Sonam-en etxeari saria

BERRIAk antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketako saria jaso dute irabazleek kazeta honen egoitzan, Mendiak eta Herriak elkartearen arduradunen eskutik.

Hiru irabazleak, Mendiak eta Herriak elkarteko eta BERRIAko ordezkarien eskutik saria jasotzen. NAGORE RODRIGUEZ.
Nagore Rodriguez.
Andoain
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Sonamen eskutik ezagutu eta gozatu zituzten Nepalgo bazterrak. Haren eskutik ezagutu xerpen bizimodua eta herrixka koloretsuak ere. Gokyo eta Khumbu haranak. Baita Himalaya handia ere. Bidaia horri esker irabazi du Izaskun Lasa billabonatarrak, Ekain Sardon hernaniarrak eta Mikel Arrizabalaga donostiarrak osatutako hirukoteak BERRIAk antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketako sari nagusia, Sonam-en Khangpa idazlanarekin.

Cervinora itzulia egiteko bidaia jaso dute Martin Ugalde parkean egindako ekitaldian, Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kidearen, Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariaren eta Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunaren eskutik.

Hemezortzi egunez bizi izandakoa kontatu zuen hirukoteak lehiaketan parte hartzeko. Egun horietan, Sonam gaztea izan zuten bidaia lagun eta gida, eta haren laguntzarekin egin zuten hamabi eguneko mendi zeharkaldia. Baina mendia ez ezik, haien herrialdea ere erakutsi zien Sonamek, eta horregatik jarri zioten idazlanari Sonam-en Khangpa (etxea) izenburua.

«Prestaketa handia egin genuen hara joateko», dio Sardonek. «Sonamek ere hori azpimarratzen zuen, nabaritu egiten zela prestatuak joan ginela». Cho Oyu eta Everest mendietatik gertu ibili ziren, Gokyo eta Khumbu haranetan. «Gure lehenengo 5.000 metroko mendia igo genuenean, sekulako poza hartu genuen; baina ez tontorrera igotzeagatik, baizik eta 360 graduko buelta egin eta sekulako paisaia genuelako. Dimentsioak izugarriak ziren; txiki zara», azaldu du Arrizabalagak.

Mendia eta herria

«Hasieran, Himalaya aukeratu nuen, munduko mendi garaienak bertatik bertara ikusi nahi nituelako. Baina beste horrenbeste bete nau hango jendeak», dio Arrizabalaga mendizaleak. Ados daude Sardon eta Lasa ere. «Bi gauzak egiten dute berezi inguru hori: paisaiak eta jendeak. Paisaiak jendea ezagutzen laguntzen du, eta jendea ezagututa, murgildu egiten zara paisaian. Collage hori oso erakargarria da», gehitu du Arrizabalagak.

Nahasketa hori bizi ahal izan zuten Sonam xerpari eta Ram zamaketari gazteari esker, eta harreman berezia sortu zen haiekin: «Hasieratik kimika izan zen. Haien bizimodua, etxea eta familia erakutsi zizkiguten; bidaiako gauzarik politenetakoa izan da», dio Lasak.

Eta haiek ezagutzen jarraitzeko asmoa du, gainera, Arrizabalagak: «Xerpa herrietara joan nahi dut, jende horrekin egon nahi dudalako eta denbora gehiago pasa; hobeto ezagutu nahi ditut». Sonam zain izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.