Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Nahi eta ezin

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
'¡Atraco!'

Zuzendaria: Eduard Cortes. Aktoreak: Guillermo Francella, Nicolas Cabre. Herrialdea: Espainia, Argentina. Iraupena: 116 minutu.

Ideia polit bat ezerezean nola utzi erakutsi du Eduard Cortesek bere ¡Atraco!-n. Izan ere, filmaren abiapuntua orijinala eta zinez interesgarria da; Eva Peronen bitxiak Francorekin nahasteak pelikula on baterako ematen ahal zuen. Baina, beste behin ere, asmo hutsean gelditu da.

Oso bi parte diferente ditu filmak. Lehen partea da hobekien funtzionatuko duena, alde argentinarra, alegia. Bi pertsonaia nagusien arteko erlazioak egoera umoretsu hainbat eraginen ditu, eta berriro ere agerian geldituko da Guillermo Francellaren maisutasuna. Komedia giroan, lapurretaren prestaketak aurrera eginen du, baina lehen minutu horietan hasiko dira lehen gabeziak sumatzen: politikarekin lotutako trama behar baino ahulago agertuko da.

Maitasun istorio herrena agertzearekin, lehen argi gorriak pizten hasiko dira. Egia esatera, Madrilen eta bereziki ospitalean gertatzen den guztiak —Amaia Salamancaren eta dendarien interpretazioak, dekorazioa, figuranteak— antz handia izanen du Cuéntame eta antzeko telesailekin.

Lapurretaren ondoren hasiko da bigarren pelikula, aurrekoarekin batere zerikusirik ez duena. Poliziaren ikerketa izanen da ardatza, protagonistak aldatuko dira, poliziek hartuko dute lapurren lekukoa. Nabarmen eginen du behera oso goian ez zen pelikularen mailak, noir on bat egiteko boxeo kantxa bat baino zerbait gehiago behar baita. Hala ere, ez da Cortes defendatzegatik, baina pelikula osoan nabarmena da baliabide falta, pelikula pobrea dela.

Bi film bakar batean, askotan zinema espainiarrak erakusten duen arazoa. Komedia giroari eusteko indar nahikorik ez, eta momentu batetik aurrera alderdi dramatikoa agertu behar. Baina nahasketa horrek nekez funtzionatzen du; honako hau ez da salbuespena. Pena da, abiapuntu horretatik film txukuna egiteko materiala egon bazegoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.