Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka. Hitzen ahairez

Zoriontsuak izateko

Gotzon Barandiaran Arteaga.
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Lehen eguna iragan ostean, komunikabideek Azokari buruz idatzi dituztenak irakurri eta krisi berba nabarmentzen dela irakurtzeak Azoka nork bere erara bizi duela erakusten digu. Atzoko goiza apala izan zela diogu. Zeri deritzogu apala? Zergatik erreparatzen diogu beti ilargiaren alde ilunari? Noiz utziko diogu dena kopuruen, zenbakien arabera neurtzeari? Sukaldaritzarekin batera, ekonomia izango ote dugu aurrerantzean egunkarietako kultura ataletako lehen orrialdeko protagonista? Ezen ekonomiaz aritu behar badugu kulturari eskaintzen dizkiogun orrialde apurrotan, egin dezagun berba erdalgintzarako inbertitzen diren diru publikoez, sortzaileek plazaratutako lanengatik jasotzen ditugun papurrez edo zergatik jotzen duten autoekoizpenera hamabost hogei urtean kantuak etenbarik sortzen ari direnek. Kultura ere ekonomiaren azorripean zigortu behar badugu, azaleratu ditzagun egia guztiak. Argitaratu ditzagun zenbakiak, gordin. Hori da gura duguna? Goizeko hamar eta erdietan hasita ordu erdiro idazleak eta musikariak ditugu Ahotsenean euren proposamenak bertatik bertara entzule literaturazale musikazale kulturazaleei aurkezten. Literaturaz berbetan eta musika zuzenean entzuten ari gara. Erakustokietan dauden liburu eta disko guztiak denboraz esku zein begiartean erabiltzeko egunak beharko genituzke. Atzo Kerobiak Plateruena kafe antzokian eskainitako emanaldian hirurehun lagunetik gora bildu ziren eran bilduko dira beste horrenbeste abenduaren 8ra bitarteko gauetan. Egunotan Azokara hurreratzen denak inposatzeaz gain egunero zamatzen diguten krisiaz ahaztu eta euskal kulturak eskaintzeko daukanaren lagin sano adierazgarriaz jabetzeko aukera dauka. Bertan eskura ditugun edukiek hausnarrerako, kanturako, dantzarako, lagunarte ederrean mundua konpontzeko eta bizipozerako estakurua damaigute. Zer behar dugu, ba, zoriontsuak izateko? Itoginez betea dugun teilatua konpontzeko ahaleginetan ari garen egunotan geure eskuetako harriak soberan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.