Jaian murgiltzeko gonbita

San Fermin uretan murgildurik islatzen duen argazki bat aukeratu dute iruindarrek aurtengo festak iragartzeko kartel ofizial gisa; botoen %45,2 lortu ditu lanak.

Iruñea
2011ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Murgil zaitez festan izeneko kartela hautatu dute Iruñeko aurtengo sanferminetako kartel ofizial izateko. Larunbat gauerdian amaitu zen herritarrek botoa emateko epea. Guztira, 8.227 iruindarrek parte hartu dute bozketan, eta kartel garaileak 3.720 boto jaso ditu. Atxu Aierra eta Kike Balantzategi argazkilari profesionalek egin dute lana. Kartelarekin, jaian buru-belarri sartzeko gonbidapena egin nahi izan dute. «Iruñera etortzen denak festan murgiltzera etorri behar du. Gure asmoa era berri eta zirraragarrian hori islatzea izan da».

Iruñeko Udalaren epaimahaiak aurretiaz aukeratutako zortzi kartelen artean aukeratu dute bozketan parte hartu duten iruindarrek. Gehienek Internet bidez eman dute botoa: 7.000 lagun inguruk. Murgil zaitez festan izenburua du kartelak, eta aise irabazi du bozketan: botoen %45,2 lortu ditu. Bigarren gelditu da Pintura paretean izenekoa, non zezen beltz bat eta San Fermin gorri bat irudikatzen diren. 2.150 boto eskuratu ditu (%26,1). Hirugarrena, berriz, Mu izenburua duena izan da. Bozketan parte hartu dutenen artean 982 boz jaso ditu (%11,9).

Kartel irabazlearen egileak, Aierra eta Balantzategi, pozez txoratzen zeuden Yolanda Barcina alkatearekin batera Iruñeko udaletxean atzo egindako aurkezpenean. Uretan murgilduta ageri den San Ferminen irudi horrekin, uztailaren 6an hasiko diren jaien alegoria bat egitea izan dute helburu. «Munduko festarik hoberenak dira sanferminak, eta festan murgiltzera etorri behar duzu. Jaian buru-belarri sartu behar duzu, eta hori adierazi nahi izan dugu», adierazi zuen Aierrak.

Ehun aldiz baino gehiagotan, klik

Lehen begi kolpean santua uretan ikusten bada ere, zezenaren buru bat ikusten duenik ere bada. «Ez genuen hori nahi, baina askok zezenaren burua ere ikusten dutela esan digute. Gu izan gara harritzen lehenak».

Ez da ohikoa San Fermin jaiak iragartzeko kartela argazki bat izatea. Egileek zerbait «berria eta zirraragarria» lortu nahi zuten. «Lehiaketara 582 lan aurkeztu ziren, eta zaila da ohikotik ateratzea». Horregatik, buruan zuten ideia gauzatzea ez da erraza izan. Arrainontzi bat urez bete, eta santuaren irudia uretan murgiltzen zen unearen argazkia egoki hartzeko ehun froga baino gehiago egin behar izan dituzte. «Behin eta berriro saiatu arren, gaizki erortzen zen, okertu egiten zen, edo irauli. Ehun aldiz baino gehiagotan saiatu behar izan dugu, nahi genuen irudia lortu arte», azaldu du Aierrak. Egileen aburuz, kartel irabazlea oso erraz uztartu daiteke sanferminekin, eta horregatik bozkatu dute iruindarrek: «Jendea diseinuaz nekatuta zegoen, eta erraz igar daitekeen irudira itzuli da».

Irabazleek 4.500 euroko saria jasoko dute. Kartel garailea eta lehiaketan parte hartu dutenen artean udalak hautatutako beste 108 kartel Rodezno kondearen plazako aretoan jarriko dituzte ikusgai ekainaren 21etik uztailaren 31ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.