Martxan hasteko gertu

Gizarte eragileen babesa jaso du 18. Korrikak; aurtegoan, euskara ikasten ari direnak omenduko dituzte, hizkuntza elkarbizitzarako gakoa izango dela nabarmenduz.

Bilbo
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Edurne Brouard Korrikako arduradunak eta Mertxe Mugikak AEK-ko koordinatzaile nagusiak euskara elkarri ematearen premia nabarmendu dute Korrikaren gizarte aurkezpenean, aurtengo Eman euskara elkarri leloari erreferentzia eginez. «Euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar du, elkarri hitz egiteko hizkuntza, elkar entzuteko eta ulertzeko», azaldu zuen atzo iluntzean Bilboko Alondegian egindako ekitaldian Brouardek.

Euskalgintzako lagun ezagun ugari hurreratu ziren ekitaldira. Guztiak daude ados, Korrika benetan hitzordu berezitzat dute. Hala dio Maribi Ugarteburu Bilduko kideak: «Oso sentimendu berezia sortzen da ekimen honen inguruan. Nik ez dut inoiz ere korrika egiten, baina urte birik behin, Korrika herritik igarotzean, hasi eta kilometro bakarra egin beharrean aurrera jarraitzen dut. Hurrengo egunean oinez ibili ezinik egoten naiz». Iritzi berekoa da Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia. Euskaldunontzat oso ekimen berezia dela uste du. «Korrikak herri honek euskaraz bizitzeko duen gogoa erakusten du, ahalik eta lasterren gainera, eta horretarako korrika egin behar badugu, korrika egingo dugu». Aurtengo leloarekin erabat asmatu dutelakoan dago. «Euskal Herrian momentu berezia ari gara bizitzen eta hizkuntzak kohesiorako elementu izan behar du, lelo horrek hori erakusten du, elkarri eman behar diogula euskara».

Euskara ikasleak dira aurtengo omenduak, euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoak baitira. Unai Sordo CCOOko kidea euskara ikaslea izan da. «Euskaldun zaharrak ez garenok hizkuntza ikasi beharra dugu, noski». «Esperientzia ona» izan den arren, oraindik euskara ez duela guztiz menperatzen esan du, dena dela, hurrengo hilabeteetan berriro ekingo diola jakinarazi du. Jendeak euskara ikasteko egiten duen esfortzua baloratzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak. «Euskarak hainbat erronka ditu oraindik, eta ikasleak omentzea oso ideia ona da».

Kirol munduko jendea ere bertaratu zen ekitaldira. Jose Angel Iribar Athleticeko jokalari ohiak Bilbon parte hartzen duela kontatu du. «Athleticek beti izaten du kilometro bat hartuta eta taldeko jokalari batzuekin batera aritzen naiz korrika». Korrikak bi helburu dituela argi utzi du Iribarrek, euskara bultzatzea eta festa, «biak ere oso garrantzitsuak» entrenatzailearentzat.

Murrizketa gogorrak datoz euskara arloan, eta horrek hizkuntzaren egoeran eragina izango du ezinbestean. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politika sailburuordeak ditugun baliabideei «etekina atera» beharko zaiela adierazi du, elkarlanaren beharra nabarmenduz.

Korrika nazioartera zabaltzea gustatuko litzaioke Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariari. «Egitasmo hau eta euskara, suziri bat balitz bezala herriz herri mundu guztira joatea nahiko genuke».

Kilometro guztiak salduta eta Korrika Kulturaleko ekitaldiak oraindik martxan daudela, datorren ostegunean ekingo dio, Andoainen. Hamar eguneko ibilaldiaren ondoren, eta bi mila kilometro inguruko korrikaldia eta gero Baionako kaleetan amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.