Korrikaren alde dantzari

Korrika Baionara iristen denerako, kirola eta dantza nahasten dituen 'Zumba® Korrika' flashmob-a ari dira prestatzen; lehen errepika publikoak arrakastatsu hasi dira.

Uztaritzen egin zen azken errepika publikoa; bihar da Miarritzen ondokoa, eta etorriko dira beste batzuk ere. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
AEK-ko irakasle bati zitzaion bururatu ideia. Zumba eskolak hartzen zituela eta, zergatik ez, zumba eta Korrika lotu. Orain dela bi urteko Korrikaren karietara jadanik egin zen flashmob-aren ideia gogoan, aurten, Kolonbiatik datorren zumba kirol dantzatua oinarri, Zumba® Korrikaflashmob-a egingo dute martxoaren 24an; Korrika Baionara heltzean. Zumba, erran nahi baita, dantza eta fitness-a lotzen dituen ariketa. Mundu osoko dantzekin osa daitekeen kontzeptu bat da, eta bere fitness aldeak, berriz, giharren beroketa segurtatzen du.

Musika ariketaren osagai garrantzitsua da, eta hori badute jadanik prest: Esne Beltzaren Bagoaz!. Korrikarentzat asmatua denez, erritmo handikoa da, eta mugimenduan jartzeko gogoa ere ematen du, Zumba® Korrika-ko koreografia asmatu duen Nadege Pinaqui zumba irakasleak baieztatu duenez. Musikak segidan inspiratu duela azaldu du. Korrikaren ideia berriz hartuz, zenbait begi keinu egiten dizkio lasterketari, urratsak ahal bezain sinple eta ahal bezain publiko zabalarentzat eskuragarri izateko.

Zumba, ororen buru, aitzakia bat baita korrikazale berriak aurkitzeko. Korrikan edonork parte hartu ahal izatea baitute antolatzaileek mezu nagusietakoa. Korrikako komunikazio arduradun Amaia Fontangek dioenez, «zumbarekin, molde ludikoan, sekula hunkitzen ez dugun jendea hurbiltzeko aukerak ikusten ditugu, bai Korrikari begira, eta bai, funtsean, euskarari begira».

Eta iduriz, funtzionatzen du. Pinaqui irakasleak, adibidez, Korrikaren flashmob-aren ideia aipatu aitzin, urrundik baizik ez zuen entzuna Korrikaren kontua, eta bere zumba ikastaroetako ikasleen artean berdin. Orain, berriz, Pinaquiren moduan, bat baino gehiago dira Korrika ezagutu berririk Korrika eta bide batez euskara sustatzen ari direnak. Pinaqui bera Donibane Lohizunen sortua da; jatorriz, flamenko dantzaria da, Madrilgo goi kontserbatorioan ibilia, eta, azken bi urte hauetan, beraz, zumba irakaslea. Euskara eskola batzuk hartu zituen txikitan, baina utzi behar izan zuen. Orain, berriz, Zumba®Korrika dantzako urratsak euskaraz ditu ematen, eta berriz motibatua da ikasteko, nahiz eta zailtasunak beldurtu. Hori bai, proiektuak segidan berotu du: «Hemengoa naizenez, Euskal Herria gure herria denez, segidan inplikatua sentitu naiz».

Badirabeste aldekoak ere. Hau da, Korrika ongi ezagutzen dutenak, baina zumba ez, eta berotu direnak flashmob-erako. Urrats ikaserrazak direlako eta egitasmoa bera irrigarria iruditzen zaielako. Horietako bat da Ana; Interneten bidez ikasten ari da etxean, eta lagunen artean. Izan ere, beste flashmob-ak bezala, Zumba® Korrika bideo bidez ikas daiteke. Bideoa Interneten jarria dute, Kanalduderen bidez. Eta etxean ikasi hori kolektiboki hobetzeko, errepika publikoak ere badira. Jadanik hiru antolatu dituzte, eta bakoitzean, 40 bat bildu dira. Bereziki, emazteak dira motibatu, baina: «Ongi etorri gizonak ere!», berretsi du Pinaquik. Eta adin guztiak ere bai. Orain arteko errepiketan, gazteenak 4 urte zituen, eta zaharrenak, 70. Ondoko errepika publikoa bihar dute Miarritzeko Atabalen, 11:00etan. Eta gaur arratsalderako Korrikaren aldeko flashmob-a antolatu dute Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.