David Palanca. Albaitaria

«Independentzia Gerran zabaldu zen patata, frantziar soldaduei jaten ikusita»

Elizak emandako ospe txarraren eraginez eta gaixotasunak ekartzen zituela pentsatuta, animaliek eta txiroek jaten zuten soilik patata hasieran. Denborarekin, elikaduraren parte bilakatu zen.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Zaila da patatarik gabeko elikadura irudikatzea, baina hain atzera ere ez da joan behar horretarako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patataren historiari buruzko tesia egin du David Palancak EHUn (Villafale, Espainia, 1952). Albaitaria izateaz gain, Gernika eta Lea-Artibaiko osasun publikoko eskualdeko koordinatzailea da.

Nondik sartu zen patata?

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bidez iritsi zen. Lehendabiziko sozietate ekonomikoa izan zen elkartea, eta, nekazaritza sustatzeko asmoarekin, Britainia Handitik eta Irlandatik patata ekartzea erabaki zuten kideek. Hiru herrialdeetan erein zuten, 1773. urtearen inguruan, eta ezagutzera ematen hasi ziren.

Noiz hasi zen hedatzen?

Denbora behar izan zuen zabaltzeko. Bizkaian eta Gipuzkoan baino lehenago errotu zen Araban. 1800erako hamarrena kobratzen zuten eskualde horretako herririk gehienetan, Arabako Errioxan salbu. Elizari ematen zitzaion zerga zen hamarrena; ekoizpenaren etekinen hamarrena eskatzen zieten nekazariei, fruitu berria sartu eta hiru-lau urtetara. Horrek esan nahi du 1800erako bazirela urte batzuk ekoizten hasi zirela.

Lehendabiziko urteetan ez zuen arrakasta handirik lortu, ordea.

Patata janez gero gaixotu egingo zirela pentsatzen zuten. Oso ospe txarra zuen. Hamarrena zerga kobratzeko uzta bildu behar zen garaian, apaizek, soroetara joan, eta ekoizpenaren kalkulua egiten zuten. Garia, garagarra, oloa eta artoa erraz ikusten zituzten, baina patata lur azpian hazten da, eta nekazarientzat errazagoa zen iruzurra egitea. Dirua galtzen zutela ikusita, patatak gaixotasunak ekartzen zituela esaten hasi ziren Eliza eta goi noblezia.

Nork jaten zuen?

Hasiera hartan, esperimentu gisa erabili zuten patata, eta animaliei ematen zitzaien. Baita eskaleei, ospitaleetako eta eroetxeetako gaixoei eta jornaleroei ere. Lurrik eta lanik gabe zeuden nekazariak ziren jornaleroak. Jateko ezer ez zuten pertsonak. Elkarteak berak gomendatzen zuen ahal izanez gero jende txiroari bakarrik eskaintzeko patata.

Noiz aldatu zen egoera?

1814an. Independentzia Gerran zabaldu zen patata, frantziar tropako soldaduei jaten ikusita. Soroetatik lapurtzen zituzten, eta ohartu ziren soldaduei ez zitzaiela ezertxo ere pasatzen; bizirik jarraitzen zutela. Frantziarrek ia mendea zeramaten kontsumitzen. Bitxia da. Espainiarrek ekarri zuten patata Kanariar Uharteetatik barrena, baina inguruko herrialdeetan hedatu zen Espainian baino lehenago.

Gosete handiak egongo ziren bada orduan.

Urtero izaten ziren goseteak, eskualde batean ez bazen, bestean.Arabako herri osoek migratzen zuten jateko ez zutelako ezer. Nekazaritza eguraldiaren menpe zegoen erabat. Araban lehorreko laboreak ziren nagusi; zerealari begira bakarrik bizi ziren, eta eguraldiak laguntzen ez bazuen, ez zegoen ezer. Bizkaia eta Gipuzkoa euritsuagoak ziren, eta horrek beste produktu batzuk ekoizteko aukera ematen zuen: artoa, adibidez. Arrantza egiten zuten, eta errege koroarentzat itsasontziak egiteko ontziolak zeuden.

Zein zen garai hartako elikadura?

Bizkaian eta Gipuzkoan, arto eta gari ogia, urdaia eta gaztainak jaten zituzten, batez ere, eta txakolina eta sagardoa edaten zuten. Araban, zekale eta oloarekin egiten zuten ogia. Jaiegunetan, ardoa eta urdaia izaten zuten. Elikagai urritasuna zegoen. Independentzia Gerraren ondoren, patata ogia ekoizten hasi ziren.

Medikuntzan ere erabili zen.

Erredurak sendatzeko eta koleraren eta eskorbutoren aurka gomendatzen zuten. Itsas gizonei begira, batez ere. Azala leuntzeko hautsak egiten zituzten.

1860an amaitu duzu ikerketa. Zergatik?

Urte horretan, hiru eskualdetan ekoizten ari ziren elikagai guztien inguruko galdeketa egin zen. Ordurako, Bizkaian eta Gipuzkoan ia lurralde osoan zegoen zabalduta. Durango ingurua eta Tolosa aldea ziren salbuespenak. Araban, ekoizpena oso altua zen, Arabako Errioxan kenduta.

Daturen batek harritu al zaitu bereziki?

Benito Perez Galdos idazle kanariarrak Episodios nacionales bilduman aipatzen zuen patata.Euskal Herriko Gerra karlistetan kontsumitzen zela idatzi zuen, 1833rako. Arabatik gertu dagoen Nafarroako Zuñiga herria aipatzen du. Nobelak dira, baina ongi dokumentatuta daude. Horrez gain, Araban Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Gasteizen sartu zuen patata, baina hango lursailen jarraipenaren aztarnarik ez dago. Zuian eta Agurainen zegoen beste eremu bat. Ez dut inon aurkitu, hala ere, elkarteari erreferentzia egiten dion agiririk han. Nola iritsi zen inguru horretara patata elkartearen bidez ez bazen? Ez dakit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.