Bost begirada hezkuntzari (I). Hizkuntza. Iritzia

Korapiloak Nafarroan

Aitor Etxarte Berezibar
2013ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroa Garaian derrigorrezko irakaskuntzan orain arte ezagutu ditugun hizkuntza ereduen bizitza zalantzan dago. Jakina denez, Euskadiko erkidegotik zuzenean ekarritakoak izan ziren ezagunak diren A, B, eta D ereduak. Urte hauetan Nafarroako eragileek eduki dituzten joera anitzen artean bi nabarmendu behar dira. Alde batetik, izan diren gobernuetatik Vascuenceren Legearen (1986) interpretaziorik mugatuena egin dute, euskarazko irakaskuntza publikoa lurraldearen eremu batzuetara mugatuz (eremu euskalduna: lurraldearen iparra; eremu mistoa: Iruñerria bereziki); eta, beste aldetik, euskaltzale aktiboek tokian tokiko proiektuak bultzatu dituzte, eta ikastetxe euskaldunen sarea handitu.

Egungo egoeraren argazkiak, 2011-12ko azken datu ofizialak erabiliz, honako hau erakusten digu derrigorrezko irakaskuntzarako: Nafarroan sare publikoa nagusi da, azken urteetako joera mantenduz (ikasleen %64,2; nabarmen gutxiago Iruñerrian, %54,3); G eredua ohikoena da, eta beheranzko joera du (osotara ikasleen %55,25; azken urtean, %39,14 bakarrik Haur Hezkuntzan); D ereduaren datuak izoztu dira (ikasleen %23,65 lurralde osorako); A eredua itzaltzen doa, eremu ez-euskaldunean bereziki (egun, ikasleen %15,14; kasu askotan ingeles indartuaren mesedean), Programa eleaniztunak deitzen dituztenek (TIL-G, TIL-A,..), hau da, ingelesa indartua dutenek, gorantz egin dute (orotara ikasleen %5,74, baina Haur Hezkuntzako %18,25) eta B eredua guztiz anekdotikoa da (%0,22). Zenbaki saltsa horrekin bukatzeko, adierazi behar da sare publikoa euskarazko D ereduaren irakaskuntzaren sustatzaile nagusia dela (ikasleen %74tik gora).

Oraingo argazki honek norantz egingo duen asmatzea ez da kontu erraza. Hezkuntza Departamentuak garbi adierazi du orain arteko ereduen eskolatzea bukatu nahi duela, ereduen gainetik programa berriak bultzatuko dituela ingelesa indartzeko asmoz (CLIL bezala ezagutzen direnak, hau da, edukiak eta ama hizkuntza ez direnak lotuz). Egitasmoak abiadura handiz gauzatzen hasi dira sare publikoan eta, bereziki, orain arte G eredu izan direnetan, matrikulazioaren beheranzko joerari aurre egin nahian eta A ereduaren kalterako. Hezkuntza Departamentuak, euskara ardatz nagusia duen D ereduko ikastetxe publikoetan, eredua bera isilarazi eta susmagarri jartzeaz aparte, urteetako egitasmoak desagertu edo minimizatu ditu (ikasleen egonaldiak euskaraz, idazle edo sortzaileekin topaketak, bertsolaritza eskola…), ingelesa areagotzeko programak eskaintzen dituen bitartean.

Errealitate berri horien aurrean euskalgintzan zalantzak dira nagusi. Arazoen zerrenda ez da makala. Legez dugun lurraldearen banaketa linguistiko diskriminatzailea etorkizunean zorrotz mantenduko den ez dago jakiterik; ingelesaren indartzea, euskaltzale batzuek berez aurkako sentitzen dutena, geldiezina da; hizkuntz ereduen araberako orain arteko ikasleen bereizketak korapilo anitz sortzen ditu; azken urteetan euskarazko sare publikoak sendotze aldera egin dituen urratsak ez dira nahikoak; hizkuntza trataera bateratuaren paradigmaren inguruan esperientzia isolatuak dira gurean, eta dinamismo profesional eskasa antzematen da; derrigorrezko irakaskuntzatik kanpo euskalgintza ahula da, eta beste eragileen ekarpenak maila berekoak dira. Eta hori guztia mugikortasun gutxi duen testuinguru soziolinguistiko eta politikoan txertatu behar da.

Garai nahasietan bizi gara. Korapiloak askatzeko inoiz baino sortzaileago eta kementsuagoak izateko erronka eta ardura dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.