Teknologia euskaraz

EHUko Informatikako Ixa taldeak euskararen erabilera errazten duten teknologiak aurkeztu dizkie Tolosako Laskoraineko ikasleei, Kilometroen 'Ahora!' astearen barruan.

Nao robota, ikasleei bertsoetarako gaia jartzeko prest, eta, atzean, Tartalo robota, bertsoa botatzeko zain. GORKA RUBIO/ ARGAZKIPRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Informatika izugarri aldatu da azken urteetan, eta Interneten aroak etengabe ekartzen ditu komunikatzeko aplikazio berriak eta bizitza errazten dituzten tresnak. Etengabe berrituz doan mundu teknologiko horretan, euskarak ere lortu du lekua egitea. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatikako Ixa ikerlari taldeak posible egiten du euskara sarean egotea. Ixa unibertsitateko ikerkuntza taldeak lan egiten du euskara sarean eta gailuetan erabiltzeko, eta hiztegi elektronikoak, testu bilduma digitalak edota zuzentzaile ortografikoak sortu dituzte, besteak beste. Orain arte egindako lorpenak aurkezteko, Tolosako Laskorain ikastolako ikasleak gonbidatu zituzten atzo, aurtengo Kilometroak bultzatzeko Ahora! astearen barruan.

Ixa taldeko kideen helburua euskaraerabiltzeko onuragarriak izan daitezkeen sistema automatikoak garatzea da, horretarako punta-puntako teknologiez baliatuta. Informatikariak eta hizkuntzalariak elkarlanean ibili dira 25 urtez, eta gaur egun euskaldunen artean ohikoak bilakatu diren lan tresnak sortu dituzte, hala nola Xuxen zuzentzaile ortografikoa. Baina pauso bat aurrera egin dute Ixako ikerlariek, eta euskararen morfologia, sintaxia eta semantika hobeto ulertuko eta interpretatuko dituzten baliabideak ere asmatu dituzte. Horren adibide da Idazlagun, esaldi osoak hizkuntza batetik bestera itzultzeko gai den tresna. Herrialde Katalanetako eta Galiziako informatikariekin batera sortutako baliabidea da, eta jada Google Translator programak baino hobeto funtzionatzen du.

Robot euskaldunak

Euskaraz funtzionatzen duten beste hainbat baliabide sortu ditu Ixak, hala nola OpenTrad itzultzaile automatikoa, Euskal Wordnet, Zientzia eta Teknologiako Corpusa edota sintaktikoki etiketatutako corpusa (EPEC). Etorkizunera begira ere jarri dira ikerlariak, eta Paths, NewsReader, Readers eta OpeNer proiektuak aurrera ateratzeko lanean ari dira. Baina aisialdiarekin lotutako aplikazioetan ere sartu dira, eta, adibidez,sakelakoetan erabiltzen den Angry Words jokoaren euskarazko bertsioa duen aplikazioa egitea lortu dute.

Baina sortutako gailu eta tresna guztien artean, bi robotek bereganatu dute ikasleen arreta: Tartalo robot bertsolaria eta Nao jostailu itxurako robot hiztun eta ibiltaria. Nao-k txundituta utzi ditu ikasleak mahaitik altxatu eta ongietorria eman dienean, eta hitz egiteko, mugitzeko eta gizakien keinuak imitatzeko gai dela erakutsi die aho zabalik begira zeudenei. 2020. urtean robotek gizakien antzeko hizkuntza gaitasunak izango dituztela adierazi ondoren, bi ikasleri Tartalo-rekin bertso saioa egiteko desafioa egin zien Nao-k. Ikasleek saio aparta egin, eta argi utzi zuten Tartalok oraindik asko duela ikasteko, eta, porrota onartuta, agur esan zuen robotak.

Aitzol Astigarraga Ixako ikerlariak azaldu duenez, robot horiek sortzeko helburua gailuei komunikatzen irakastea da. «Tartalo-k eta Nao-k erakusten dute posible dela robotei hizkuntzaren logika erakustea pixkanaka». Ixa taldearen helburua roboten autonomia handitzea eta komunikatzeko gaitasunak garatzea da, ondoren, medikuntzan edota irakaskuntzan lagungarri izateko. «Robotek ikertzen jarraitzeko aukera ematen digute, eta, beharbada, etorkizunean elkarrizketak izateko gai izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.