Kreditazioen zubian gora

Plaza giroZinemaldiak bere egiten ditu hiriko erdiguneko kaleak egunotan; Kursaala eta Maria Cristina lotzen dituen Urumeako zubia giro bereziaren adierazgarri da.

Kursaala eta Maria Cristina lotzen dituen zubian, lagun talde bat, kreditazioa eta Zinemaldiko poltsak gainean dituztela. XABIER MARTIN.
xabier martin
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Zubian lasai-lasai aurrera doan inor asaldatu egin daiteke bat-batean: «Nik ez dut kreditaziorik lepoan». Maria Cristina hotela, Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia antzokia Kursaalarekin lotzen dituen Urumeako zubia pasatzeko baimenik beharko ote? Zinemaldiak mikrokosmosa osatzen du egunotan, kazetari, epaimahaietako kide, filmetako arduradun, atezain, zerbitzari eta bestelako langileekin. Denek dute kreditazioa, eta gehienek lepoan zintzilik daramate, dela urdina, laranja edo beste kolore batekoa; Zinemaldian badirela inor adierazi nahian ariko ote dira, paseoan gora eta behera, sari hori erakusten? «Begira, erosotasun kontua da», dio Joan Garciak, Bartzelonatik etorritako kazetariak. «Filmetan sartzeko erakutsi behar dugu; Kursaalera sartzeko ere bai; Maria Cristinan elkarrizketa bat baduzu, hobe bistan eramatea. Zertarako kenduko duzu ba? Nik goizean jartzen dut, eta eguna bukatu arte ez dut kentzen».

Kreditatuen erresuma da Kursaal inguruko zubia. Antzoki Zaharreko filma ikusi eta bizi-bizi Kursaal aldera doaz batzuk; prentsaurrekoa ezin dute galdu. Kursaaletik Maria Cristina hotelera besteak, sail ofizialeko lehen filma ikusi ondoren. Elkarrizketa bat hitzarturik dute, seguru. Korrikalariak, bizikleta zaleak eta normalean eremua bere egiten duten beste ohiko oinezkoak bazterturik geratzen dira egunotan. Baina ez dute erraz amore ematen. Justo Albari bost axola glamour-a dagoenetz. Kanaberarekin ari da zubiaren erdian. «Ikusten al duzu poltsa?», galdetu du. Muxar txikiz beterik du. «Groseko arrantzale hoberena naizela esan». Zinemaldia noiz bukatuko zain dago, «lasaiago egoten baita». Baina, bitartean, ez da geratzen. «Erretiroa hartu dudanetik, egunero etortzen naiz; etxean ez dugu arrainik falta».

Poltsak eta argitalpenak

Haren bizkarrean gertatzen ari den horrek ez du merezi arrantzalearen arreta. Ez du ikusi ETBko aurkezle ezagunenetako bat bere kreditazioarekin zubian gora joaten. Zinemaldirako kreditaturik dauden 1.073 kazetarietako bat baino ez da, izan ere. Soka urdin eta laranja gehitxo daude. Noiznahi ikusten ditu euren argazkitxoa paparrean daramaten rara avis horiek. Erraza da oso: kazetariez gain, beste 1.800 pertsona daude kreditazioarekin —filmekin, ekoiztetxeekin edo bestelako elkarteekin dute lotura—.

Kreditazioa dutenek beste bereizgarri batzuk ere badituzte aldean sarritan. Zubian aurrera doaz Zinemaldiak argitaratzen duen egunkaritxoarekin. Zinemaldiaren poltsaren jabe direla argi ikus daiteke, era berean. Eta, taldeka doazenean, ikusi berri duten filmaren bertute eta akatsez dihardute, intelektualei dagokien moduan. Kinielak ez dira falta, are gehiago palmaresa gaur ezagutzera emango dutela jakinda.

Luma zorrozten ariko den kritikari ezagun bat azkar pasa da Bulebar aldera. Madrilen argitaratzen den egunkari batean dihardu, eta beteranoa da oso Zinemaldian. Ez du lepoan sokarik. Ez darama poltsarik; eta are gutxiago Zinemaldiaren argitalpenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.