Konponbidea atzeman nahi du prefetak

Seaska sostengatzeko, 400 bat pertsona bildu dira Suprefeturaren Baionako egoitzako hesiaren aitzinean

Seaskak Suprefeturaren Baionako egoitzaren aitzinera eraman zuen ikastolen haserrea atzo eguerdian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Seaskarekin duen gatazkari konponbidea atzemateko borondatea duela jakinarazi du Lionel Beffrek, Pirinio Atlantikoetako prefetak. Paxkal Indo Seaskako lehendakariari eta Hur Gorostiaga zuzendariari egin zien adierazpen hori,egoera aztertzeko atzo Pauen egindako bilkuran. Denbora berean, Seaskaren aldarria sostengatzeko, laurehun pertsona inguru elkarretaratu ziren Suprefeturaren Baionako egoitzaren aitzinean. Sarrerako hesia itxirik zegoela, manifestariak bertan egon ziren, Paueko bilkuraren berri ukan arte. Baionako suprefetak sortutako egoeraren konponbidea Pauen egon daiteke, baina prefetak ez du neholako bermerik eman.

Bilkura aski hotz hasi zela azaldu du Indok. Prefetak gogorarazi die legea betearaztea dela beren lana. Eskakizun horri jarraikiz, Baionako suprefetak Hendaiako ikastola berria diruztatzea debekatu zion Battita Sallaberri Hendaiako auzapezari. Falloux legea eskuan, erakunde publikoek ezin dute diruz lagundu hezkuntza pribatua. Legeak dioena betearazi du suprefetak, prefetaren iritziz.

Seaskak prefetari gogora ekarri dio berrogei urteko historia duela bizkarrean. Hainbat traba gainditu ondoren, gaur egun 30 ikastetxe dituela, eta hizkuntza politikaren ardatz nagusia dela. Frantziak hizkuntza gutxituei ondare direlako aitorpena egin ondoren funtzio publiko bikoitza duela erran dio Seaskak. Joan den larunbatean Hendaian egindako manifestazioaren sostengua ere bazuen Seaskak bilkuran. Eta etorkizun hurbilerako hainbat protesta ekitaldi prestatu ditu.

«Lasaitasun handiagoa lortzeko, Seaskak ere jakin behar du nola eman behar dion bukaera gatazka egoera honi», erran zuen prefetak. Seaskaren eredua arriskutik at ezartzeko, legea aldatu behar dela ihardetsi zion Indok. Legea bertze bat balitz bere lana errazagoa litzatekeela, prefetak.

Ikastolen deliberoa

Bilkuraren bilduma egiteko tenorean, pragmatismoa nagusitu da Indoren gogoan. «Ez baikor, ez ezkor». Garrantzitsua da prefetak onartzea bertze lege bat egokiagoa litzatekeela. Alta, legea aldatzea ez da bere esku. Baina ez du argitu bere esku dena, legea betearaztea, eginen duen edo ez. Hendaiako ikastola berriak orain arteko mehatxuak ditu, eta ikastoletako lehendakariak elkarretaratu ziren atzo egoerari buruzko azterketa egiteko. «Ikastolekin bildu, eta elkarrekin deliberatuko dugu mobilizazioarekin jarraituko dugun edo ez», erran du Indok.

Ikastoletako lehendakariarekin bildu baino lehen, Colette Capdevielle diputatu sozialistarekin biltzekoa zen Indo atzo arratsean. Falloux legeak ikastolen oraina eta geroa mehatxatzen ditu. Ikastolek bermea behar dute, eta, horretarako, funtsezkoa da legea aldatzea. Horretarako bildu da Seaska Capdeviellerekin.

Frantziak hainbat erreforma ditu bidean, hala nola hezkuntza arloan, hizkuntzaren lege proposamena eta lurralde antolaketa. «Murgiltze ereduaren izaera errespetatu eta funtzio publikoa aitortzen digun legea behar dugu», erran du Indok. Diputatu eta hautetsiek lege horren zirrikituak landu beharko dituzte. Horrek denbora eskatuko du, eta baita Frantziako gobernuaren oniritzia ere. Anartean, Seaskak deliberatu beharko du etorkizun hurbilean zer jarrera hartuko duen. Lehenik, mobilizazioekin segitu edo bermerik gabeko lasaitasuna hobetsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.