator marmitakoa eta paellak prestatzen. Eta zer?

Ez dugu ulertzen zergatik irten diren milioika herritar kalera, negarrez. Zeinen teatrero eta zuriak diren panchito eta morenito hauek. Euskaldunok oso gogorrak gara; inoiz ez dugu negarrik egiten jende aurrean, eutsi egiten diogu, bihotza hamaikagarren katxi-katxian ito arte. Orduan andreak utzi egin gaituela aitortzen diogu, negar-zotinka, tabernako zerbitzariari, geure goibeltasunaren zaindariari. Ez dugu ulertzen zergatik mestizo morocho horiek dauden kalean aieneka, Chavezen erretratuak eskuetan. Zer egin du haien idolo bihurtzeko? Izena eman die izenik gabekoei; izena eman die izenik ez zuten herritar pobreenei; izena eman die haien esperantzei; duintasuna, ordura arte handi-mandi zurien gorrotoa edo mespretxua besterik jaso ez zutenei. Chavez pobreen komandantea izan zen, Maria Toledano kazetariak idatzi duenez. Ahaztuen komandantea. Non zeuden Chavez kritikatzen dutenak eta milioika herritarren dolumina ulertzen ez dutenak komandantearen aurreko garai latzenetan? Non geunden?

Ez dugu ulertzen, eta barre egiten dugu. Gu beste galaxia batean bizi gara —noiz arte?—. Geure mundu oparo baina tristean funtsezko giza eskubideen mailara igo dugu Internet dohainik izatea. Beste herrialde batzuetan, aldiz, ez dute zuntz optikoarekin amets egiten. Ez dituzte 100 mega nahi, 100 gramo ogi baizik. Ahaztu egiten dugu munduko hainbat lekutan milioika eta milioika izenik gabeko daudela. Ahaztu egiten ditugu ahaztuak.

Chavez, ordea, ahaztuekin gogoratu zen, bera ere horietako bat izan baitzen umetan: palmazko etxe batean bizi zen, lurrezko horma eta zoruarekin. Etxola moduko aterpea zen, euri asko egiten zuenean urak hartzen zuena. No tengo trono, ni reina, ni nadie que me comprenda, pero sigo siendo el rey... Populista? Eta zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.