Komunikazioa

ETBk Gabonetako saioak kantuz eta umorez bete ditu 30. urteurrenean

ETB2n zinemari tarte zabala eskainiko diote; ETB1en, telebistaren ibilbidea gogoratuko dute, musika lagun

EITBko arduradunak, aktoreak eta aurkezleak, atzo, Donostian, Gabonetako saioen aurkezpenean. GORKA RUBIO /ARP.
Donostia
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urteko ibilbidea bete ostean, EITB taldearentzat aurtengo Gabonek xarma berezia dutela aitortu du Alberto Surio zuzendari nagusiak. Bart aurkeztu zuten ETBko Gabonetako programazio berezia, Miramonen. Ohi bezala, musika eta umorea izango dira programazioaren ardatza. Bi hitzetan: festa giroa.

Atarikotzat, San Tomas egunean Bilboko eta Donostiako azokekin bat egingo du ETB1ek, bertako giroa jasotzeko. Abenduaren 23an, Olentzeroren etorrera emango dute Bilbotik; zuzenean ETB3 katean eta, geroago, ETB1n. Iluntzean Lain estreinatuko dute ETB2n, Aitor Luna aktorea protagonista duen fikziozko telesail laburra. Gabonetako sorpresetako bat Mikel Elizegiren eskutik iritsiko da. Erne! Demonio lehiaketa saioa aurkeztuko du eta, lehiakideak, kalean topatzen dituen lagunak izango dira.

'Atsuen' Gabonetako mezua

Abenduaren 24an, Maikrux eta Marikarmen Kontuz, Atsuak! saioko protagonistek, Gabonetako mezua irakurriko diote Euskal Herriari. Jarraian, musikak hartuko du lekukoa ETB1n, Euskal kantuen gaua saioarekin. Kike Amonarriz eta Itzier Atienzaren eskutik, zenbait euskal abestia kantatuko dituzte pertsona ezagunek. Gonbidatuz beteko da platoa, besteak beste, pilotariak, arraunlariak, sukaldariak, aktoreak, irratiko aurkezleak eta abar.

Bitartean, ETB2n, Oscar Terolen eskutik etorriko da Al rescate: El efecto berberecho umorezko saioa. Eguberri egunean, Sortuko dira besteak musika jaialdia eskainiko du ETB1ek. Abenduaren 27an, ETB2n, Gente seria saioa estreinatuko dute. Bertan, bakarrizketan ikusiko ditugu hainbat pertsonaia ezagun. Euskarazko bertsioa ere izango du saioak, Kike Amonarrizek gidatuta. Urtarrilaren 2an izanen da ikusgai Esatea be!. Eta barre algaretatik, fikziora; zinema izango baita beste protagonista. El intercambio, No controles, Invictus, El valiente Despereaux eta Krabat dira gaztelerazko katean aurrenekoz eskainiko dituzten filmeetako batzuk. Euskaraz, bat eta bakarra: Urte berri on, amona. Urteko lehen egunean emango dute Telmo Esnalek zuzendutako komedia beltza. Etxetik mugitu gabe gozatu ahalko dute ikus-entzuleek Euskal Herriko inguruneaz eta faunaz ere, Ama Lurra: elurpeko bizi dokumentalarekin. Urtarrilaren 3an ikusgai. Horretaz gain, etxeko txikienentzat ETB3n programazio berezia eta, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen agurreko emanaldia eskainiko dituzte.

Aspaldiko kanpai hotsak

Atsuek agerraldi oso garrantzitsuak izanen dituzte aurten, kanpaiak aurkezteko ardura ere eurena izanen baita. Arantzazutik abiatuko dira autobusez eta, Peio Zabala eta Julian Iantziren laguntzarekin, hainbat pertsonaia ezagun jasoko dituzte Bilboko egoitzara bidean. Ostean, 30. urteurreneko jai handia izango da Gaztea Irratiko esatarien eskutik. ETB2n, El Pelanas eta El Jonan pertsonaiek eta, Africa Baeta aurkezleak emango diote amaiera urteari. Aurretik Vaya Semanita-ko denboraldi guztietako aktoreak bilduko dituen saio berezia izanen da ikusgai.

Urte berriari konfeti artean ongi etorria egin aurretik, ordea, atzera begiratu nahi izan du ETBk; 1982az geroztiko bidean izan dituen argi eta ilunak gogora ekarriko dituzte abestien bidez. Hala, abenduaren 22an, 30 urte kantuan saio musikala estreinatuko dute. Sei atal izango ditu eta Joseina Etxeberriak aurkeztuko du. Larunbatero ETBren sorreran eta garapenean zer esana izan duten gonbidatu bereziekin solastuko dira. Errege egunean ETB2ra reality ezagun bat itzuliko da: El conquistador del fin del mundo. Berrikuntzak ere ekarriko ditu 2013 urteak:Vaya semanita-ko Nekane Amaya ijito abertzalea protagonista izango duen film luzea aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.